Zepo arinagoa etorkinentzat

Paperik gabeko milaka immigrante dauzkate itxita Greziako atxikitze zentroetan, egoera gogorrean. Neurriak leunduko ditu Syrizak.

Berria, Oihan Vitoria, 25-02-2015

Zulo sakon bat dira Greziara iristen diren etorkinentzat. Aldean dokumentazio aproposik ez badute, atxilotu eta hara igortzen dituzte. Espetxeak dirudite. Metalezko hesiz inguratuta, ezertarako aukerarik ez dute han. Egoera lazgarrian bizi dira, estu: jatekorik eta ur berorik gabe, higiene arazoekin, arratoi artean… Gosea. Hotza. Eta ezinegona, ia erabatekoa. Linbo batean bezala daude: ez dakite zer gertatuko zaien, askatuko dituzten, sortu diren herrialdera bidaliko dituzten, noiz arte egon beharko duten itxita… Kontzentrazio esparruekin alderatu ohi dituzte, eta kartzela ugari baino militarizatuago daudela ere badiote. Greziako atxikitze zentroak dira. Amygdaleza da horietako bat; Greziako Guantanamo ere esaten diote. Atenastik 25 kilometrora, 1.110 immigrante daude hor giltzapean. Ez luzarorako, aldiz; Alexis Tsiprasen gobernuak «ehun egun barru» zigilatuko du zentroa, hauteskunde kanpainan hitzemandakoari bide emanda.

Grezian aski ezaguna da zentro horien errealitatea. Orotara, horrelako bost daude herrialde osoan: Amygdaleza, Komotini, Fylakio, Corinth eta Pagani. Greziatik kanporatu aitzineko geltoki dira paperik gabeko milaka eta milaka immigranterentzat. Gaur-gaurkoz, 4.500 baino gehiago dauzkate atxikita; Pakistan, Bangladesh, Afganistan, Irak eta Afrikatik joanak dira gehienak. Urte eta erditik gora igaro dezakete hor. Hala erabaki zuen 2012an Antonis Samaras orduko lehen ministroak. Karrikak etorkinez «garbitzeko» hartu zuen neurria. Syrizak, nolanahi ere, aurki indargabetuko du.

Aurrerantzean, harrera toki

Giza eskubideen aldeko eta arrazakeriaren aurkako elkarteek usu gaitzetsi dituzte atxikitze zentroetako bizi-baldintzak. Azpiegitura eskasak, muturreko neurriak, torturak… Hamaika gose greba egin dituzte etorkinek egoera salatzeko. Bada, ordea, amore eman duenik. Zenbaitzuek suizidio saioak egin dituzte; pakistandar batek, esaterako, bere burua hil zuen joan den astean Amygdalezan. Hara joan zen Gianis Panusis Barne ministrordea. «Sinetsi ezinda nago. Lotsa sentitu dut. Bizkor irauli behar dugu egoera», adierazi zuen bisitaren amaieran.

Muturrekoa da egoera, eta Syrizak, hain justu, hori amaitu nahi du. Paperik gabeei «duintasuna bueltatzea» da gobernuaren lehentasuna. Hasteko, adingabeak lagako ditu aske; gero, bizitoki baimena eskatu dutenak; eta azkenik, hemezortzi hilabete baino gehiago atxikita daramatenak. Ez da Tsiprasek iragarri duen neurri bakarra: atxikitze zentroak harrera toki bihurtuko ditu. Orobat, Grezian jaiotako haur guztiei emango die herritartasuna, «baldintzarik gabe»; immigranteen seme-alabei ere bai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)