Immigranteei Erresuma Batuan geratzeko aukera murriztu diete

Urtean 42.000 euro irabaztea izango dute baldintza, bost urte lan egin ostean herrialdean bizitzen geratzeko

Berria, , 01-03-2012

ERRADAKZIOA
Erresuma Batuan bost urte lanean izan ondoren, batez beste, urtean 60.000 immigrante geratzen ziren han bizitzera; onartu berri duten araudiaren ondorioz, 20.000 izango dira. Theresa May Barne ministroaren arabera, «langile gonbidatuak» izango dira hemendik aurrera. Erresuma Batuan geratzeko baldintza, berriz, urtean 42.000 euro baino gehiago irabaztea izango da.

«Etorkizunean kontrol gehiago ezarriko dugu ziurtatzeko soilik inteligenteenak eta onenak geratuko direla», adierazi dio idatziz Barne ministroak Legebiltzarrari. Hori bai, eskulana behar den sektoreetan berrikusi ahal izango da 42.000 euroko baldintza.

Atzerritik iristen diren ikasleen kasuak ere gertutik aztertuko dituzte. Lizentziatu eta gero soilik geratu ahal izango dira urtean 23.800 euro irabazten dutenak, eta, bost urte igaro ondoren, gainerakoen baldintza berak izango dituzte herrialdean jarraitzeko.

Arau hori neurri handi batean ikasleen immigrazioa saihesteko hartu dute, Mayk nabarmendu duenez; baina Erresuma Batuko ikasle erakundeek gogor gaitzetsi dute erabakia, eta, ziurtatu dutenez, ikastera iristen direnen %79 etxera itzultzen dira.

Neurri berri horrek eragingo dionak familia badu ere, horrek ez du erraztuko geratzea. Erresuma Batutik alde egin beharko dute, berdin-berdin. Orain arte, baldintza ekonomikoa ez da irizpide izan herrialdean geratzeko. Orain arte, geratzeko baimena lortzeko interesatuek bost urtean integratzea lortu zuten begiratzen zen.

Kontserbadoreen eta liberalen gobernu koalizioak immigranteen taldea 250.000tik 100.000ra murriztu nahi du 2015 bitartean, baina soka luzea ekarriko du araudiak, politikariek ez ezik enpresarioek ere salatu baitute neurria. Giza ikuspuntutik esan nahi duenaz gain, ekonomiarentzat ere kaltegarria izango dela uste dute. Praktikan, legeak, behar denerako, gobernuari komeni zaion malgutasuna izango duela salatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)