Azkenean hil egin dute

«Ahalegin guztiak» egin dituzte Mohamed Merah bizirik ateratzeko, baina polizien bizia arriskuan zegoela esan du Sarkozyk Yund al-Jilafa Al-Qaedarekin lotura duen taldeak hartu du Merahen ekintzen ardura

Berria, , 23-03-2012

Mohamed Merah bizirik ateratzeko agindua zuten poliziek, baina ez dute lortu. Frankotiratzaile baten balak buruan eman dio bete-betean, eta, harengana gerturatzerako, hilda zegoen. Bideo joko batean bezala astindu du metrailadorea Tolosako etxera bat-batean sartu diren segurtasun indarren kontra, eta, tiro egiten duen bitartean, lehen solairuko etxeko leihotik salto egin, eta lurrera gorpu erori da, gatibu zutela poliziei berritsu kontatu bezala: armak eskuan. Borroka posturan hartu ditu poliziak, atea bota eta etxera sartu direnen arabera. Hiru militar eta lau judu hil zitueneko kontaera osoa da polizien araberakoa.

Asteazkeneko 03:00etatik atzo eguerdira arte 32 ordu egin zituen Poliziak setiatuta. Lehen orduetan hark ustez poliziei kontatutakoa zabaldu zuten: Al-Qaedaren ekintzaile jihadista zen, Frantziaren Afganistango esku hartzea salatu nahi zuen; haur palestinarren egoerari aurre egiteko, mendekua hartzeko gogoa sentitzen zuen; eta salafisten kredoa defendatzen zuen, islamaren joera hertsiena, emakume musulmanen zapia debekatzeko legearen kontrakoa. Mohamed Merah «Yusuf al-Faransi anaia» zen Yund al-Jilafa taldearentzat. Al-Qaedarekin lotura du talde horrek, eta bere gain hartu ditu Okzitaniako Montaubanen eta Tolosan Merahek hildakoak: «Operazio bedeinkatuak» taldearen ardura dira.

Merahen diskurtsoa kartzelan egon bitartean gogortu zela esan dute poliziek, Koranaren irakurketan sakondu zuenean. Aurretik garrantzi gutxiko lapurreta batzuk egin zituen, eta, hain zuzen, horietatik lortutako diruarekin eskuratu zituen armak eta lehergailuak, François Molins Frantziako fiskalaren arabera. Molinsek zuzendu du ikerketa guztia, eta haren gidaritzapean daude Merahen gorpua atera bezain laster etxea goitik behera miatzera sartu ziren ikertzaileak ere. «Ikerketa gardena» agindu du.

Herenegun eguerdirako etsi egingo zuela agindu zuen Merahek, baina ez zen horrelakorik gertatu. Bitartekarien bidez saiatu ziren konbentzitzen: alferrik. 20:45ean armak eskuan zituela hilko zela jakinarazi zuen. Hori izan zen esan duen azkena.

Eguna iluntzearekin batera mutu geratu zen. Poliziak etxeko leihoak apurtu zituen, orduetako nekeaz gain hotza senti zezan, eta bere burua entregatu. Gauean bertan leherketa soinuak entzun ziren inguruan; atzo goizean ere bai, eta inork ez zekien haiek polizienak edo hiltzailearenak ziren, baina Polizia zen, gaztea «izutzeko» estrategian. Horrek ere ez zuen balio izan, eta azkenean sartu egin ziren: «defentsan» tiro egin behar izan zuten.

Bizirik nahi zuten, baina epailearen aurrera eramateko «ahalegin guztiak» eginda ere ez da posible izan, ezin zuten-eta jende gehiagoren bizitza arriskuan jarri, «hildako gehiegi» egon direlako, Nicolas Sarkozyren ustez. Bost polizia zauritu zituen Merahek erasoan.

«Amets gaiztoa bukatu da», eta gertatutakoa ez bada ere berehalakoan ahaztuko musulmanak ez estigmatizatzeko eskatu du presidenteak: «Herrikide musulmanek ez dute terrorista baten asmo eroen batere errurik, ezin dugu era horretako nahasketarik egin». Hil zituen hiru militarrak musulmanak zirela gogorarazi du.

Sarkozyk musulmanen inguruan esandakoak gutxienez harridura eragingo luke Tolosako hilketak gertatu ez balira. Herenegun Montaubanen izan ziren Sarkozy eta hauteskundeetara aurkeztuko diren presidentegai gehienak, militar musulmanen hileta militarrean; baina astelehenean Tolosako Ozar Atorah eskolan hildako hiru umeak eta irakaslea juduak izan ez balira, ia oharkabean igaroko ziren Montaubangoak. Hiletan, militarren senideak kexu ziren, juduen hilketaren aurretik ez zutelako Eliseotik dei bat ere jaso.

Atzo arratsaldean bertan, Estrasburgon kanpainari eutsi zion berriz Sarkozyk bi eguneko etenaldia egin ondoren. «Munstro», «fanatiko» deitu zion han Merahi. Kanpainak beste kutsu bat du orain.

Tolosako eta Montaubango dramak terrorismoaren kontrako segurtasunari buruzko eztabaida zabaldu du kanpainaren erdian. Alain Juppe Atzerri ministroak «Frantziako jihadista bakanak kontrolatuta» daudela ziurtatu du, baina hala ere neurriak zorroztuko dituztela. «Frantziaren segurtasun indarren eraginkortasuna, behintzat, ez dago zalantzan jartzerik». Hala erakutsi dute Tolosan. Horrelako ekintzei aurre egiteko presidenteak hauspotu duen batasun nazionalari esker, Errepublikako frantziar guztien presidentearen rola berreskuratu du Sarkozyk. Berak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak zuzentzen duten Europaren gainbehera, Europaren beraren izaera eta ekonomiaren krisia bigarren mailan geratu dira kanpainan. Apirilaren 22rako, hala ere, egun asko falta dira, eta maiatzaren 6rako zer esanik ez. Inkesten arabera, Sarkozyk bigarren itzulian galduko lituzke hauteskundeak.

Ama eta anaia

Martxoaren 11ko, 15eko eta 19ko zazpi hilketetan bakarrik aritu zen Merah. Haren kameraz grabatu dituzten irudiak dira horren lekuko, baina haren ama eta anaia Albelkader Merah atxilotu egin dituzte, eta auzibidea zabaltzea aztertzen ari dira. Anaiaz dagoeneko esan dute Irakeko jihadistekin izan duela harremana, eta susmagarritzat jo dute Merahen amak poliziei laguntza ukatu izana haiek semearekin negoziatzeko eskatu ziotenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)