Ehun biztanletik bakar batek uste du eragiten diola immigrazioak

Ikuspegik azaldu du EAEn immigrazioa eta krisia ez direla lotzen, baina ekonomiaren perspektibak eragin dezakeela iragarri du Integraziorako «testuinguru lagungarriago» bat dago egun, Gorka Morenok dioenez

Berria, jon rejado, 16-03-2012

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %5,6k zuzenean eragiten dien arazotzat ikusten dute immigrazioa; gehien eragiten dieten hiru arazoen artean immigrazioa aipatu dute; ehunetik batek baino ez du arazo nagusitzat jo. Gehienentzat, langabezia eta arazo ekonomikoak dira lehen arazoak. 2010eko datuen aldean jaitsiera izan da, orduan biztanleen %8k arazo pertsonaltzat jo baitzuten immigrazioa.

Ikuspegi Immigrazioaren EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Behatokiaren 2011ko Barometroaren datuak 2010ekoak baino «dezente hobeak» dira, Gorka Moreno Ikuspegiko koordinatzailearen ustez. Bertoko biztanleek immigrazioari buruz duten pertzepzioa aztertzen duen ikerketaren emaitzaren ondorio nagusia argia da: «Testuinguru lagungarriagoa dugu integraziorako». Immigrazioa arazo moduan ikusten duten pertsonen kopurua jaitsi egin da, bai norbere arazotzat ikusten dutenena, baita EAEko arazotzat jotzen dutenena ere. %5 inguru jaitsi da hori pentsatzen dutenen kopurua urte batean.

Ikuspegiren inkestaren arabera, arazo nagusiak krisi ekonomikoarekin lotuta daude: langabezia, arazo ekonomikoak, pentsioak… Datu horiekin, Ikuspegik ondorioztatu du herritarrek ez dituztela lotzen immigrazioa eta krisi ekonomikoa. Nolanahi ere, ekonomiaren pertzepzioak nolabaiteko eragina izan dezakeela aurreratu du Ikuspegiko koordinatzaileak, eta datozen urteetako barometroetan hori aztertzeko aldagaiak txertatuko dituztela adierazi du.

Tolerantzia indizeen emaitzak hipotesi hori sorrarazi du. Ikuspegik antzeman du EAEko barne produktu gordinaren bilakaera eta 2007tik 2011ra arteko tolerantzia indizearen bilakaera parekoak direla. «Asko pentsatu dugu horretan, eta uste dugu aurrera begirako perspektibek eta norberaren gogobetetasunak datuak azaltzen dituztela».

Oro har 2010ekoak baino datu hobeak izan arren, bertokoen eta etorkin atzerritarren arteko elkarbizitzari buruzko datuek okerrerako bidea hartu dute. Bertokoen eta atzerritarren arteko elkarbizitzan aldaketarik ez dagoela uste dutenak mantendu egin dira. Ordea, elkarbizitzak okerrera egin duela uste dutenen kopurua handiagoa da, hobera egin duela pentsatzen dutenena baino.

Jokabide anbibalentea

2011ko barometroak zenbait datu positibo utzi dituela baina aurreko urteetako egoera batzuk berresten dituela azaldu du Ikuspegik. Besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek jokabide anbibalentea dutela; hau da, gauza batzuetan oso toleranteak dira, baina beste batzuetan aurkako jarrerak dituzte. Morenok azaldu du jokabide hori kultura aniztasunari buruzko ikuspuntuetan geratzen dela agerian. «Azaleko kultur aniztasuna ikus daiteke une batzuetan; azaleko gauza batzuekiko oso irekiak gara, baina ahalegin gehiago eskatzen diguna ez dugu horren argi».

Inkestatu gehienek uste dute etorkin atzerritarrek bertako kultura bizitza aberasten dutela, eta hamarretik seik uste dute immigranteek ez dituztela bertan behera utzi behar beren kultura eta ohiturak onartuak izateko. Dena den, hamarretik zortzik bertako ohitura eta tradizioak hartzeko ahalegina eskatzen diete etorkinei, elkarbizitza hobea lortzeko.

Aurreko barometroetan agertu diren estereotipoak errepikatzen direla gaineratu du Morenok. Immigranteek osasun zerbitzuak gehiegi erabiltzen dituztela eta gizarte laguntzak gehiegi baliatzen dituztela uste du, oraindik ere, gizartearen ehuneko handi batek. «Datuek erakusten dute hori ez dela horrela, baina zaila da tripetan dagoen sentipen bati datu hotzekin aurre egitea».

Osasuna, hezkuntza eta laguntza juridikoa etorkin atzerritar guztiek jaso beharko lukete, egoitza baimena izan ala ez; EAEko hamar biztanletik zazpik uste dute hori. Ordea, eskubide batzuk —boto eskubidea, gizarte laguntzak…— egoitza baimena dutenei ematearen aldekoa da gehiengoa.

Bestalde, immigrazio politiken eta lanaren arteko lotura zuzena egin dute inkestatuek, Ikuspegiren iritziz. Besteak beste, lan kontratua dutenei EAEn sartzen uztearen alde daude lautik hiru, baina ez lituzkete kaleratuko lana galdu arren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)