Etorkinak Basurtuko eraikin batetik botatzeagatik, Bilboko Udalaren jarrera salatu dute
Berria, , 17-05-2013EAEko Ararteko Iñigo Lamarcak Bilboko Udalaren jarrera salatu du, iazko uztailean Basurtuko beilategi zaharretik etorkin batzuk botatzeagatik. Eraikina utzita zegoen, eta 36 etorkin bizi ziren han. Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, ordea, aterarazi egin zituzten. Horietatik 21ek ez zuten egoitza baimena, eta atxilotuta eraman zituzten. Guztiak gizarte bazterkeria egoeran zeuden. Txostenean idatzi du pertsonak soilik kanpotarrak izateagatik kaleratzeak ez duela bat egiten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio eta erakundeek garatzen dituzten immigrazioari buruzko eta diskriminazioaren aurkako politikekin. Salatu du, gainera, etxebizitzen bortxaezintasunerako oinarrizko eskubidea betetzeko kaleratzeek baimen judiziala izan behar dutela. Halaber, nabarmendu du Bilboko Udalak ez duela frogatu pertsona horiek auzokideak mehatxatu edo beldurtu egiten zituztenik, ezta gainerako herritarren segurtasuna arriskuan jartzen zutenik ere. Nabarmendu du herritar bat etxe batetik kaleratzen dutenean kontuan hartu behar dela zein egoeran geratzen den. «Bestelako aukera batzuk aztertu beharko lituzkete».
(Puede haber caducado)