Nola eutsi harribitxi kutunari

Immigrazioa kuoten bidez mugatuz gero merkataritza askerako akordioak ere aztertu beharko dituela ohartarazi dio EBk Suitzari Eskuin muturrarentzat, orain arteko lorpen handiena da igandeko bozketaren emaitza

Berria, , 11-02-2014

Suitzako erreferendum berrienak ziztada mingarria eragin dio EB Europako Batasunari. Immigrazioa mugatzeko kuotak ezartzea onartu zuten suitzarrek joan den igandean, baita EBko herrialdeetatik heldutako langileentzat ere. Emaitzak berehala asaldatu du Brusela. «Pertsonen mugitzeko askatasuna EBren printzipio sakratua da, eta defendatzen ditugun lau eskubideetako bat, gainera», ohartarazi du Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileak. Ez zen ari EBk hego eta ekialdera jarrita dauzkan mugei buruz. Bruselari min ematen diotenak Europaren bihotzeko estatutxoak bere kasa har ditzakeen neurri protekzionistak dira, batez ere Ahrenkildek aipatu gabe utzitako beste hiru printzipioei eragiten badiete: kapitalaren, salerosgaien eta zerbitzuen joan-etorri askea ahalbidetzen duten akordioei.

Suitzako erreferendumaren emaitzak hirurak jarri ditu kolokan. Eskuin muturreko SVP alderdiak proposatutako testuak ozta-ozta jaso zituen beharrezko botoak igandeko bozketan: herritarren erdiek pasatxo hartu zuten parte, eta haietatik, %50,3k bozkatu zuten immigrazioa mugatzearen alde. Suitzako Gobernuak proposamena onartzen badu, immigraziorako kuotak jarriko lirateke berriz indarrean, eta Suitzak gainerako herrialdeei jartzen dizkien baldintza berak jarriko lizkieke EBkoei. Bestalde, lan merkatuari eragiten dioten neurriak ere badakartza proposamenak: aurrerantzean, bertako langileek lehentasuna izango dute kontratazio politiketan atzerritar guztien gainetik, baita EBko kideen gainetik ere. Batez beste, 80.000 langile heltzen dira urtero Suitzara; haietako lautik hiru, EBko herrialdeetatik.

Zazpiko paketea

Argitzeko dago Bernak nola jarriko dituen indarrean erreferendumak agindutako neurriak. Izan ere, Suitzak EBrekin sinatutako akordio sortaren zati bat baino ez da pertsonen zirkulazio askeari dagokiona, eta legez beste zazpi ituni lotuta dago; besteak beste, merkataritza askea bermatzen dutenei. Teknikoki, zazpi akordioetatik bat indargabetzeak bloke osoari uko egitea dakar, eta horrek erne jarri ditu EBko kideak. «Ezin liteke alde batetik EBren barne merkaturako sarbide pribilegiatua izan, eta bestetik zirkulazio askea desegin», esan du Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak. Europako Batzordeak ere ohartarazi du aztertuko duela zein ondorio izan ditzakeen Bernaren erabakiak Bruselarekiko harremanean.

EBko kide ez izan arren, harribitxi baten pare zaintzen du Bruselak Suitza. Hark 2004an sinatu zuen Schengengo Ituna; printzipioz, batasuneko mugen barruan zirkulazio askea bermatzea onartu zuen, haren barne merkaturako sarbidea ere zabalik mantentzearen truke. Gaur egun, Europa da Suitzaren kide nagusia: aste honetan bertan, Bruselarekin merkataritza askeko itun zabalago bat negoziatzekotan zen. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroaren arabera, Suitzarentzat ere kaltegarria da galdeketan onartutako proposamena: «Herrialde irekia izatearen ospetik bizi da, eta, gainera, Europatik heldutako profesional kualifikatuen menpe dago haren ekonomia». Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak gogora ekarri du Suitzak atzerriko merkataritza akordioen %60 EBrekin dituela: «Egoera ekonomiko onean egon arren, ezin daiteke esan bera bakarrik potentzia ekonomikoa denik». Asselbornek «bisio falta» egotzi dio erreferenduma proposatu duen alderdiari.

Suitzako Gobernuak onespena ematen badu, hiru urte izango ditu Bruselarekin negoziatzeko. «Hark erabaki beharko du gurekin dituen akordioak bertan behera utzi nahi dituen edo ez», azaldu du Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak: «Mugimendu askatasuna mugatzeko legeak moldatu behar baditu, eztabaidatu beharko dugu, eta, beharbada, Suitzarekiko akordioak berriz negoziatu. Baina gobernuak ezer esaten ez duen bitartean, itun horiek indarrean jarraitzen dute, eta ikusi beharko da herritarren zirkulazio askea mugatzeak nola eragiten dien EBren barruko merkatuko beste elementuei».

Bruselarentzat, ez dira garai onak ezer negoziatzeko. Ate-joka ditu Europako Parlamenturako hauteskundeak; eskuineko populismoaren gorakadak dardarka ipini ditu Bruselan agindu ohi duten sozialdemokratak eta kristau-demokratak, eta Suitzaren neurri protekzionistek mesede egin diezaiekete beste herrialdetako mugimendu xenofoboei.

Atzerritarren aurkako ahotsa

SVPrentzat, orain arteko lorpen handiena da igandeko erreferenduma. Landa guneetako lur-jabeen eta burgesiaren ordezkari gisa sartu zen paisaia politikora 1970eko hamarkadan; gero, Christoph Blocher milioi askoko enpresariak hartu zuen haren gidaritza. Ordutik, geroz eta gehiago hurbildu da eskuineko populisten ertzera, diskurtsoa atzerritarren aurka bideratuta. 2003tik alderdi nagusia da Suitzako Parlamentuan, eta gaur egun zazpi ministrotik bi dauzka gobernuan. Herritarrak —bereziki landa guneetakoak— «goikoen aurka» ordezkatzen dituen alderdiaren rola jokatzen du han, kutsu euroeszeptiko eta nazionalista nabarmena duten argudioekin.

Erreferendumaren aurreko asteetan, kanpaina bortitza egin du atzerritik heldutako langileen aurka. Neurririk ezak kalte egiten du lelopean, lortu du «immigrazio masiboa» delakoaren aurkako diskurtsoa gizartean hedatzea: besteak beste, higiezinen sektorearen garestitzea, garraio publikoren gehiegizko karga eta soldata konpetentzia desleiala egotzi dizkie kanpoko beharginei.

%50,3

Baiezkoaren alde bozkatu dutenak.
Igandeko erreferendumean, 1.463.954 herritarrek bozkatu zuten immigrazioa mugatzearen alde: parte hartu zutenen %50,3k, hain zuzen ere. Denera, botoa ematera deituta zeudenen erdiek pasatxo baino ez zuten parte hartu.

Suitzako eremuen arteko desberdintasunak, agerian
Immigrazioa mugatzeari buruzko erreferendumak Suitzako eremuen arteko desorekak utzi ditu agerian. Frantses hiztunak nagusi direnetan, oro har, aurka bozkatu dute; italiarretan, alde; eta alemaniarretan, nahiko orekatuta. Atzerritar gehiago dituzten hirietan kuoten aurka bozkatu dute; landa guneetan, alde.

%23

Suitzan bizi diren etorkinak.
Legez Suitzan bizi diren atzerritarrak biztanleriaren %23 dira; bertan bizi diren lau lagunetik bat kanpoan jaioa da, beraz. Etorkin portzentajerik handiena daukan Europako bigarren herrialdea da Suitza, Luxenburgoren ostean.

ESANA. VIVIANE REDING. EBKO JUSTIZIA KOMISARIOA

«Europako merkatua ez da Suitzako gazta bat; ezin daiteke merkatu bakarra eduki, zuloz josita»

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)