udal ETA FORU HAUTESKUNDEen ondorena

Marotoren "konpromiso etikoa" sinetsi ez, eta hura kentzeko eskea berretsi dute

Berria, , 10-06-2015

Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeko dagoen “presio sozialaren gainean” EAJk eta EH Bilduk analisia partekatzen dutela esan du Miren Larrion EH Bilduren zerrendaburuak. EAJk ez dio argitu PSEri Gasteizko alkatetzarako Urtaranen hautagaitza aurkeztuko duen. Ekainaren 2an, hemezortzi lagunek bat egin zuten Javier Maroto popularra Gasteizko alkate izan ez dadin egindako eskariarekin. Jose Angel Cuerda, Blanca Urgell, Joseba Azkarraga eta Juanito Oiarzabal daude sinatzaileen artean, alor askotako hainbat lagunekin batera. Sei egun geroago, arrazakeriaren kontrako “konpromiso etikoa” azaldu zuen Marotok.
Ordea, konpromiso horri ez diote sinesgarritasunik eman hura alkatetzatik kentzeko eskatu zuten hemezortzi lagunek, eta eskari hori berretsi dute. Horien ustez, soilik akordio politikoak ahalbidetzeko asmoz adierazi zuen Marotok engaiamendu hori: “Ez da egiazko jarrera aldaketa bat”.
EH Bildu – EAJ bilera
Javier Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeko dagoen “presio sozialaren gainean” EAJk eta EH Bilduk analisia “partekatzen” dutela adierazi du Miren Larrion EH Bilduko zerrendaburuak. Bi alderdien arteko bilera egin ostean egin ditu adierazpen horiek Larrionek. Bere esanetan, aukera guztiek irekita segitzen dute Gasteizko Udalean.
EH Bilduk esan du lanean jarraituko duela gobernu alternatiboa eratzeko. Gaur batzarra egingo du koalizioak gaia aztertzeko.
Javier Marotoren PP alderdiak 9 zinegotzi lortu zituen joan den hauteskundeetan, eta ikusteke dago oposizioko alderdiek bat egin eta alkatetzatik kenduko ote duten eta, nor izango den alkate.
EAJPSE, arratsean
Bestalde, arratsaldean batzartu dira EAJko Araba Buru Batzarreko kideak eta PSE – EEko Arabako ordezkariak, diputazioan eta udaletan gobernuak osatzeko aukeraren inguruan hitz egiteko. Cristina Gonzalez PSEko Arabako zerrendaburuak adierazi du EAJk ez diola jakinarazi Gorka Urtaranen hautagaitza aurkeztuko duen Gasteizko alkatetzarako.
Bi alderdien arteko “adosguneak eta desadostasunak” izan dituzte hizpide bileran, baina aitortu du “aurrerapausoak” eman dituztela programari dagokionez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)