Melilla

Berria, Idurre Eskisabel, 24-10-2014

Trenean egokitu gara aspaldi-aspaldi ikusi gabeko laguna eta biok. Datu basea eguneratzeari ekin diogu: lantokia, bizilekua, egoera afektiboa, haur kopurua, hurrenez hurren. Adin berekoak ditugu umeak, eta, beraz, guraso entusiasten jardunera lerratu gara: txikien pasadizo barregarriak aurrena, buruhausteak gero.

Pozez ohartu gara sintonia bertsuan gaudela: haurrei eskaintzen diegun hezkuntza murriztaile eta lehiakorrak arduratzen gaitu, jendea jendearentzako otso den mundurako prestatu beharrak, beste balio eta aukera batzuk helarazteko zailtasunak. Pozez jabetu gara senidetuta segitzen dugula gaztetako ikuspegi kritiko eta sen eraldatzailean.

Halaxe sentimendu osoz errepasatu ditugu krisiarenak, eta sistemaren gainbehera, oro har. Egunotako irudi bat ekarri dugu bereziki gure solas iraultzailera: migratzaile beltzak Melillako hesian zintzilik eta aberaskeriaren goia jotzen duen golf zelaia soraio haien oinetan: belardia leun, zuloak zehatz, jendea zuri. Mingain gillotinatzailez aritu gara: nazkagarria, lizuna, kapitalismoaren egiturazko indarkeria…

Bitartean, segurtasun zaindariek migratzaile errumaniarra bota dute trenetik, txakurrekin ere ibiltzen ez den jarreraz: txatarrez beteriko gurditxotik ateratzen diren alanbre puntak arriskutsuak omen bidaiarientzat.

Ez ikusiarena egin dugu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)