Xenofobiaren aurkako manifestazioa egingo dute bihar, Iruñean

Paperak Denontzat-en arabera, gobernuari arrazakeriaren aurkako neurriak har ditzala eskatzea da helburua

Berria, , 23-03-2012

Erredakzioa Donostia

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen herenegun, eta, horren aitzakian, manifestazioa egingo dute bihar Iruñean, Gaztelu plazan (13:00), Eskubide guztiak pertsona guztientzat lelopean. Nafarroako Paperak Denontzat plataformak deitu du manifestaziora: «Gobernuari arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako neurriak har ditzala exijituko diogu. Giza eskubideak unibertsalak dira, eta ez dakite koloreak edo lurraldeak zer diren».

Paperak Denontzat taldearen arabera, Nafarroako Gobernuak etorkinak integratzeko daukan politika ez da egokia: «Egun dagoen legeak baztertu egiten ditu atzerritar irregularrak, eta guztira 6.000 inguru dira». Poliziak nortasun kontroletan erabilitako arraza irizpideak ere salatu ditu plataformak. Dena den, uste dute gizarte osoaren zeregina dela arrazakeria gelditzea: «Agintariek aukera dute etorkinen aurkako joera gelditzeko, baina gizartearena da erantzukizuna».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)