Immigrazioa

Gutxienez 40 pertsona hil dira itota Europara sartzeko ahaleginean

Berria, Arantxa Elizegi, 15-08-2015

Ontziak 400 etorkin zeramatzan, eta hildakoak sotoan zihoazen. Greziako kostazainek beste 212 pertsona atzeman dituzte Kos uhartetik gertu. Urtea hasi zenetik 240.000 pertsona ahalegindu dira Mediterraneoa zeharkatuz Europara sartzen, horietatik 2.300 inguru hil egin dira. Libiako kostaldetik gertu aurkitu dute ontzia. Ez zegoen nahikoa tokirik zeramatzan 400 etorkinentzako, eta horrek eragin du ezbeharra. Izan ere, 40 pertsona hil egin dira oxigeno ezagatik. Sotoan zihoazen. Italiako Itsas Armadak itsasontzia aurkitu duenerako beranduegi zen. Hala ere, 320 lagun erreskatatzea lortu dute.
Ez da hau aste honetako ezbehar bakarra izan. Joan den asteazkenean 50 etorkin zeramatzan beste ontzi bat atzeman zuten Libiako kostaldean. Ontzian zihoazenen arabera, itsasoratu zirenean ehun inguru ziren.
Greziara ere etorkinak heltzen jarraitzen dute. Gaur 200dik gora lagun zeramatzaten bost ontzi atzeman dituzte kostazainek Kos uhartetik gertu. Porturatu eta berehala atxilotu egin dituzte guztiak, paperik gabe sartu direlako.
Azken egunetan enfrentamenduak izan dira etorkinen eta Poliziaren artean. Izan ere, oso baldintza txarretan daude Europara sartzeko dokumentuan zain dauden ehunka etorkinak. Jende guztia aterpetxeko toki egokirik ez dutenez, Greziako Gobernuak futbol zelai bat egokitu du Kosen. Migrantean, ordea, kexu dira ez dutelako nahiko janaririk denentzat.
Erantzun bateraturik ez
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, urtea hasi zenetik 237.000 pertsona ahalegindu dira Europara sartzen, eta horietatik 2.000 inguru bidean hil dira. Siria, Afganistan eta Eritreakoak dira gehienak.
Bruselak dagoeneko ohartarazi du II. Mundu Gerraz geroztik piztutako “errefuxiatu krisirik okerrena” dela egungoa. Krisiari erantzun bateratua eskaintzeko gai ez da izan, ordea, Europako Batasuna. Italiaren eta Greziaren —horiek dira errefuxiatu gehien jasotzen dituztenak— laguntza eskeren aurrean konpromiso zehatzak hartzeari uko egin diete EBko estatuek. Aldiz, mugetako zaintza zorroztea adostu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)