AEB. Immigranteen kontrako legeak

'Sweet home Alabama'

Alabamakoa da paperik gabeko etorkinen aurka indarrean dagoen legerik gogorrena. Arizona, Utah, Georgia, Hego Karolina eta Indianako legeekin batera, auzitegian dago.

Berria, Gari Udabe New York gariudabe@hotmail.com, 14-10-2011

Etxea eroso, babestuta, lasai eta bero egoteko lekua izan ohi da gehienetan. Errealitatean, Alabaman, etxeko goxotasun gutxi. Etxea amets gaizto bilakatu da milaka paperik gabeko etorkinentzat.

Henao eta Carmen Alabama estatuko Montgomeryn bizi dira, 11 urteko seme Carlos eta 6ko Guadaluperekin batera. Mexikotik paperik gabe pasa ziren, duela bederatzi urte, eta, orduz geroztik, hura dute bizileku eta etxe. Jatetxe batean lan egiten du Henaok, eta familia bateko umezain moduan Carmenek. Carlos eta Guadalupe beraien ikasketak egiten ari dira herriko ikastetxean. Ordu asko lan egiten badituzte ere, bizimodu lasaia eramatea gustatzen zaie, eta familia girokoa. Gaurdaino, ez dute inorekin arazorik izan.

Duela astebetetik, ordea, kalera nortasun agiririk gabe ateratzea delitua da Alabaman. Atxilo eraman ditzakete Henao, Carmen eta familia osoa. Segurtasun indarrek, poliziek, norbait paperik gabekoa dela edo AEB Ameriketako Estatu Batuetan legez kanpoko egoeran egon litekeela uste edo susmatzen badute, dokumentazioa eskatuz, eta hala behar balitz atxilotuz, edonoren immigrazio egoera aztertu ahal izango dute nahi dutenean.

Halaxe irakur liteke ur hornidura ematen duen konpainiak etxeetara bidali dituen oharretan: «Immigrazio lege berria dela eta, Alabamako Nortasun Agiria edo gidatzeko baimena ekarri beharko diguzue. Hala egin ezean, ura moztuko dizuegu».

Izan ere, konpainia pribatuek, enpresari txikiek, argindarra eta ura emateaz arduratzen direnek, eta zabor biltzaileek duela astebetez gero debekatuta daukate Henao eta Carmenen moduko paperik gabekoekin inolako kontraturik sinatzea.

Carlos eta Guadalupe umeak ere bete-betean harrapatu ditu erabaki honek. Lehendabiziko aldiz, immigrazio lege batek adingabeak jo puntuan hartu ditu. Horren arabera, ikastetxeek beraien ikasleen egoera aztertu beharko dute.

Legearen arabera, dagoeneko onartu diren ikasleek ez dute paperik entregatu beharko. Eta azkeneko hamar urteetan ikastetxe berera joan den ikasleak, berriz, bere datuak eman beharko ditu, baldin eta beste zentro batera joan nahi badu. Hala eta guztiz ere, Alabamako zenbait ikastetxek, dagoeneko, jaso dute ikasle guztien inguruko informazioa. Bizitza aldaketa horren guztiaren errua aspaldian ondo ikasita zeukaten HB56 legeak ekarri die Henao eta Carmenen moduko milaka etorkin paperik gabekori.

Epaitegien erabakien zain

Alabamako gobernadoreak ekainaren 9an sinatu ostean, Barack Obama presidenteak eta haren administrazioak hala aginduta, Justizia Departamentua izan zen legea auzitara eraman zuenetako bat. Duela egun batzuk etorri da Blackburn epailearen ebazpena: legea balekoa da. Hala eta guztiz ere, ezabatu egin ditu paperik gabeko edonor autoan eramateko debekuaren atala eta paperik gabekoei lana eskatzea debekatzen ziena.

Obamaren hitzetan, «estatu mailan aurrera ateratzen diren immigrazio legeak saihestu egin behar dira, horiek onartzea arazo handi bati petatxu bat jartzea bezala delako». Horregatik, nazio mailako immigrazio erreforma baten beharra ikusten du presidenteak. Errepublikanoak, ordea, ez daude ados, eta Kongresuan antzeko proposamenei trabak jartzen jarraitzen dute.

Alabamako kasuan, eta nahiz eta legea indarrean sartuta egon, Blackburn epailearen erabakiaren aurkako helegitea jarri du Obamaren gobernuak. Baina ez da justiziara jo duen lehen aldia izan, beste zenbait estatutan ere indarrean jarri nahi baitituzte antzeko legeak.

Arizonako SB1070 legea izan da sonatuena, eta seguruena protestarik gehiena eragin duena. Bereziki, Poliziak edonori, edonon paperak eskatzeko eskubidea izateak piztu zuen sua, arrazagatik jende asko susmagarritzat jotzeko arriskua ikusten dutelako etorkinen aldeko hainbat elkartek.

2010eko apirilaren 23an Jan Brewer gobernadoreak proposamena sinatu ondoren, urte bereko uztailaren 29an zen indarrean sartzekoa lege gisa. 24 ordu lehenago, ordea, Susan Bolton epaileak bertan behera utzi zituen legeak biltzen zituen atalik eztabaidagarrienak.

2011ko apirilaren 11n, berriz, Obama presidenteak hala eskatuta, Apelazio Epaitegiak atal horiek bertan behera uzteko erabakia berretsi zuen. Une honetan Epaitegi Gorenean dago kontua. Kasua aztertzea erabakiz gero, 2012ko erdi alderako erabakita egon liteke. Hauteskunde kanpaina bete-betean dagoenerako, beraz.

Arizonan eta Alabaman bezala, Utah, Indiana, Hego Karolina eta Georgian indarrean jarri nahi dituzten antzeko legeen aurka ere egin du gobernuak. Batzuetan osotasunean, eta beste batzuetan zenbait artikuluren aurka. Kasu horietan ere epaitegien esku dago legez kanpoko egoeran dauden milaka etorkinengan eragin zuzena duen erabakia hartzea.

Eraginak eta erreakzioak

Alabaman indarrean sartu den legearen ondorioak zeintzuk diren astebeteko epean ikusi da: umeak ikastetxera eta helduak lantokietara joateko beldur dira, eta asko eta asko, maletak egin, eta urteetan beraien bizileku izan diren herri eta hirietatik alde egiten ari dira. Latinoamerikarrak —nahiz eta AEBetako herritartasuna izan— ofizialki susmagarriak dira Alabaman, nortasun agiria soinean eramaten ez duen edonor atxilotu daitekeen estatu bakarra da AEBetan.

Mac Higginbotham Alabamako Nekazari Federazioko salgaietarako zuzendaria da Montgomeryn. Haren ustetan, «Ameriketako estatubatuar askok ez dituzte beraientzat nahi eguzkipean egin beharreko lan gogor hauek. Nekazari guztiongan eragina izango du». «Uzta lantzen jarraitu beharra daukagu. Baina nork egingo ditu lan horiek?», galdera egiten du sektoreko Jay Reed ordezkariak.

Izan ere, horrek guztiak ekonomian duen eragina ere kontuan hartzekoa da. Itsas ertzean dagoen Foley herri turistikoan milaka hispanok lan egin izan dute bertako jatetxeetan, itsaski enpresetan eta baserri eta landetxeetan. Joan den asteaz geroztik, beraien haurrak ikastetxeetatik atera dituzte, dauzkaten jabetza guztiak kamioietan sartu dituzte, eta agur esan diete agian sekula berriro ikusiko ez dituzten bizilagun eta lankideei.

Linda Harris Ingeles irakaslea da Foley Elementary ikastetxean: alde egite horren lekukoa izan da. «Epailearen erabakiaren berri izan eta nire ikasleak atetik ateratzen ikusi ditudanean bihotza hautsi zait. Pentsatu dut agian sekula gehiago ez ditudala ikusiko».

American Federation of Teachers irakasleen elkarteko lehendakaria da Randi Weingarten. Azaldu du gurasoak kezkatuta daudela beraien haurrei ikastetxeetan zerbait gertatuko ote zaien, eta pentsatzen du «irakasleek haurren zaintzaileak izan behar dutela eta ez poliziak».

Southern Poverty Law Centerreko zuzendaria da Mary Bauer, eta, haren ustez, «eskoletako eta gobernuko hainbat langile immigrazio agente moduko bilakatuko dira, eta hori haur eta familientzat ez da batere mezu ona».

Egoera hori ikusita, Vianey Garcia Alabamako paperik gabeko etorkinak alde egin beharra sentitzen du. Baina, aldi berean, «traste guztiak hartu eta poliziak geratuko nauen beldurra dut», gaineratu du.

St. Joseph’s Catholic Churcheko Paul Williams apaizak dio «jendea elizara joateko ere arduratuta» dagoela. Komunitatearen %20 galdu dute azkeneko asteetan Hispanic flock at St. Margaret of Scotland Church elizan, eta «gehiagok alde egingo dute hurrengo asteetan ere. Giza tragedia da hau», dio kezkaturik Paul Zoghby bertako apaizak. «Hemezortzi urteotan bizi izan dudan gertakaririk tristeena da honako hau».

Jose Perez 15 urteko gaztea da. 2 urte zituenetik Alabamako estatuan bizi da: «Ez daukat ideiarik ere nire Mexiko jaioterriaz. Nire gurasoek bizitza hobe bat izateko ekarri ninduten hona. Hemen geratu, eta sinesten dudanaren alde borrokatzea besterik ezin dut egin».

Legearen aurka epaitegietan aurrera egiten jarraitzeko prest egoteaz gain, «Alabamako biztanleak mobilizatzeko, lege honen aurka eta etorkinen aldeko justizia bultzatzeko prest» daudela dio Isabel Rubiok, Hispanic Interest Coalition of Alabamako zuzendariak.

Alabamako biztanleriaren %3 besterik ez da komunitate hispanoa. Txikia, beste estatu batzuetako %12arekin konparatuz gero. Baina kontuan hartu behar da azken hamar urteetan komunitate hau gehien hazi diren estatuen artean bigarrena dela (%145 inguru). Horixe izan da legea aurrera atera nahi izanaren arrazoi nagusietako bat.

Gai beroa politikarientzat

Boterean dagoen Obama presidentearentzat eta haren gobernuarentzat gai beroa izan da etorkinena legegintzaldi honetan, eta gaiak ez du indarrik galduko, ez abiatzear dagoen kanpainan, ezta hurrengo gobernuaren erabakietan ere.

Azken urteetan atxilotutako etorkin kopuru handiena ematen ari dira azkenaldian AEBak: atxiloketak %25 igo dira, eta Obama presidente denetik 400.000 baino deportazio gehiago izan dira —hirutik bi muga legez kanpo pasatzeko saioan harrapatutakoak dira—.

2012ko hauteskundeak ate joka datoz, eta duela hiru urtekoetan bezala, inor gutxik jartzen du zalantzan orain ere hispanoek garrantzi izugarria izango dutela hurrengo presidentea nor izango den erabakitzerakoan.

America’s Voicek egindako ikerketa baten arabera, Etxe Zurian aginte makila eskuratu nahi duenak hispanoen botoen %40 jaso beharko ditu gutxienez. Eta horretaz errepublikanoak eta demokratak ondo jabetuta badaude ere, norabide nahikoa desberdina eraman nahi dute.

New Mexico eta Texas estatuekin batera, orain Kalifornian, Dream Act deituriko legea indarrean dago: haren arabera, paperik gabeko unibertsitarioek bekak eta diru laguntzak eskatzeko aukera dute hiru estatu horietan. Alderdi Demokratako Jerry Brown Kaliforniako gobernadorea izan da eskubide hori aitortzen azkenekoa.

Obama Dream Act deiturikoaren alde badago ere, bere alderdi barrutik jarri dizkiote oztopoak: joan den abenduan, alderdi demokratako bost kideren kontrako botoengatik Kongresuan ez zuen aurrera egin oso antzeko lege batek.

Errepublikanoen artean, berriz, ez du onarpenik lege horrek, besteak beste, uste dutelako etorkinak legez kanpo herrialdera sartzera bultzatzen dituela. Zorrotz daude haren kontra, baita lege horren edo antzekoen defentsan agertzen den edonoren kontra ere.

Adibidetarako, Rick Perry Texasko gobernadore errepublikanoa eta presidentetzarako hautagaia: paperik gabekoen seme-alaba ikasleei laguntzak ukatzea «bihotzik ez izatea» zela esan zuen Floridan, duela aste gutxi, bere alderdikideen aurrean. Esan bazuen, esan zuen. Hautagai moduan aukeratzeko inkestetan izaten ari zen beherakada gerarazteko, barkamena eskatu behar izan zuen.

Erdi bideko erabakiak hartuta geratu direnak Illinois, Kansas, Maryland, Nebraska, New York, Utah, Washington eta Wisconsin estatuak izan dira: paperik gabeko pertsonek ikasketak egiteko aukerak izan ditzaten, lege bereziak onartu dituzte, baina ez Dream Act deiturikoa. Colorado, Connecticut, Florida, Iowa, Massachusetts, Mississippi, Missouri, Oregon eta Rhode Islanden bide bera hartu nahiko lukete 2011. urtea amaitu baino lehen.

Politikarien arteko hika-mikak aurrera jarraitzen duen bitartean, nork bere alderdi barruan gai honekiko mugak definitzen edo aldatzen jarraitzen duen bitartean, Alabama, Arizona, Utah, Indiana, Hego Karolina eta Georgia estatuetan, gorriak pasatzen etorkinek jarraitzen dute.

Ametsak betetzen ziren herrialdera etorri ziren milaka lagun. Familiak osatuz, lan eginez eta herri bizitzan parte hartuz, egun batean etxean bezala sentitzea lortu zuten. Baina orain, ametsak zapuztuta, sorterrirako bidean jarriko dira berriro asko eta asko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)