Darponek ontzat jo du migranteei osasun arreta itzultzeko asmoa

Espainiako Gobernuak papergabeen errolda egitea proposatu du, zerbitzua berreskura dezaten

Berria, Jon Rejado, 27-08-2015

«Ongi etorriak izan daitezela konbertituak». Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak positibotzat jo du Espainiako Osasun Ministerioaren azken albistea; migranteei osasun zerbitzuak itzultzeko asmoa, hain zuzen ere. Nolanahi ere, Darponek «zalantzan» jarri du albistea, 2012an migrante papergabeak osasun sistematik atera zituen gobernuak berak proposatua delako, «hauteskundeetarako hiru hilabete falta direla».

Espainiako Osasun ministro Alfonso Alonsok irailaren 2an emango ditu aldaketen berri, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan. Dena dela, iragarriak ditu erkidegoetako osasun arduradunei proposatuko dizkien zenbait neurri. Alonsok argitu du, besteak beste, ez diela osasun txartelik emango migranteei osasun sistemarako sarbide gisa. Horren ordez, erregistro bat abiaraziko du, non izena eman beharko baituten lehen arretara jo nahi dutenek. Proposamen horrek kritikak piztu ditu oposizioko alderdietan, baita sendagileen elkarteetan ere.

Erkidegoekin eztabaidatzen hasi aurretik, «osasun turismoari mugak» jartzeko premia dagoela gaineratu du Alonsok: «Konponbide serio eta hitzartua lortu nahi dugu; erkidegoek ematen duten osasun arreta bateratu, eta kontrol bat ezarri». Gogorarazi behar da, horrez gainera, zenbait erkidegok uko egin ziotela, hasiera-hasieratik, Espainiako Gobernuaren agindua betetzeari; hauteskundeak gerturatu ahala, ostera, migranteei osasun arreta eskaintzeko neurriak abiarazteko asmoa agertu dute beste zenbait erkidegok.

Jon Darponek oroitarazi du Alonsok proposatutako konponbidea Espainiako Gobernuak berak 2012. urtean sortutako arazo bati dagokiola. «Poztekoa da zuzenketa, baina ez dezala txalorik espero gure partetik». Halaber, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu ziela Eusko Jaurlaritzaren osasun arreta bermatzeko ekinbide guztiei.

Osasun kosturik ez

Bestetik, Darponek gezurtatu egin du migrante papergabeek «osasun turismoa» egiten dutenik. «Pertsona gazteak dira, batez ere, lan egitera etorri direnak». Osasun sistemaren kostua beste leku batzuetatik datorrela azaldu du: «Osasun zentro onak ditugu: prestatutako langileak, eta teknologia garestiak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)