Kadri Soova. PICUM nazioarteko plataformako kidea

«Herrialde batetik bestera joatea deskriminalizatzen hasi behar dugu»

Europak errealistago jokatu behar lukeela dio Soovak, arreta etorkinen nahi eta beharretan jarrita, eta ez hainbeste mugetako segurtasunean. Migrazioa, izan ere, beti egongo da.

Berria, , 09-10-2013

Samara Velte

Bruselan, Europako Batasuneko immigrazio legeak erabakitzen diren tokitik gertu du egoitza PICUM Agiririk Gabeko Migranteen Lankidetzarako Nazioarteko Plataformak. Lampedusako ezbeharraz hitz egiterakoan, auziari ikuspegi zabalago batetik begiratu behar zaiola dio bertan lan egiten duen Kadri Soovak (Tallinn, Estonia, 1981): «Ez da soilik errefuxiatuei eta nazioarteko babesari buruzko kontu bat». Arreta auzi jakin batzuetan kontzentratuta, dagokien erantzukizunari ihes egin nahi izatea egotzi die Europako erakundeei.

Aurreko asteko ezbeharreko biktimak herrialde gatazkatsuetatik zetozela nabarmendu da sarri. Migrante gehienak babes bila etortzen direla esan daiteke, edo topiko bat da?

Asko dira euren erabakiz lan bila datozenak. Baina inork egiten ez duen galdera da zergatik aukeratzen dituzten halako bide arriskutsuak herrialde batetik bestera joateko. Errealitatea da EBtik kanpoko herritarrentzat, praktikan, ez dagoela modurik legez Europara etortzeko, lan egitera edo bizitzera, Europak lan indar merke hori behar duen arren. Aukera izango balute Europarako bisa eskatzeko eta lanpostu arrunt bat lortzeko, jakina da nahiago luketela hori, mugako mafiei milaka dolar ordaindu baino.

Baina integraziorako erabil litekeen diru asko mugen kontrolera doa.

Lampedusakoa gertatu zenean, lehen erreakzioa mugako Poliziaren operazioak ugaritzeko promesa izan zen. Aho biko labana da: alde batetik, mugako segurtasuna handitu nahi dute, baina horrek, praktikan, polizia gehiago esan nahi du, eta horrek ez die mesede egiten datozenei. Lampedusan, esaterako, harrapatzen bazaituzte, zigorra jartzen dizute. Polizia gehiagok ez du segurtasun gehiago esan nahi.

Zergatik kriminalizatzen da hainbeste legez kanpoko migrazioa?

Joera dago «etorkin onak» eta «etorkin txarrak» bereizteko: nahi ditugunak eta nahi ez ditugunak. Bestalde, politikak badu joera giza trafikoa migrazioari buruzko eztabaida orokorretik bereizteko, inork ez diolako lan arrazoiek sortutako migrazioari begiratu nahi. Eta hanka sartzen dute, kausak berdinak baitira. Begira pertsonen trafikoari: Europan legezko bideetatik lan egiteko aukera balute, ez lukete edozer onartuko. Gainera, oso erraza da errua mugako mafiei egoztea. Arreta asko jartzen diete haiei, zein bihozgabeak diren… Ez naiz haiek defendatzen ari, jakina, baina migrante askorentzat Europara heltzeko aukera bakarra dira: poztu egiten dira zerbitzu hori eskaintzen dien norbait topatzen dutenean. Haiek biktimizatzea eta mafiei begiratzea arreta desbideratzeko teknika bat da.

Babes eskaerak errefuxiatuak heltzen diren lehen herrialdearen esku gelditu ohi dira: hamar estatu arduratzen dira eskaeren %90ez. Lankidetza handiagoa eskatu du EBk.

Egia da herrialde batzuek, euren posizio geografikoagatik, etorkin gehiago ikusten dituztela, baina horrek ez du esan nahi migrante horiek han gelditu nahi dutenik. EBren barruko koherentzia handiagoa behar da, noski, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu migranteak pertsonak direla eta bizi proiektuak dituztela. Eta gobernuek haientzako diseinatzen dituzten planak, askotan, ez datoz bat euren asmoekin. Esate baterako, etorkin bati oso epe motzeko egoitza baimena ematen badiote, baina hark lana aurkitzen badu, ez du alde egingo baimena agortutakoan: bertan bizitzen jarraituko du, baina paperik gabe.

Nolakoa litzateke, zure ustez, immigrazio politika egoki bat?

Errealistagoak izan behar dugu Europako etorkinen lan beharrei dagokienez, eta onartu behar dugu kultura anitzeko gizarteetan biziko garela. Egoitza eta lan baimenen politikak horren arabera moldatu beharko ditugu. Horrez gain, alderdi soziala dago, etorkinen eskubideen ingurukoa: nolako tratua ematen diegun hemen bizi diren etorkinei, eta zein zerbitzu ematen dizkiegun. Soilik legezko egoeran daudenei bermatuko dizkiegu? Paperik gabeko etorkin bat ospitalera joaten bada, Poliziari deituko diogu? Haurrek eskubidea dute eskolara joateko, euren legezko egoeraz kezkatu behar izan gabe. Herrialde batetik bestera joatea deskriminalizatzen hasi behar dugu.

Jatorrizko herrialdeetako egoera aldatzeak lagunduko luke?

Pertsonek eskubidea dute euren bizitza hobetzeko eta euren herrialdea uzteko hala nahi badute. Jakina, ideala litzateke euren herrialdea utzi behar ez izatea: askok nahiago lukete bertan gelditu, baina ez daukate han bizitzeko aukerarik, eta mugitu egiten dira. Nahiago genuke migrazioa norberaren erabakiz gertatuko balitz, eta ez behartuta.

Baina migrazioa beti egongo da.

Arreta gehiegi jartzen da segurtasun auzietan, jendea ez dadin Europara iritsi. Mugak kanpora eraman dituzte, eta akordioak sinatu dituzte igarotze herrialdeekin, etorkinei pasatzen ez uzteko. Gobernuek harro diote babes eskaerak gutxitu direla, baina horrek ez du esan nahi etorkin gutxiago dituztenik; gehienez ere, gutxiagok eskatu dituztela paperak. Gainera, badakigu egoera irregularrean dauden etorkin gehienak legezko bideetatik sartu zirela, bisa batekin, eta hura iraungita ere bertan jarraitu dutela. Paperak lortzea zaildu dezakezu; irregulartasunera bultza ditzakezu, eta haien bizitzak konplikatu, baina etortzen jarraituko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)