Migrazioa. Lampedusako hondamendia

Kaiola sendotu nahi du EBk

Lampedusako ezbeharraren ostean, «legez kanpoko immigrazioa gelditzeko» neurriak onartu dituzte EBko Barne ministroek Erreskate eta zaintza operazio bat abiaraziko du Europako Batzordeak Mediterraneoan

Berria, Ion Orzaiz, 09-10-2013

Italiako segurtasun indarren murgilariek hemeretzi gorpu atera zituzten atzo Lampedusa uhartearen inguruko uretatik. 274, guztira, iragan ostegunean migrantez lepo zihoan ontzi bat bertan hondoratu zenetik. Bizirik ateratako 155 lagunen esanetan, 520 pertsona inguru zihoazen itsasontzian, eta, beraz, ehun bat hilotz gehiago topa ditzakete urpekariek datozen egunetan. Europako herrialdeetako immigrazio politiken gabeziak eta Afrikako etorkinek bidean pairatzen duten sufrikarioa azaleratu ditu ezbeharrak, baina arazoa konpontzeko, proposamen bakarra egin dute orain arte estatuetako nahiz EB Europako Batasuneko agintariek: zaintza sistemak hobetu. Kaiola sendotu, «immigrazio araugabea geldiarazteko».

EBko estatuetako Barne ministroek bilera egin zuten atzo, eta «paperik gabekoen migrazioa eteteko» konpromisoa hartu zuten. Horren barruan, lantalde berezi bat sortzea izan zen bilkuran onartutako lehen proposamena. Migratzaile afrikar gehien hartzen dituzten Europako herrialdeetako ordezkariek osatuko lukete lantalde hori —Italiak, Greziak eta Espainiak, besteak beste— eta baita «immigrazioaren arazoarekin konpromisoa agertu nahi duten guztiek» ere.

Izan ere, Europan indarrean den Dublin II deituriko araudiak etorkinen erantzule egiten ditu mugan dauden estatuak eta horrek ezberdintasun handiak sortzen ditu Europako erdialdeko nahiz iparraldeko herrialdeen eta Mediterraneo inguruan daudenen artean. Hori dela eta, «konpromisoa» eta «elkartasuna» eskatu dizkiete behin baino gehiagotan Italia, Malta edota Greziako gobernuek Europako gainontzeko herrialdeei, «legez kanpoko immigrazioaren karga partekatzeko». Eskaera horiei entzungor egin diete orain arte Alemaniaren gisako potentziek, baina berri agentzien esanetan, begi onez ikusi dute lantalde berriaren sorrera.

Atzoko bileran, bestalde, Europako Batzordeak neurri sorta bat iragarri zuen «Lampedusan gertatutakoa errepikatu ez dadin». Baina immigrazioaren sorburura eta etorkinen arazoetara jo beharrean, «zaintza» eta «segurtasuna» izan zituen hizpide hein handi batean. Mediterraneo itsasoko kostalde osoan, Zipretik Espainiara, «zaintza eta salbamendu operazioa» abiaraziko dutela iragarri zuen EBko Barne Gaietarako komisario Cecilia Malmstroemek. «Giza trafikoaren sareei aurre egiteko elkarlana sustatu behar dugu», esan zuen, eta baliabide ekonomikoak eskatu zizkien estatuetako Barne ministroei, Frontex Atzerriko Mugen Kontrola Kudeatzeko Europako Agentzia indartzeko.

Hala ere, Europara sartzeko bideak «erraztu» beharko liratekeela onartu zuen Malmstroemek, migranteak nazioarteko legediaren linboan harrapatuta geldi ez daitezen. Izan ere, gerratik, jazarpen politikotik edota gosetetik ihesi, asilo politiko eske iristen dira migratzaile asko, baina hori frogatzen duen agiririk izan ezean, erakunde publikoek babesa ukatzen diete kasu askotan. Horri aurre egiteko Dublin II araudia berraztertzea edo baliogabetzea proposatzen dute Europako ezkerreko alderdi askok eta migratzaileen eskubideen alde lanean diharduten erakundeek.

Alemaniako giza eskubideen aldeko erakunde zenbaitek, adibidez, «elkartasunean» oinarritutako proposamena argitaratu zuten iragan martxoan, Europako Batasunak Dublin legea baliogabetu eta itsasotik datozen errefuxiatuei asiloa eman diezaien. Hiru dira, erakunde horien irudiko, egungo araudiak dituen akatsak edo gabeziak: alde batetik, Europako herrialdeen artean sortzen dituen desberdintasunak, «Europa erdialdeko gobernuek errealitate hori ukatzen duten arren»; bestalde, «errefuxiatuen eta etorkinen eskubideen berme eza»; eta azkenik, erantzukizun efektu delakoa: «Estatuen bizkar uzten du legeak errefuxiatu eta immigranteen ardura, eta horren ondorioz, mugaldeko kontrolak zorroztu dituzte gobernuek. Horrek atea zabaldu dio hainbat eskubide urraketa arbitrariori», dio txostenak.

Etorkinak «gaizkile»

Eskubide urraketa horien adibide da, hain zuzen, Italiako lehen ministro ohi Silvio Berlusconiren agintaldian onartutako immigrazio legea. Oraindik indarrean dagoen arau horrek polemika latza piztu du herrialdean, gaizkiletzat jotzen dituelako legez kanpoko etorkinak, eta kartzela zigorrik ezartzen ez badu ere, 5.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu —horri gehitu behar zaio migratzaileek mafiei itsas bidaia egitearen truke ordaindu behar izaten dieten dirutza—. Bestalde, 2002ko Bossi-Fini legeak «konplize delitua» ere zigortzen du, etorkinei laguntzen diona ere gaizkile eginez.

Kritika gogorrak egin dizkiete ezkerreko taldeek lege horiei, baina ez dira bakarrak izan. NBE Nazio Batuen Erakundeko Immigrazio Eskubideen idazkari François Crepeauk ere etorkinek jasan beharreko baldintza gogorrak salatu zituen iragan apirilean: «Arauak gero eta konplexuagoak eta murriztaileagoak dira Schengen zonaldean sartzeko. Egun, Europara lan egitera etorri nahi duen behe kualifikaziodun behargin batek aukera urriak ditu, batez ere garatze bidean den hegoaldeko estatu batetik badator. Bestalde, atxilotze arauak ugaritu egin dira Europako estatuetan, EBren oniritziarekin».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)