Etorkinek pairatuko dute David Cameronek udal bozetan hartutako kolpea

Erresuma Batuko Gobernuaren ildo nagusiak azaldu ditu Elizabeth II.a erreginak bere urteroko hitzaldian

Berria, , 09-05-2013

Ion Orzaiz

«Gizarteari kasu eman behar diogu. Herritarrek eskatzen digutena entzun eta huraxe aplikatu», esan zuen Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek iragan ostiralean, Ingalaterrako udal hauteskundeen biharamunean. Gizarteak, ordea, muturreko eskuindarren alde egin zuen bozetan. UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdi euroeszeptikoak gora egin zuen nabarmen; gobernua osatzen duten kontserbadoreek eta liberal-demokratek, berriz, emaitza kaskarrak erdietsi zituzten. Eta ihes egindako botoak berreskuratzeko, herritarrek eskatzen dutenari kasu ematea erabaki du gobernuak. Eskuinera mugitu, muturreko eskuindarrak erakartzeko.

Erabaki horren ondorioak pairatuko dituztenak, ordea, etorkinak izango dira, immigrazioaren gaineko kontrol zorrotza baita Erresuma Batuko Gobernuak ikasturte politiko honetan aplikatu nahi duen neurri nagusienetako bat. Hala iragarri zuen atzo Elizabeth II.a erreginak, parlamentuko Lorden Ganbaran eskaini zuen hitzaldian.

Ikasturte politikoari hasiera ematen dion ekitaldia da erreginaren urteroko hitzaldia, eta jakin-min handia piztu ohi du, Ministro Kontseiluak idazten duelako eta gobernuak lehenetsiko dituen politiken erakusleiho delako.

Etorkinak, gaizkileen pare

Erresuma Batuaren «erronka nagusia» ekonomia suspertzea eta defizita murriztea dela esan zuen erreginak zeremoniaren hasieran, baina finantzak bainoago, immigrazioa izan zuen hizpide zazpi minutuko mintzaldian.

Lege proiektuan, paperik gabeko etorkinak delitugileekin parekatzen ditu David Cameronen gobernuak, eta horiek guztiak kanporatzea erraztu nahi du. Hala, paperik gabekoak kontratatzen dituzten enpresei jartzen zaizkien isunak gogortzea aurreikusten du proiektuak. Horrez gainera, legea aurrera ateratzen bada, etxea alokatzen duten pertsonek egiaztatu beharko dute euren maizterrek paperik duten ala ez, eta hori egin ezean, isuna jarri ahalko die estatuak.

Immigrazio sailean lan egiten duten funtzionario eta agenteen botereak handitu nahi ditu Cameronen gobernuak, eta era berean, sail horretan hartutako erabakien kontra helegitea jartzeko eskubidea murriztu.

Gidabaimenik ere ezingo dute eskuratu paperik gabeko etorkinek, Cameronen gobernuak onartu nahi duen legea parlamentuan onartzen badute. Izan ere, nortasun agiririk ez dago Erresuma Batuan, eta gidabaimena erabiltzen da identifikazio tresna gisa, pasaportearekin batera.

Erreginaren hitzaldiaren ostean, Alderdi Kontserbadorearen eta Alderdi Liberal-Demokrataren lan ildoak aipagai izan zituzten gainontzeko ordezkari politikoek. Alderdi Laboristako idazkari Yvette Cooperren aburuz, gobernuak iragarritako neurriek «ez dituzte aintzat hartzen immigrazioaren ondorio larrienak; besteak beste, atzerriko langileen esplotazioa». Ed Miliband laboristen buruak gaineratu zuen kontserbadoreek «pailazo» esaten zietela UKIPeko eskuindarrei, baina orain, haiek ere «zirkuan sartu» nahi izan dutela.

Independentziaren aurka

Etorkinen aurkako neurriak izan ziren kalapita handiena eragin zutenak, baina beste hainbat puntu ere jorratu zituen erreginak atzoko hitzaldian. Horietako bat Eskoziaren independentzia izan zen. Hala, «Eskozia Erresuma Batuaren barruan mantentzeko lan egiteko konpromisoa» agertu zuen. David Cameron lehen ministroak ere bat egin zuen ideia horrekin, Erresuma Batua eta Eskozia bat izateak dituen «onurak» azpimarratzean.

Eskoziarrek 2014ko irailaren 18an egingo dute independentziari buruzko erreferenduma.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)