Zirrikituetatik begira

Marotoren sinadurak

Deia, Rikardo. Arregi, 15-10-2014

JAVIER Marotok udal hauteskunde kanpainarako lanean segitzen du nekaezin, geldiezin, bere betiko obsesioarekin: atzerritarrak, magrebiarrak batez ere, herritarron bizkarretik bizi dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE, vulgo, irakur bedi, gaztelaniaz, RGI) izena duen deabruzko asmakizun horri esker. Marotok sinadura bilketari ekingo dio diru hori kobratzeko behar diren baldintzak Legebiltzarrean alda ditzaten. Oraingoz ez dut oso argi sinadura bilketa arrunta izango den ala Herri Ekimen Legegilea abian jarriko duen, horrelako ekimenak berarekin dakartzan zailtasun guztiekin: sinadura kopuru gutxienekoa (30.000), sinadura egiaztatuak eta abar. Berak ere ez du jakingo zer egin nahi duen, ez bada zarata gehiago atera.

Badirudi Marotori ez zaiola nahikoa iruditzen Legebiltzarrean eserleku bat izatea eta, beraz, legeak proposatu edo aldatzeko duen ahalmena gutxiesten duela, kontuan harturik, gainera, ez dagoela bakarrik Legebiltzarrean, talde baten babesa, PPrena, baitu han. Taldean ez diote kasurik egiten? Bitxiak dira Euskal Herrian politikaren bideak, gauza asko ikusi dugu, baina legebiltzarkide bat, bere kabuz, Herri Ekimen Legegilea abian jartzea ekarpen izugarria da euskal surrealismorako. Gasteizko alkateak adierazi duenez, ahotsa emango dio kaleari edo kaleko indarra Legebiltzarrera eraman edo horrelako zerbait. Kaleko indarraren kontu hori presoen sakabanatzearen kontra egiten diren manifestazioetarako balio al du? Eta Katalunian? Noiz da erabilgarria kaleko indarra?

Marotok esan du hau guztia aurrera eramango duela herritar arrunt bezala, beste bat baino ez dela, baina hori gezurra da, bera ez baita herritar arrunta: Gasteizko alkatea izateaz gain, legebiltzakide bat da. Orain dela hilabete batzuk lokutorioetako hormak kristalez egin behar zituztela bururatu zitzaion, orain sinadurekin dator. Zortzi hilabete oraindik udal hauteskundeetarako, tarte horretan sinadurak bildu eta 30.000 burutazio gehiago edukitzeko denbora izango du alkateak. Gogorra izango da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)