«Erabakigarriagoa izan naiteke irabazten hasten garenean»

Denboraldi hasiera ona egin du, eta Nafarroako Erresumako harmailak harritu ditu. Ezker hegaleko biziaren iritziz, Osasunak oker txikiak konpontzen dituenean egingo du gora

Berria, Asier Legarda-Ereño Iruñea, 13-10-2011

Azken orduan lortu zuen fitxatzea Osasunak Roland Lamah (Abidjan, Boli Kosta, 1987). Le Mans taldean ari zen Belgikako selekzioarekin aritu izan den ezker hegaleko erdilaria Frantziako Ligan, 2. mailan. Mendilibarren konfiantza berehala lortu du, eta ezinbestekoa bilakatu da Osasunan. Azkarra eta erasokorra dela erakutsi du, eta Camuñasen hutsunea ondo beteko duela dirudi.

Nola egokitu zara Iruñera?

Ondo, oraindik egokitzen ari naiz, baina ez daukat aitzakiarik. Hizkuntzarekin pixkanaka hobeto moldatuko naiz; nire bizitza pertsonalean ez naiz zaila, eta erraz egokitu naiz hiri berrira.

Hizkuntzarekin dituzun arazoentzat itzultzaile ona aurkitu duzula dirudi, ezta?

Kar-kar… Bai, bai Ibrahima ez da itzultzaile txarra. Asko laguntzen ari zait, bai.

Entrenatzailearekin hitz egin behar duzun bakoitzean izaten al duzu aldamenean Ibrahima?

Ez, ez, une oro ez; hasieran bai, baina orain normalean keinuekin edo ulertzen ditudan hitz apurrekin ez daukat arazorik entrenatzailearekin konpontzeko. Hargatik, zerbait sakonago azaldu nahi baldin badit, Ibrahima hor izaten da beti laguntzeko prest.

Belgikako Liga edo Frantziako Liga ezagutzen dituzu. Espainiakoa gogorragoa dela nabaritu al duzu ?

Liga bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere gauza onekin eta txarrekin. Dena dela, Espainiako Liga futbolaren gailurrean dagoela uste dut, munduko jokalari onenak daude, eta bai, orokorrean, beste bi liga horiek baino hobea dela esango nuke.

Le Mansekin Frantziako bigarren mailan ari zinen Osasunak fitxatu zintuenean. Alde ederra nabarituko zenuen han partidetan harmailetan zegoen giroarekin eta Nafarroako Erresumakoarekin, ezta ?

Bai, ikaragarria, hemen jendearen babesa une oro nabaritzen duzu, gainean sentitzen dituzu; berotu egiten zaituzte eta hori gauza ederra da futbolariontzat.

Le Mans Lehen Mailan zegoenean iritsi zinen Frantziako Ligara, baina jaitsi egin zineten. Gogorra izan al zen?

Bai, jokalariok ez dugu inoiz halakorik espero izaten, Frantziako Ligara iristea aurrerapausoa izan zen niretzat, eta une gozoak bizitzea amesten nuen. Bigarren Mailara jaistea benetan gogorra izan zen. Halere, profesionalak gara, eta hori ez daukagu ahazterik inoiz. Une zailetan burua tente edukitzen saiatu behar da, eta horretan ahalegindu naiz ni.

Osasunan ia ezinbestekoa bilakatu zara denbora gutxian. Pozik?

Bai, kontent nago, taldera ondo egokitu naizela erakusten du horrek, eta jendeak nigan konfiantza daukala sentitu dut. Nire onena ematen saiatzen naiz partida guztietan, eta pozik nago egindakoarekin, baina badakit hobeto joka dezakedala. Jokalari erabakigarriagoa izan naiteke irabazten hasten garenean. Sasoi ona egingo dudala uste dut.

Azken partidan sufritzen ere ikusi zintugun, dena dela.

Bai, apur bat bai. Entrenatzaile aldaketarekin eta, Mallorca larri ariko zela uste genuen, baina ezustean harrapatu gintuzten. Defentsan aritzea egokitu zitzaidan, eta ahal nuena egin nuen. Mendilibarrek hor joka dezakedala uste baldin badu, ahal dudan ondoen jokatzen saiatuko naiz. Partida txarra jokatuta, ez galtzea izan zen gauzarik onena.

Ezker hegalean erasoan aritu ohi zara; atzelari lanetan aritzen zinen lehen aldia al zen?

Bai, Anderlechten gazte mailatan jokatu izan nuen ezker hegaleko atzelari gisa partida bakarren bat, baina ez da gauza bera. Beste abiadura batean jokatzen da maila profesionalean. Entrenatzaileak atzean aritzea eskatu zidanean, harrituta geratu nintzen.

Azken hiru partidetan hiru berdinketa lortu ditu Osasunak. Hain zaila al da irabaztea?

Ez, garaipenak lortzea ez da hain zaila; hasieran gaude, partida asko geratzen dira, eta oker txiki batzuk zuzendu orduko hasiko gara irabazten. Gutxienez galdu ere partida bakarra galdu dugu.

Denboraldiari zer eskatzen diozu?

Futbolean jokatzen gozatu ahal izatea, iragan sasoian baino txukunago aritzea Osasuna eta lehenbailehen mailari eustea ziurtatzea.

Eta zure futbolari ibilbideari?

Maila gorenean ahalik eta partida gehien jokatzea. Maila handiko Liga batean nago orain, eta Osasuna ez da toki txarra urte askotan aritzeko. 23 urte ditut, eta urtetik urtera koska bat gorago egotea gustatuko litzaidake.

Boli Kostan jaioa zara, zure gurasoak Gineakoak dira, eta Belgikako selekzioarekin jokatzen duzu.

Ez da azaldu erraza; Boli Kostan atzerritar asko dago, inguruko herrietatik joandako jende asko izaten da han. Nire aitona eta nire amona hara joan ziren Gineatik, eta familia guztia han jaioak gara. Belgikan senide batzuk nituen, eta 15 urterekin hara joateko erabakia hartu nuen. Futboletik bizitzeko aukera eman zidan Belgikak, eta gustura jokatzen dut hango selekzioarekin. Bost aldiz aritu naiz lehen taldean, gazte mailako partidez gain.

Selekzioarekin aritzean Boli Kostakoarekin edo Gineakoarekin jokatzerik ez zenuela izango gogoratuko zenuen, ezta?

Bai, pentsatu nuen, baina nire hautuarekin pozik nago.

Osasunaren hurrengo partida Bilbon jokatuko duzue. Partida berezia dela esan al dizute taldekideek?

Derbia dela badakit, eskualde bereko taldeak garela uste dut, euskal heritarrak, ezta? Zelaian giro ederra bezain beroa egon ohi dela ere esan didate, eta, ondorioz, ez da partida erraza izango.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)