Debekuen mugak

Europan, goraka doa eskuin muturra, kasu batzuetan agintera iristeraino. Alemanian, oraindik errezeloa eragiten dute jarrera neonaziek; NPD alderdia legez kanpo uzteko prozedura bati ekin diote landerrek.

Berria, ALEMANIA. ESKUIN MUTURRA, 08-01-2013

SAMARA VELTE
Familia. Lana. Aberria». Munduko ia edozein estatutan zilegi litzateke lelo hori, alderdi politiko baten printzipio gisa. Ez Alemanian. NPD Alemaniako Alderdi Nazionaldemokratarentzat, hiru dira XXI. mendeak «herri alemanari» ekarri dizkion arazo nagusiak: «Jaiotza tasa jaistea; gehiegizko immigrazioa, arin haziz doana; eta nazioz gaindiko instituzioek erabakitako politika». Eskuin muturreko alderdiaren hitzek gehitxo gogorarazten dituzte Adolf Hitlerren eta NSDAP alderdi naziaren aldarrikapenak, eta horrek berehala pizten du alarma: NPD alderdia legez kanporatzeko prozesuari ekin diote estatu federalek.

Hamasei landerretako Barne ministroek abendu hasieran bozkatu zuten gehiengo osoz debekuaren alde. Orain, estatu federalak ordezkatzen dituen Bundesraten babesarekin, Konstituzio Auzitegian salatu nahi dute NPD. Parlamentuaren eta gobernuaren zain daude, hala ere; Angela Merkel kantzilerrak udaberrirako eman nahi du auziari buruzko iritzia. Eskuin muturra indartzen ari da Europan; Suitzan eta Hungarian, esaterako, boterera ere iritsi da. Alemanian, ordea, horretarako aukera txikiagoa da; Merkelen CDU alderdia zalantzan da, debekuak mesede edo kalte egingo ote dion.

Eskuin muturreko alderdia legez kanpo uzteko, konstituzioaren aurka doala frogatu behar dute estatu federalek. Horretarako, iragan urte eta erdian bildutako 2.649 agiri bildu dituzte, Karlsruheko auzitegian aurkezteko. Gehienak NPDko kideek egindako adierazpenak dira; haien bidez, alderdiaren «jarrera indarkeriazalea» erakutsi nahi dute, eta alderdi naziarekiko duen gertutasuna. Taz egunkariak argitaratu ditu adibide batzuk: «Sistema hau eraisteko bokazioa izan behar dugu. Han eta hemen pixka bat erreformatu; baina sistemari eutsi nahi diotenak joan daitezela errepublikanoengana», esan izan du Daniel Klebel NPDren Hessengo zerrendaburuak. II. Mundu Gerraren ondorioei erreferentzia egiten dionik ere bada; esaterako, Udo Voigt NPDko buruzagi ohiak esana: «Egunen batean, herria mendekatu egingo da, eta sisteman kokatu direnek ardura hartu beharko dute alemaniarrei egin dietenagatik». Winfried Kretschmann —Baden-Wurttembergeko presidentea— ziur da badituztela nahiko zantzu esateko NPD konstituzioz kanpokoa dela: «Pertsonen aurkako alderdi arrazista bat da NPD, eta ez dago zentzuzko arrazoirik hura behingoz legez kanpo ez uzteko».

Nazi ohietatik gazteetara

Gerraostera arte iraundako nazi sorta batek sortu zuen alderdia 1964an, Alemaniaren banaketa nabarmen bihurtzen hasi zenean. Bi aldeak okupatuta zeudelarik, «nazio atomizatua» berriz biltzea zuen orduan helburu.

Gaur egun, 330 ordezkari inguru dituzte udal mailan, eta parlamentuetara ere hasi dira iristen: bi estatu federaletan dituzte diputatuak, baina bietan ozta-ozta gainditu dituzte botoen %5. Alemaniako gizarteak, oro har, maila ertaineko eta ikasketa handirik gabekotzat ditu ultraeskuindarrak; ARD telebista kate publikoak argitaratutako inkesta baten arabera, lau herritarretatik hiru NPD debekatzearen alde daude.

Gizarteko mailaketak eragindako frustrazioak bideratzeko, goian eta behean bilatzen ditu NPDk errudunak. Aise heltzen da gazteengana; estatu federaletan ordezkaritza duten alderdi guztien artetik, batez besteko adin baxuena du: 37 urte. Gaur-gaurko gaietan, kritiko ageri da sistema kapitalistarekin eta gobernuarekin; Alemaniako Konstituzioa gaitzetsi egiten du, II. Mundu Gerraren ostean aliatuek inposatutakoa dela uste duelako. Nekazaritzarako diru laguntzen alde mintzo da, haiek direlako «herriaren elikaduraren oinarria», eta «politika ekologiko arduratsu bat» ere eskatzen du.

Guztiaren oinarrian «herri alemana» dago. NPDk gizartea jatorriaren arabera banatzen du, baina alderdi naziak ez bezala, ez dio Hitlerrek «arraza arioa» deitzen ziona besteak baino hobea denik; ez, behintzat, oso modu esplizituan. Horren ordez, «etnopluralismoa» defendatzen du: NPDren arabera, bada modua jatorri desberdineko herriak elkarren ondoan bizitzeko, baina haietariko bakoitza «garbia» izanda.

Praktikan, ordea, etorkinak erdeinatzen dituzte alderdiko kideek. Jakin badakite Alemanian antisemitismoak ez duela sinpatia handirik sortzen herritarren artean, eta horregatik «kapital juduaz» mintzo dira soilik nazioarteko kapitalismoa kritikatzen dutenean; Israelen eta AEBen boterea gaitzesten dute. Egunerokoan, herrialde musulmanetako etorkinak dituzte nagusiki jomugan. Alemanian, Turkiatik etorritako milioi eta erdi pertsona bizi dira, eta aski polemikoa da hango gizarteak haiekin duen harremana: ez dago oso eskuinera jo beharrik haien aurkako iritziak entzuteko. Besteak beste, laguntza sozialetatik bizitzea eta gizartean ez integratzea —ghettoak sortzea— leporatzen diete. Egoera horretan, aise egokitzen dira NPDren akusazio xenofoboak.

Debekatzeko erreparoak

NPDk estatutik jasotzen ditu diru sarreren %40; debekuarekin, baliabideak dezente murriztuko lizkioke Konstituzio Auzitegiak. Presentzia publikorik gabe ere utziko luke. Hala ere, zalantzan daude politikari asko. NSU talde armatu neonaziak 2000. urtetik 2011ra bitartean egindako atentatuekin lotura izatea egotzi izan diote NPDri behin baino gehiagotan, baina harreman hori ez dute inoiz frogatu. Denbora horretan guztian talde armatua geldiarazteko ezgai izatea leporatu diete Alemaniako alderdi nagusiei, eta hori zuritzeko saio bat izan liteke debekua. Ondo ateraz gero, jokaldi ona izan daiteke 2013ko hauteskundeen atarian, batek baino gehiagok ohartarazi duen arren alderdi bat debekatzeak ez lukeela hauteskunde politikaren barruko ekintza sinboliko izan behar.

Karlsruheko Auzitegiak zer esango duen ere ez baitago batere argi. Alderdi bat konstituzioaren aurkakoa dela ebazteko, «askatasun demokratikoaren oinarrizko erregimena» urratzen duela frogatu behar da, eta horretarako, ez da aski konstituzioaren aurkako jarrera izatea; «indarrean den ordenaren aurkako indarkeriazko jarrera aktiboa» ikusi behar du auzitegiak. Eta Karlsruheren ondoren, Estrasburgok du hitza; baliteke Europako Giza Eskubideen Auzitegia debekuaren aurka agertzea.

2003an ere saiatu ziren NPD salatzen, baina auzitegiak bertan behera utzi zuen prozedura, aurkeztutako frogak polizia infiltratuen bidez lortutakoak zirela ebatzi zuelako. Orduko hartan betoa eman zuten epaileetako batek, ordea, oraingoan agiriak zuzenean lortutakoak direla azaldu dio Frankfurter Allgemeine Sonntagszeitung kazetari. Hala ere, tentuz dabiltza politikari gehienak; bigarrengoz huts egiteak ez ote dion onarpen gehiegitxo emango alderdi ultraeskuindarrari.

Alderdiak debekatzea demokraziaren aurkako jarduera da, izatez. Hala ere, NPDrena ez litzateke lehen aldia Alemaniarentzat. II. Mundu Gerraz geroztik, bi alderdi utzi ditu legez kanpo hango Konstituzio Auzitegiak: nazien ondorengo SRP, Reicheko Alderdi Sozialista, 1952an; eta KPD Alemaniako Alderdi Komunista, 1956an. Gobernuak eta landerrek beste hiru debekatu dituzte, ezker zein eskuin muturrekotzat jota: Fronte Nazionalista, 1992an; PKK Kurdistango Langileen Alderdia, 1993an; eta FAP Askatasunerako Langileen Alderdia, 1995ean.

Sistemarentzako arriskua

NPD xenofoboa da, gutxiengo etnikoen aurkako gorrotoa darabil diskurtsoetan eta bazterkeria bultzatzen du; ahal izanez gero, berak ere debekatu nahi lituzke beste alderdiak. Baina zalantzazkoa da NPD benetan har al daitekeen arrisku gisa Alemaniako sistema politikoarentzat. Norbert Lammert parlamentuko presidenteak ohartarazi du alderdi ultraeskuindarra «gutxitan» egon dela orain bezain ahul. 2009ko parlamenturako hauteskundeetan, botoen %1,5 baino ez zituen jaso Alemania osoan. Soilik bi estatu federaletako parlamentuetara heldu da oraingoz: Saxonian botoen %5,6 jaso zituen 2009ko bozetan, eta Mecklenburg-Aurrepomeranian, %6 2011n. Gainontzekoetan ez da %2tik igarotzen, eta bi horietan ere puntuak galdu ditu azken bozetan.

Datu horiek kontuan izanda, debekuak ekar ditzakeen arrisku politikoak handiagoak direlakoan da Lammert. Alemaniako eskuin muturra NPD baino dezente zabalagoa dela ohartarazi du; Münchner Merkur kazetak argitaratutako datuen arabera, Alemaniako herritarren %13k du ideia neonaziekin harremana. Eta hitzak debekatu daitezke, baina pentsamenduak ez; Lammertek ohartarazi du eskuin muturrak klandestinitatean ere sortuko lituzkeela bestelako egiturak.

NSUren atentatuen aurrean behar bezala ez erantzun izana estaltzea bada klase politikoaren helburua, debeku batek ere ez du bermatzen halakorik berriz gertatuko ez denik. Klandestinitatean horiek ugaritzeko arriskua ikusten dute zenbait politikarik. Lammertek ere esan izan du beldur dela debeku batek —baita martxan den debekatzeko prozesuak ere— ez ote duen «eskuin muturreko boto emaileen artean NPDrekiko elkartasunezko jarrera suspertuko».

Merkelen zalantzek ere ez diote askorik laguntzen prozesuari. Alderdi ultraeskuindarra debekatzearen alde balego, jada hartuko zukeen horren aldeko jarrera. Ez ditu NPDkoak gutxietsi nahi, baina ezta arreta gehiegi oparitu ere. Bi aukerak balantzan jarriak ditu, zein izango estrategikoago datorren urteko hauteskundeetarako. NPDren presentziak ez du oso eragin handirik izango Merkelen CDU alderdi kristaudemokrataren emaitzetan, baina hura debekatuta ere nekez irabaziko du punturik.

Kanpotarrekiko mespretxua erauztea bada asmoa, ez da nahikoa neonaziak debekatzea, xenofobia ez baitago hor bakarrik; askoz gehiago dira euren burua «islamarekiko kritikotzat» dutenak, zentro-eskuin onartuaren eta eskuin mutur gaitzetsiaren arteko muga sarritan gainditzen dutenak. CDU ere hortxe kokatzen da; NPD hauteskundeetatik at lagata, alderdi gutxi geldituko dira bera baino eskuinerago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)