Ongi etorriak ez diren etorkinak

AEBetako immigrazio politikak azken 26 urteotan izan duen garapena behatu eta txosten bat argitaratu du MPI erakundeak Washingtonek gero eta gehiago lotzen du immigrazioa nazio segurtasuneko gaiekin

Berria, Samara Velte, 09-01-2013

Euskal Herritik doan turista arruntari zelebreak iruditzen zaizkio AEBetara sartzeko igaro behar dituen probatxoak: hegazkinean ematen dioten formulario bitxi batean sinatuta utzi behar du ez daukala asmorik AEBetan inor bahitzeko; aduanako funtzionarioari zertara doan azaldu behar dio; eta maleten bila joan aurretik, hatz marka pare bat eta begi niniaren irudi bat utzi behar ditu han. Besterik da Mexikotik AEBetara ezkutuan sartzen denarentzat, baina bien atzean dago mekanismo bera. Washington Hiriko MPI Immigraziorako Politiken Institutuak ikerketa bat argitaratu du, AEBetako migrazio politikek azken 26 urteotan izan duten garapena neurtuta, eta ondorioa argia da: «Gaur egun, lege kriminalari dagokionez, immigrazioaren kontrola da gobernuaren lehentasuna». Washingtonek diru gehiago gastatzen du migrazioa kontrolatzen duten erakundeetan, bestelako kontrol kriminaletan diharduten agentzia guztietan batera baino.

Politika horien garapena behatzeko, inbertsioei, kontratatutako lan indarrei, kontrolerako mekanismoei eta erabilitako teknologiari erreparatu dio MPIk. 2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuaz geroztik, immigrazioa gero eta lotuago dago «segurtasun nazionaleko» gaiekin. Kontrol mekanismoek gero eta sare konplexuagoa osatzen dute, eta arlo kriminaleko hainbat erakunderekin partekatzen da etorkinei buruzko informazioa, baita nazioartean ere. Hauek dira, txosten horren arabera, gaur egungo migrazio politikaren oinarriak:

1. Immigrazioa, arazo

1986koa da IMRA legea (Immigration Reform and Control Act), gaur egun indarrean den araudia. Harekin, lehenengoz debekatu zieten enpresariei paperik gabeko etorkinei lana ematea. Horrez gain, mugetako kontrolak indartu eta legez kanpoko etorkin gehienak legeztatu zituzten; txostenaren arabera, hiru eta bost milioi artean ziren orduan. AEBak paperik gabeko etorkinetatik «garbitzea» zen helburua, eta gehiagori sartzen ez uztea.

Ez zuen balio izan. Askoz gehiago izan ziren 1990eko eta 2000ko hamarkadetako susperraldi ekonomikoan sortutako lanpostuek erakarritako etorkin gazteak. 2000ko hamarkadaren erdialderako, 11 edo hamabi milioi ziren.

Immigrazioaren aurkako neurrietarako diru gehiago jartzea izan zen gobernuaren erantzuna; txostenaren arabera, «legez kanpoko etorkinen inguruko deserosotasun publikoa biziagotu egin zen 2001eko irailaren 11ren ondoren». Inbertsioak haziz joan dira urtez urte; iaz, immigrazioko kontrolean diharduten bi agentzia nagusietan 18.000 milioi dolar gastatu zituen AEBetako Gobernuak, IMRA legea onartu zutenean baino hamabost bider gehiago.

2. Mugak

Sarrera gune ofizialez gain, gora egin du AEBetako lurraldearen ertzetako zaintzak. Mexikorako mugan aritzen diren Border Patrol patruilak dira horren adibiderik bistakoena. MPIren ikerketaren arabera, «dramatikoa» izan da erakunde horrek langileetan izan duen gorakada; iaz, 21.370 agente zituen denera.

Haien jokabidea ere aldatzen ari da; lehen baino aiseago deportatzen dute orain. Sarritan, prozesu kriminaletan auzipetzen dituzte etorkinak, edo zuzenean kanporatzen dituzte Mexikora edo mugako beste edozein lekutara. Helburua «disuasioa» da, txostenaren arabera: «Horretarako, handitu egiten dute legez kanpoko migrazioaren kostu ekonomikoa, legala eta psikologikoa».

3. Sarbidea

MPIk behatu duenez, aduanetan eta mugako pasalekuetan handitu egin dira kontrol mekanismoak, batez ere 2001az geroztik. New Yorkeko erasoaren ostean, asko jaitsi ziren AEBek emandako bisak. 2011n itzuli zen kopuru hori lehengora; dena den, herrialde musulmanetakoa askoz erritmo geldoagoan normalizatu da.

Gaur egun, ugaritu egin dira kontrol biometrikoan oinarritutako teknologiak. Bisak ematen dituzten funtzionarioek eta mugetan lan egiten dutenek gobernu arteko informazioa dute eskura, eta etorkinei AEBetara heldu aurretik galaraz diezaiekete sartzea. «Muga AEBetako lurraldetik kanpora eramatea» da asmoa, txostenaren arabera.

4. Datuen trukea

Etorkinen kontrolean diharduten erakundeen sarea zabalduz joan da. Gaur egun, agentzia berberek dituzte eskura migrazioari buruzko datuak, arlo kriminalekoak eta segurtasun nazionalekoak. 2001eko erasoekin lotu du hori MIPek: «Atentatuaren osteko hariak lotzea da asmoa». Gobernuak susmagarritzat dituen pertsonei buruz duen informazio oro dute eskura immigrazioko funtzionario nagusiek, migrazio prozesuaren edozein fasetan. Ident datu basea horietako bat da; 148 milioi hatz marka gordetzen ditu, eta urtero hamar milioi gehitzen dizkiote. FBIk erabiltzen duen datu base berbera da, eta 148 milioi horien historia kriminala ezagutzeko balio du.

Immigrazioko erakundeen eta arlo judizialaren arteko lotura ere handiagoa da orain; ondorioz, inoiz baino pertsona gehiago ari dira AEBetatik kanporatzen gaur egun. 1990etik, lau milioitik gora deportatu dituzte; urte hartan 30.000 kanporatu zituzten, eta 2011n, 400.000. Gaur egun, batez beste, legez kanpoko 33.330 etorkin atxilotzen dituzte egunero; 1995ean halako bost.

5. Lantokiko kontrola

Etorkinak lan bila joatea saihesteko, legez kanpo daudenei lan munduratzea zailtzea lortu nahi du araudiak. 1986tik, nagusiak legez behartuta daude kontratatzen dituztenen agiriak egiaztatzera. 2009ko urtarriletik, 8.079 enpresari epaitu dituzte, eta denera 88 milioi dolarreko isunak jarri dituzte auzi horrengatik. Askok, ordea, muzin egiten diote obligazio horri, merkeagoa zaielako paperik gabekoak hartzea, debekuaren arriskuak aintzat hartzen ez dituztelako edo, besterik gabe, burokrazia saihestearren. Gobernuak sistema informatiko bat ere jarri du martxan langileei buruzko informazioa eskatzeko.

6. Apaltzeko joera

2011ra arte, etengabe haziz zihoan legez kanpoko etorkinen kopurua; ordutik, ordea, antzeko samar mantendu da. Krisi ekonomikoak irauten duen bitartean hala jarraituko duela iragarri du MPIk. AEBetan ez dira sortuko lehen bezainbeste lanpostu txiki, eta horrek kanpoko gazte gutxiago erakarriko ditu. Mexikoko aldaketa demografikoek ere eragina izango dutela ohartarazi dute; klase ertaina haziz doa, eta jaiotze tasak behera egin du azken hamarkadetan.

Bestalde, pentsatzekoa da gobernuak immigrazio politiketan ere murrizketak egin beharko dituela, eta ezingo dituela orain arte bezainbeste gogortu kontrol mekanismoak. Dena den, asmatu beharko du zer egin AEBetan paperik gabe bizi diren etorkinekin. Oraingoz, haiei legalizaziorako zirrikituak zabaltzeko aukera ematen zuten proiektuak gauzatu gabe daude; esate baterako, txikitatik AEBetan bizi eta baldintza akademiko edo militar jakin batzuk betetzen dituztenei bizitzeko baimena ematea xede duen Dream Act legea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)