Politikoki zitala

Berria, AGUSTÍN UNZURRUNZAGA SOS ARRAZAKERIA, 23-07-2014

Gasteizko alkatearen azken adierazpenak, haren hitz iraingarrien jomugan jarrita pertsona etorkin marokoar eta aljeriar herritartasunekoak, bete betean kokatzen dira politikoki zitalen kategorian.

Ez da lehenengo aldia Javier Marotok halako adierazpenak egiten dituela, Gasteizen lekuturiko magrebtar jatorriko etorkinen kaltetan: gizarte laguntzen kontsumitzaile neurrigabeak, haien migrazio egitasmoa laguntza horien inguruan antolatzea, borondaterik edo asmorik ez lanerako, eta batere ahaleginik egin ez gizartean integratzeko. Javier Marotorentzat, soilik langabezia sariak dira zilegi atzerritar pertsonentzat, egindako lanaren ordaina baitira; ez hala gizarte laguntza gutxi gorabehera unibertsalak direnak, lan jarduera bati zuzenean lotu gabeak.

Horrelako adierazpenek sorturiko asalduraren ondoren, neurri baterainoko zuzenketak eta zehaztasunak egin ohi dira. Batetik, egileak berak, eta, bestetik, militante den alderdiak, Alderdi Popularrak. Baina egileak sekula ez du mamia ukatzen, ez eta alderdiak gaitzesten mamiari dagokiona. Bietariko inor ez doa ñabardurez haratago. Eta hori da kezkagarriena.

Javier Marotok esandakoak antz handia dauka PVV holandar alderdi neopopulista eta islamofoboko buruzagi Geert Wildersek esandakoekin Europako hauteskundeetarako kanpainan, mitinetara bildutakoei galdetzen zienean nahi ote zuten marokoarrik Holandan. Funtsean, magrebtarren immigrazioaz Javier Maroto azaltzen ari den ideiak, hain zuzen, Europako eskuin muturreko alderdien eta eskuineko alderdi tradizional kontserbadore, liberal eta demokratikoen artean zabaltzen ari den eremu gris batean leku hartzen ari dira.

Hala Atzerritarren Legeak nola arau autonomikoek onartzen dute atzerritarra izatea ez dela oztopo gizarte laguntzak jasotzeko. Ez daude lehentasun nazionaleko ikuspegiaren pean. Ez dira ematen gu-haiek ikuspegiaren arabera. Eta uste dut hori ona dela, demokratikoagoa delako eta hobea gizarte elkartuago baten funtzionamendurako, eta ez litzatekeela galdu behar. Baina zenbait politikarik eremu horretara eraman nahi dituzte gizarte laguntzak, eta haien adierazpenekin indar egiten dute, legezko diskriminazio eremuak zabaltzeko, bete-betean bat eginda europar eskuin muturrekoen diskurtsoarekin, welfare chauvinistarekin, alegia, ongizate estatua bai, baina etxekoentzat.

Politikari batzuek gutxi-gehiago adierazita, politikoki zuzenaren moldeak hautsi nahi dituzte, eta argi hitz egiteko eta gai gatazkatsuak aipatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Baina bitxia da ikustea aldarrikapen hori, kasurik gehienetan, ildo kontserbadoreenetatik datorrela, eta, Tzventan Todorovek dioen bezala, gaur egun, «erabateko adierazpen askatasunaren eskaera xenofobiaren ohiko azala da». 2010eko apirilean Badalonan PPko alkatea eta hautagai Garcia Albiolek udal hauteskundeetarako kanpainan banatutako propagandak «Argi hitz egiten. Askok pentsatzen dute, nik esan egiten dut» zuen leloa, eta herrian bizi ziren errumaniar ijitoak kriminalizatzen zituen.

Javier Marotok dioena erakargarria izan daiteke biztanle batzuentzat, oso errealak diren larritasun eta beldurrei irtenbidea gizarte arazoak etnifikatuz ematen dioten horientzat, uste duenarentzat albokoa diskriminatuta beretzako zerbait gehiago geratuko dela. Eta pertsona horiek txalotu egingo dute, eta litekeena da botoa ematea, Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan botoa ematen dieten bezala, gauza horiexek esaten dituzten eskuin muturreko alderdiei.

Diskurtso populistaren eragin gaiztoenetarikoa da hautsi nahi izatea gure gizarteko hainbat eremutan oraindik indarrean dauden legezko berdintasun elementuak, gizartearen zati baten estigmatizazio maila handituta, magrebtar jatorrikoarena. Agintea duten politikarien diskurtsoak pentsamendu baten adierazpena baino gehiago izaten dira. Egin nahi luketena iragartzen dute. Kasu honetan, eta magrebtar jatorriko pertsonak pagaburu gisa erabilita, atzerritar pertsona guztiak oinarrizko gizarte laguntzen sistematik at uztea. Javier Marotok dioena dioenean, esango nuke haren hitzak eta asmoak urrunago doazela gizarte laguntzetan izan daitezkeen balizko iruzurrei aurre egitea baino. Haren hitzek adierazten dute haratago joan nahi duela, kolokan jarri nahi duela egungo gizarte laguntzen sistemaren oinarrietako bat, zeinak ez dituen pertsonak diskriminatzen eta baztertzen jatorri nazionalaren arabera. Azken buruan, nire ustetan, eta haren hitzei so eginez, Javier Marotok, eta agian haren alderdiko kideek, beste sistema bat nahi luke, atzerritar pertsonak kanpo leudekeena. Dena den, sistema horrek oinarri luke Europako beste lekuetan eskuin muturreko alderdiek proposatzen dutena. Eta uste dut hori hondamendi demokratikoa litzatekeela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)