Samina isilpean gorde ezinik

Ehunka lagun bildu dira Mungiako plazan, genero indarkeriaren ondorioz aurten gertatu den lehenbiziko hilketa salatzeko Andina Pereiraren bikotekide ohia kartzelan sartzeko agindu du epaileak, hilketa egotzita

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO MUNGIA, 19-03-2014

Otoitzen, kantuen, oihuen, eskarien bidez adierazi zuten atzo samina Mungian (Bizkaia). Andina Pereirade Britoren hilketa gaitzesteko, elkarretaratze isilean biltzera deitu zuen Mungiako Udalak, baina herriko brasildarren komunitateak ezin izan zion arbuioa aldarrikatzeari eutsi, eta bertakoek txaloz babestu zituzten. Ehunka lagun bildu baitzen plazan, aurten genero indarkeriaren ondorioz zendutako lehen emakumea oroitzeko. Justizia eskatu zuten, baita bakea eta elkartasuna ere: «Maite duenak ez du hiltzen; maite duenak zaindu egiten du».

Elkarretaratzea 19:00etan zen hastekoa, baina ia ordu erdi lehenago atera zuten pankarta bat brasildarrek : Justizia Andinarentzat. Eta kartelak, lelo ugarirekin: Andina, maite zaitugu; Emakumeak gara, ez dugu biktima zenbaki bat izan nahi; Matxismo berekoiari ez: bizi egin nahi dugu. Haien alboan, Mungiako Udalaren ikurra sinbolizatzen duen M erraldoia, oihal more batez estalia eta xingola beltza jarrita, indarkeria matxistaren aurkako keinu gisa. Plazara bildutako herritarren bularretan, mezua, itsaski eta karteletan adierazia: Mungiak indarkeriari ez.

Bete egin zen plaza. Zabala izan zen, halaber, ordezkaritza politikoa: Izaskun Uriagereka Mungiako alkatea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintza diputatua, Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkidea, Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailea, Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusia, Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidea… «Gaitzespen irmoa» adierazi zuten denek, eta Pereiraren senideei zein Brasilgo komunitateari «babesa eta hurbiltasuna» agertu zien Uriagerekak.

Lau aldiz inputatuta

Herenegun goizean hil zuten 35 urteko andrazkoa, Mungian, etxean, itota. Arratsaldean, Ertzaintzak Pereiraren bikotekide ohia atxilotu zuen, Euskal Herrian jaiotako 35 urteko gizonezko bat. Epailearen aurrera eraman zuten atzo, homizidio delitua leporatuta, eta epaileak Basauriko kartzelan espetxeratzea erabaki zuen. Atxilotuak aurrekariak dauzka genero indarkeriagatik: Ertzaintzak jakinarazi du lau aldiz inputatua dagoela genero indarkeria dela eta.

Andina Pereirak alaba bat eta seme bat zituen, 10 eta 14 urtekoak; Brasilgoa zen jatorriz, eta ez zeukan beste seniderik Mungian. Hartara, Bizkaiko Foru Aldundia arduratu da bi adingabeon zaintzaz, behin-behinean, amaren senideek erantzukizun hori beren gain hartzen duten arte. Uriagerekaren arabera, Euskal Herrira gaur edo bihar da heltzekoa gaztetxoen osaba bat. Hain justu, Pereiraren haurrei elkartasuna adierazi zieten atzo, alabaren ikastetxean: Bentades eskolako ikasleek bost minutuko isilunea egin zuten.

Udala, herri akusazio

Ezohiko bilkura egin zuen atzo goizean Mungiako Udalak. Pereiraren hilketa «bortxazkoa eta injustua» arbuiatzeko adierazpen instituzional bat onartu zuen: «Udalak ez du toleratuko emakumeen eskubideei kalte egiten edo horiek bortxatzen duen indarkeria matxistaren inolako adierazpiderik». Bortizkeria mota hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen «adierazlerik basatiena» dela ekarri zuen gogora, eta andreak «kikiltzeko tresna» dela, «indarrean diren genero arauak ez desafiatu edota aldatzeko». Horregatik, gizarteak eta erakundeek «batera» borrokatzeko «ardura eta beharra» nabarmendu zuen. Udalak herri akusazio gisa aurkeztea erabaki du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)