Lanaren eta paperen araberakoa da etorkinen onarpen maila

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kanpotarrei buruzko jarrerak hobetu egin direla azaleratu du Ikuspegiren 2013ko txostenak Etxeko eta zaintza lanen esparruak soilik eutsi dio kanpotarren enplegu galerari

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, 11-03-2014

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erdiak «anbibalenteak» dira etorkinez mintzatzean. «Immigrazioa aberasgarritzat dute, baina gizarteratzeko esfortzua etorkinei dagokiela uste dute, ez alde biei». Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2012an agertutako «ikuspuntu asimilazionista» hori sendotu egin zen iaz, Gorka Moreno zuzendariak atzo azaldu zuenez: EAEn galdetutako 1.200 lagunen %83ren ustez, «immigranteek gure ohiturak eta usadioak hartzen ahalegindu beharko lirateke», bizikidetza hobetze aldera. Azken urtean kanpotarrei buruzko iritziak hobetu diren arren, enpleguak eta paperek onarpen maila baldintzatzen dute. Herritarren ia %59k adierazi dute osasun eta hezkuntza zerbitzuak pertsona guztientzat izan beharko liratekeela, baina %38k «legez daudenei» mugatu dizkiete eskubideok; bestelako zerbitzu publikoetarako sarbideak zorrotzagoa beharko luke, erantzunen arabera: soilik paperak dauzkatenentzat.

Datu «kezkagarria» utzi zuen Ikuspegiren 2012ko txostenak: urtebetean %8tik %21era igo zen paperik gabekoak kaleratzeko eskatzen zutenen kopurua; iaz, berriz, %16,6ra jaitsi zen zenbatekoa. Etorkinekiko jarrerak eta pertzepzioak, oro har, hobetu egin ziren 2013an, baina datozen urteetako bilakaerari itxaron nahi dio Morenok, gorabeheratsuak baitira datu batzuk. Tolerantzia indizea, esaterako, 55,35era heldu zen iaz —1etik 100era—: 53,62koa izan zen 2012an, baina 57,15ekoa 2011n.

Edonola ere, Morenok nabarmendu du etorkinekiko onarpen mailaren arabera ezarritako hiru taldeetan igo dela tolerantzia indizea: anbibalenteak (%50), toleranteak (%30) eta uzkurrak (%20). «Goiz da joera aldaketez hitz egiteko, baina badirudi etorkinen aurkako jarrera batzuek hondoa jo zutela 2012an». Ildo horretan, immigrazioa arazotzat dutenen kopurua ere jaitsi zen, %11,6tik %7,2ra. «Pentsa daiteke langabeziak eta arazo ekonomikoek eragina dutela pertzepzio horretan, baina Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, immigrazioa ez da krisiarekin nabarmen lotzen ari EAEn».

Krisiaren eragina

Krisi ekonomikoaren ondorioz, ordea, immigrazioari buruzko ikuspegi funtzionala nabarmen jaitsi da. 2004an herritarren %80k uste zuten gizarteak etorkinak behar zituela sektore jakin batzuetan lan egiteko —batez ere bertakoek nahi ez zituzten enpleguetan—, baina 2013an %35,4ra jaitsi zen kopuru hori. «Immigrazioa oparoaldi ekonomikoarekin lotzen zuen diskurtsoak indarra galdu du: gero eta pertsona gutxiagok pentsatzen dute ekonomiak etorkinak behar dituela».

Baina uste hori gezurtatu egin du Morenok. Hain justu, krisiak etorkinengan izan duen eragina aztertu du Ikuspegik beste txosten batean, eta zuzendariak ondorioztatu du «euskal immigrazio eredua» agerian utzi duela atzeraldi ekonomikoak: «Etorkinen langabezia igo egin da sektore gehienetan, baina badago lanari eusten ari zaion sektore bat: etxeko lanen eta zaintzen esparrua. Bertako herritarren ongizateari lotutako immigrazio eredua nabarmentzen ari da, hemengo emakumeen kontziliazioa errazteko, edota zahartzen ari den gizartean mendekotasuna dutenen arreta bermatzeko».

Morenok zehaztu du EAEko lan merkatuan «leku gutxi» dutela kanpotarrek, industriak eta «kualifikazio jakin batetik aurrerako arloek» pisu handia dutelako. «Bertako biztanle gehienek ongizate maila altua dute, baina batik bat etorkinek osatutako gutxiengo batek ez du halakorik, nahiz eta hemengoen ongizateari ekarpena egiten dion». Eredu hori oso feminizatuta dagoela onartu du: «Paraguaiko emakumeek okupazio tasarik altuenetakoa dute, baina lan baldintza txarrak dauzkate».

Gizarteratzeari zein onarpenari begira, enplegua aldagai esanguratsua dela erantsi du, 2013ko datuei erreparatuta: «Enpleguaren bidezko legitimazioa handitu egin da: lana duten etorkinei paperak ematearen aldekoak igo egin dira, %41etik %51ra». Lan kontratuarekin heltzen diren kanpotarrak sartzen uztearen alde daude %67,1 (2012an baino 6 puntu gehiago); era berean, %52k adierazi dute lanik gabe geratzea ez dela nahikoa arrazoi atzerritarrak kanporatzeko. Aldiz, delituren bat egin duten etorkinak egozteko eskatzen dutenen kopurua %64,6ra igo da (aurreko urtean baino 1,3 puntu gehiago).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)