NAYRA UGALDE. NAZIOARTEKO HARREMANETAN ADITUA

«Landa guneetan, jendeak aise barneratu ditu etorkinen aurkako mezuak»

Berria, , 11-02-2014

Igandeko erreferendumaren emaitzak argitaratu zirenetik, «ezin sinetsita» dago Nayra Ugalde. Basilean bizi da, Suitzako hiririk kosmopolitenetako batean. Immigrazioa eguneroko ogia da han.

ION ORZAIZ

Suitzan jaio zen, baina sustraiak Euskal Herrian ditu Nayra Ugaldek. Aita bilbotarra du, orain dela bi hamarkada baino gehiago herrialdera iritsitako migratzaileetako bat, eta berak ere kultur eta hizkuntza aniztasuna izan du ogibide: Geneva, Salamanca eta Manchesterreko unibertsitateetan Nazioarteko Harremanetako eta Europako Historia Garaikideko ikasketak amaitu ostean, itzultzaile eta ikerlari lanetan aritu da, besteak beste, Suitzak Bruselan duen enbaxadan eta Nazioarteko Olinpiar Batzordean.

Gaur egun, Basilean bizi da, Suitzako hirien artean kosmopolitenean —Alemaniako eta Frantziako mugen artean—. Hango unibertsitate giroak eta Roch edo Novartisen gisako multinazional handiek Europa osoko ikasle eta langileen elkargune bihurtu dute hiria. Horien guztien artean, harridura eta kezka nagusi direla aitortu du Ugaldek.

Espero al zenuten igandeko erreferendumaren emaitza?

Inondik ere ez. Basilean, argi genuen ezezko botoa gailenduko zela, Europara begira egon baita beti hiria, baina zalantza genuen beste eskualdeekin. Zurich eta Bernako emaitzen esperoan egon ginen azken unera arte, eta Zurichen ere ezezkoak irabazi zuen arren, Bernan baiezko botoa izan zen nagusi. Oso lehia estua izan zen, 20.000 bat botopaperen aldearengatik irabazi baitzuen immigrazioaren aurkako ekinbideak.

Europako migratzaileen kontrako jarrera nabaritzen al da kalean?

Ez, baina aintzat hartu behar dugu Basilean atzerritar ugari dagoela eta jendeak ikuspegi zabalagoa duela afera horren inguruan. Jatetxeetan eta dendetan jendeak frantsesez, ingelesez, turkieraz edo gaztelaniaz hitz egiten du, eta bertokoentzat normala da. Solothurn eta antzeko herrietan, aldiz, egoera oso bestelakoa da. Landa guneetan, jendeak aise barneratu du migrazioaren kontrako mezua, eta mesfidantzaz begiratzen diote kanpotarrari. Eta ez soilik atzerritik datorrenari, baita euren kantonamendutik kanpo jaiotakoari ere.

Eta Europako migratzaileek zer diote horri buruz?

Nire ingurukoek ezin dute gertatutakoa sinetsi. Oro har, ezinegona nagusitu da, SVP Suitzako Alderdi Popularraren ekinbidearen aplikazioa ez baitago argi. Hiru urteko epea eman dute immigrazioa mugatzeko, baina ez dute zehaztu nola eginen duten hori. Zenbat pertsonari emanen diote baimena? Dagoeneko lan kontratua duten atzerritarrekin zer gertatuko da? Lan edo ikasketa baimena amaitzen zaienean kanporatu eginen dituzte?

SVPk «masibotzat» jo du Suitzara iristen den etorkinen kopurua. Horrela al da benetan?

Oso terminologia arriskutsua da hori, konnotazio negatiboak atxikitzen dizkielako migrazio eta migratzaile hitzei. Egia da, gaur egun, migrazio fluxua handia dela, populazioaren %25 atzerrian jaio zela eta urtero 80.000 bat migratzaile heltzen direla Suitzara, bertan lan egiteko edo senideren batek hemen lan egiten duelako. Baina arazo bat al da hori? Nik uste dut ezetz. Oro har, etorkinekin harremana duten suitzarrek, fenomenoa zuzen-zuzenean ezagutzen dutenek, jarrera irekiagoa dute; eta immigrazioaz deus gutxi dakitenak, berriz, errazago lerratzen dira SVPren tesien alde.

Zergatik?

Alde batetik, erreferentzia zuzenik gabe, alderdi eskuindarrek eta hedabideek zabaltzen dituzten mezuetan eta estereotipoetan oinarritzen direlako herritar asko. Bestetik, Gobernu Federalak Suitza idilikoa aurkeztu nahi izan duen arren, suitzarrek badituzte arazo asko, eta auzi horien oinarria migrazioan dagoela uste dute batzuek. Azkenik, badira gobernuaren kontrako protesta botoa eman nahi izan duten herritarrak ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)