Ederland

Avui, Xabier Gantzarain, 07-10-2011

Ez dakizu zer den zuria jaiotzea. Zu edozein lekutan hartuko zaituzte ondo, errespetua izango dizute, beldurra, gorrotoa, baina beti izango zara zuria. Sinistu ere ez duzu egingo, ez da-eta sinistekoa, baina nire herrialdean gizon eta emakume askok edozer emango lukete azal zuriago bat izateagatik; pagotxa da kremak eta ukenduak saltzen dituzten enpresentzat, ez ordea jendearentzat, zenbat diru utzi ote dugu produktuetan, erosteko modurik ez eta lixiba igurtzi dutenak ere badira, azaleko minbiziarekin hil direnak, ez dakizu zer den zuria jaiotzea.

Ez dakizu zer den Europan jaiotzea.

Amsterdamen bizi dut lehengusu bat, baina ez luzerako, Kamerunera bidaliko dute bueltan. Zortzi urte baino gehiago egin ditu. Asilo politikoa eskatu zuen. Ez diote eman. Noiz botako duten zain bizi da. Amorruak jan du. Telebistan lehiaketa bat jarri omen dute martxan, asilo politikoa ukatu dietenentzat. Herbehereetako kulturari buruzko galderak egiten dizkiete, gehiena asmatzen duenak 4000 euro jasotzen ditu, eta bidaia bat Curaçaora, herrialdetik bota aurretik, nahigabea amiñi bat arintzeko.

Weg van Nederland du izena, eta bi modutara uler daiteke: «Nederlandekin txoratzen», edo «ospa Nederlandetik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)