Gizartea

Marokoarrei eta errumaniarrei zaie sinpatia gutxiena Euskal Herrian

Berria, Maite Asensio Lozano, 08-10-2014

Hala ere, Itziar Pildain Gipuzkoako Migrazio eta Aniztasun zuzendariak nabarmendu du euskal gizartea ez dela arrazista. Euskal Herritik kanpo jaioak dira bertako biztanleen %27,2, eta sinpatia handia eragiten diete ia jatorri guztiek. Marokoarrek eta errumaniarrek eragiten dituzte jarrera negatiboenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aztikerri eskatutako Euskal herritarren identitate aniztasuna azterlanaren arabera. Bizikidetzaren giltza elkar ezagutzan jarri du Asier Etxenike Aztikerreko ikertzaileak: “Estereotipoen eta eraikitako irudi sozialen eremuan daude iritzi txar horiek. Ipar Euskal Herrian sinpatia zaie marokoarrei, baina Hegoaldean ez, komunitateek ez dutelako elkar ezagutzen. Orain 30 urte inkesta bera egin izan bagenu, Extremadura eta Galiziatik etorriekin izango lukete jarrera ezkor hori, eta egun oso ona dute”.
Euskal Herri osoan 2.000 inkesta baino gehiago eginez osatu du Aztikerrek lana. Itziar Pildain Gipuzkoako Diputazioko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak ondorioztatu du euskal herritarrak ez direla arrazistak: “Oro har, jendarteak aniztasunaren inguruko jarrera positiboa du, identitatea ulertzeko modu zabala, eta eskubideak aitortzen dizkie herritar guztiei”. Azken jarrera hori daukate %90ek, baina atzerritarrei eskubideak mugatzearen alde agertu direnek ere haurrak eskolaratzeko eta osasun zerbitzua jasotzeko eskubideak aitortu dizkiete.
Hartara, Pildainek erakundeei egotzi die etorkinen aurkako aurreiritziak sustatzea: “Askotan, xenofobiaren zama herritarren bizkar uzten da, instituzioen eta agintarien ardura lausotzeko. Azterlanak agerian utzi du arduradun instituzional batzuk gizartearen kontrako norabidean doazela, jarrera arrazista minorizatuen bozeramaile direnean. Diskurtso horrek ezin du lekurik izan instituzioetan”. Sinpatiari buruzko datuetan arreta jarriko duela erantsi du: “Aniztasuna bizikidetzarako faktore bihurtu da, ondo kudeatzen badugu”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)