ERREFUXIATUEN KRISIA. ANALISIA

Elkartasuna, ate-joka

Berria, , 04-09-2015

Nafarroako Gobernuak keinu sendo bat egin du errefuxiatuen aferan: Ekialde Hurbiletik ihesi doazenak laguntzeko prest agertu da, eta eskuzabaltasuna politikaren bandera ere izan daitekeela agerian utzi du.

Nafarroak aitortu du errefuxiatuak jasotzeko eskuduntza Espainiarena dela, baina ez dago ados Rajoyren gobernuak ezarritako irizpideekin. Izan ere, 2.739 errefuxiatu baino ez ditu jaso nahi, Bruselak jarri dion langatik behera. Kopuru hori, gainera, igo egin nahi du Europako Batasunak, oraingo beharrak handiagoak baitira. Maiatzean estatuei 40.000 jasotzeko eskatu bazien ere, orain 120.000ra igo nahi du.

Ekialde Hurbileko gatazkak gainditu ditu hango mugak, eta ondorioak pairatzen hasi da Europa. Ez dago horretara ohituta. Izan ere, askotan gatazketan esku hartze aktiboa izaten badu ere —Sirian bertan ardura handia du Al Assaden gobernuaren aurka piztutako gerran— ez baita ohikoa bere lur eremuan liskarren ondorioak jasotzea. Siriako gatazkaren larritasunak gainditu egin ditu bere aurreikuspenak, eta ondorio humanitario eta sozialak bere atarira iritsi dira, ez ikusiarena egiten jarraitzea ezinezko bihurtzeraino.

Nafarroak jarraipena eman dio hainbat udalek azaldu duten ildo solidarioari, eta jarrera horrek agerian utzi du Espainiako Gobernuaren zuhurkeria. Presio horrek mugitzera behartuko du, oso agerian geratu baino lehen.

Ildo horretan, Jaurlaritzaren keinu azkar baten falta sumatzen da. Oraingoz, Espainiak eta Bruselak esango dutenaren zain egon behar dela adierazi, eta gaia aztertzeko lantalde bat eratu du. Bitartean, baina, erabaki zehatzak ez hartzea gero eta ulergaitzagoa da. Jarrera horrek ez baitu laguntzen Rajoyren gobernuaren bakardade politikoa agerian uzten; eta, bestalde, ez baititu kitatzen herri honen iraganarekiko zorrak. Gogoratu behar baita, besteak beste, 1936ko gerraren ondorioz milaka euskal herritar joan zirela mundura babes bila. Haietako asko —dozenaka mila— umeak ziren, egunotan Europaren kontzientzia inarrosi duen Aylan Kurdi haur kurdua bezala.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)