Mungiako hilketagatik atxilotuak aurrekariak ditu genero bortxagatik

Andina Pereira de Britok 35 urte zituen, eta bere etxean aurkitu dute hilotz; osagileek abisatu dute Polizia, bortxa aztarnengatik Berehala atxilotu dute bikotekide izandakoa ertzainek; harremana eten berria zuten biek

Berria, ARANTXA IRAOLA, 18-03-2014

Mungiako (Bizkaia) Iturribide kaleko etxe batean izan da oraingoan. Lau paretaren artean, ustezko babesean. 35 urteko andrazko bat hilotz agertu zen atzo eguerdian, 13:15ean. Senitarteko batek eman zien abisu larrialdi zerbitzuei: konortea galduta zegoen emakumea. Berehala agertu ziren osagileak, eta kasuaren ezohikotasuna aurki geratu zen agerian: bortxa zantzuak atzeman zituzten andrearen gorputzean —estrangulazio aztarnak zituela zabaldu da—. Ahaleginak egin zituzten bere onera ekartzeko, baina alferrikakoak izan ziren; heriotza ziurtagiria hantxe bertan egin behar izan zuten medikuek. Bitartean ertzainek, jasotako abisuari lotuta, ikerketa bat abiatu zuten zer gertatu zen argitzeko, eta berehala hartu zuten susmoa: bi orduren buruan gizonezko bat —hildakoaren bikotekide ohia— atxilotu zuten, hilketarekin lotura duelakoan. Gero jakin zenez, eten berria zuten biek harremana, baina andrearen gertukoen arabera, gizonak ez zuen onartzen egoera: «Ez zuen bakean uzten». Ertzainek aitortu zuten tankera horretako testigantzak jaso zituztela atzo biktimaren inguruko lagunen partetik. Antza, ordea, biktimak ez zuen inoiz salaketarik jarri. Gizonak genero indarkeriagatik aurrekariak zituen, baina aurrez beste bikotekide batekin izandako erlazioan izan ziren.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, ugaritzen joan ziren andreari buruzko datuak. Izena, eta izana. Andina Pereira de Brito zen, brasildarra. Bi umeren ama zen, eta haiekin bizi zen. Orain dela gutxi aldatua zen bizileku zuen etxera, bikotekide ohiarekin harremana utzi eta gero. Gainerako familia, aldiz, urrun bizi zuen, sorterrian. Ertzaintzak berak berehala genero indarkeria kasutzat jo zuen gertaera, eta hainbat taldek eta erakundek gaitzespen oharrak atera zituzten, jazoera andreen kontrako indarkeriarekin lotutako beste kasu bat zela salatuz.

Mungiako Udalak,esate baterako, bozeramaileen batzarra bildu zuen atzo ilunabarrean eta gaurgoizeko bederatzietan ezohiko udalbatzarra egingo dute gaiaz mintzatzeko eta hilketa gaitzesteko adierazpen instituzional bat onartzeko. «Udal honek zero tolerantzia dauka eta edukiko du aurrerantzean ere indarkeria matxista eta sexu erasoen aurrean», adierazi zuten atzo igorri zuten oharrean. Lehentasun premiazkoena andrearen seme-alabez —10 eta 15 urte artekoak— arduratzea izan zela esan zuten udaletik. «Udalaren baliabide guztiak euren esku daude». Aurrera begira, izango den auzibidean parte izateko asmoa dute, eta salaketa jartzekoa. Gaur 19:00etan, berriz, elkarretaratze isil bat egingo dute gertaera gaitzesteko. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, esaterako, jakinarazi du bertan izango dela, eta egingo diren gainerako protesta ekintzetan ere parte hartzeko deia plazaratu du.

Jazoeraren berri izan bezain pronto Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere indarkeria sexistaren kontrako protokoloa abiatu zuen atzo, eta, tankera horretako eraso bat gertatu ohi den guztietan egiten duten eran, elkarretaratzera deitu dute biharko. Ohiko leku eta orduetan egingo dituzte. Ohikoak diren aldarriekin. Izan ere, soka luze eta bihurri batean egindako beste korapilo bat da Mungian atzo jazotakoa: genero indarkeriak eragindako heriotza bat. Beste bat.

Kasu larriak

Urteko lehenbizikoa litzateke, baina beste kasu askoren segida tamalgarria. Iaz, esaterako, lau andrazko hil zituzten Euskal Herrian bikotekide edo bikotekide ohiek. Amaia Elezkano izan zen lehena, Laudion (Araba) senarrak hil zuen maiatzaren 23an, labankadaka; gizonaren arrebak eman zien abisu ertzainei, anaiak berak aitortu baitzion bikotekidea hil zuela. Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo izan ziren iazko beste bi biktima; biak Juan Carlos Aguilarrek hil zituen, Bilboko Zen4 gimnasioko jabeak. Ekainean izan zen jazoeren berri. Lehena jipoituta aurkitu zuten poliziek, oso larri, eta erietxean hil zen; bigarrenaren berri gimnasioa miatzean izan zuten ertzainek, andrazko baten gorpuzkiak aurkitu baitzituzten. Gertaerak oihartzun handia izan zuen Bilbon, eta, bi emakumeak etorkinak zirenez, hainbat taldek agerian laga nahi izan zuten andrazko etorkinek sarri izaten duten babesgabetasuna. Atzo Mungian hildakoa ere jatorriz kanpotik etorritakoa zen, eta, segur aski, orduko hartan agerian utzitako hainbat kezka oraingoan ere aintzat hartzeko erakoak dira.

Iazko laugarren hildakoa urtearen amaieran baieztatu zen, baina lehenagokoa zen; izan ere, maiatzaren hasieran senar-emazte batzuen hilotzak aurkitu zituzten beren etxean, Gasteizen. Ez ziren hilberriak; denbora zeramaten hilda. Heriotza horien ingurukoak argitzeko, ikerketa hasi zuten ertzainek, eta autopsiak, handik hainbat hilabetera, emandako hipotesia izan zen zuen gizonak andrea hil zuela, eta ondoren egin zuela bere buruaz beste. Aurreko urteetan ere, kasu larri ugari: 2012an, esaterako, sei andrazko hil zituzten bikote eta bikotekide ohiek. Eta genero indarkeriarekin lotutako erasoek ez dute etenik. Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira nola Emakundek hala Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bikote barruko 3.918 eraso zenbatu zituzten ordura artean. Horietako asko, gainera, emakume gazteenak ziren: 30 urte arteko andre gazteak izan ziren biktimak 1.194 erasotan, eta abisu eman zuten, baita ere, kasuak izan zirela adingabeen artean. Datu horiekin kezkatuta, kanpaina bereziak abiatu zituzten erakundeek genero indarkeriaren gainean abisu emateko, eta garai horretan egin ziren mobilizazioen helburuetako bat izan zen emakume gazteak arazoaz ohartaraztea. Sarriegi izaten dira, hala ere, oraindik genero indarkeriarekin lotutako gertaerak. Atzo Mungian gertatu zena horren erakusgarri da. Oroitarazten dute isilean izaten direla asko. Isilegi. Beranduegi den arte.

ERREAKZIOAK

«Herritarrei dei egiten diegu jarrera aktiboa izan dezaten»
Emakunde

«Herritarrei dei egiten diegu emakumeen kontrako indarkeria salatzeko, jarrera aktiboa izan dezaten eta inolako tolerantziarik ez onartzeko emakumeen kontrako edozein jarrera iraingarriren aurrean».

«Berdintasunaren bidea zer luzea den azaltzen du hilketa bakoitzak»
Maite Berrocal

PSE-EEko Berdintasun idazkaria

«Eraso bakoitzak eta hilketa bakoitzak erakusten du zein bide luzea egin behar dugun gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko».

«Aurrera jarraituko dugu, baina horrelako uneak sufrimenduzkoak dira»
Blanca Hernandez

Espainiako Gobernuaren ordezkaria

«Ikusi egin beharko da nola doan urtea, baina orain arteko datuak zinez mingarriak dira. Aurrera jarraituko dugu lanean, tinko, baina horrelako uneak sufrimendu handikoak dira».

«Ozen eta sendo kondenatzen dugu gure herrikidearen hilketa»
Mungiako Udala

«Ozen eta sendo gaitzesten eta kondenatzen dugu gure herrikide izan den Andina Reges Pereira de Brito andrearen hilketa, indarkeria matxistaren ondorioz gertatua. Familiari, gure elkartasun osoa adierazten diogu».

«Indarkeria sexistak lehen mailako arazo izaten jarraitzen du»
Emakumeen Mundu Martxa

«Indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan gertatzen diren erasoak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)