Mugaldean

Berria, Danele Sarriugarte, 24-04-2015

Erantzunik gabeko zutabe bat duzu hau, areago dena kezka eta deserosotasun, eskalpeloz zulatutako iritzi baino.

Nork zeharkatzen dituen, zer norabidetan, zer garraio-modu erabilita, mugak hainbat modutan defini daitezke, izan daitezke jakin-min kitzikagarri edo itxaropen bakar eta izan daitezke, bizitza bizigarriago bat lortzeko ahaleginean, heriotzarako bide. Pasatu nahi dituztenek zeri esaten dioten beraien ondasun guztia.

Zaila da mugalde horiei bizkarra ematea irratiak berria dakarrenean, 400 lagun hil direla Italiako itsasertzerako bidaia latzean; Youtubeko bideo batek dakarrenean irudia, metalezko hesi bati estu lotzen zaion giza gorputz bat, tiroz, ukabilez, eraginkor izan daitekeen edozein moduz kanporatua izaten; egunkariak ostera dakarrenean hainbat 700 lagun ito bide direla Libiatik Europarako bidean, ontzia hondoratuta.

Baina batez ere ondotxo dakigunean mugaldea pasatuta ere, marra baldintza jakin horietan zeharkatzen duenarentzat odisea ez dela hasten baino, Ane Irazabal kazetariaren lanari esker ikusi dugun bezala Catanian hesiekin egiten dutela topo trabesian bizirik iraun duten asko, espetxean bezala sentitzen direla harrera-esparruetan. Edo, iparrerago etorrita, diskoak edo lepokoak edo linterna txikiak erosten dizkiegula guk geuk akaso, tartean behin ohiko tabernan edo kalean, lagungarri gerta gaitezkeela sinetsi nahian baina jakinda salerosketa horren erroari, saltzaile hori eta ni neu toki berean egotearen arrazoiari ez diogula inondik inora betean heltzen. Muturrekoenera etorrita, urdeari arrisku apalagoa zekarkiolako Ada eta Jenny akabatzeak, berton jaiotako bat hiltzeak baino.

Etengabe tarratatzen zaizkigun adabakiak, ondotxo dakigunean, indarrean den eredu sozial-politiko-ekonomikoan, gure bizitza zertxobait bizigarriek bestetzuen miseria gorria dutela ezinbesteko oinarri.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)