Ez hango ez hemengo direnen begiradak

Bigarren belaunaldiko andre etorkinei zenbait argazkilarik eginiko erretratuen erakusketa ireki dute Donostian

Berria, Erredakzioa Donostia, 23-09-2011

Ez hangoa, ez hemengoa. Erdian oreka egon daiteke. Baina baita ziurgabetasuna eta zalantza ere, eta egoera horren ondorio den noraeza. Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbera aretoan irekitako erakusketako argazkietan ageri diren emakumeen aurpegieretan egoera biak antzematen dira. Europako herrialdeetan jaioak dira, baina bestelako jatorria duten familietan. Hots, etorkinen bigarren belaunaldiko partaide dira, baina, era berean, Danimarkako, Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Italiako eta Erresuma Batuko herritarrak. Herritartasun bikoitza dute askok. Eta Gutunak Europatik erakusketan beren istorioak azaldu dituzte, keinu, jarrera eta begiradekin, hartu dituzten herrietako argazkilariek eginiko erretratuen bidez.

Carsten Snejbjerg daniarrak, Marta Soul espainiarrak, Nicolo Degiorgis italiarrak, Peter Dench britainiarrak, Johann Rousselot belgikarrak eta Boudewijn Bollman herbeheretarrak egin dizkiete argazkiak. Europako Batasuneko Daphne programako Neskak Gora proiektuaren parte da erakusketa, eta urriaren 8a arte izango da Donostian.

Emakume horien harrera herrialdeen artean desberdintasun handiak daude —politiko, ekonomiko zein sozialak—, jatorrizko herrietan gertatzen denez. Eta protagonisten egoera pertsonalak ere asko eta elkarren oso desberdinak dira.

Erretratatu dituzten argazkilariekin harreman estua izan dute denek; ez bakarrik prozesu artistikoak iraun bitartean, baizik eta arinago ere. Izan ere, argazkilariek ez zuten azaleko irudian geratu nahi, harantzago joan nahi zuten: emakumeen errealitatea ezagutu, interpretatu eta argazkien bidez erakutsi. Horrenbestez, artista bakoitzaren lana mundu bat da. Kolorearen eta tekniken erabileran ere antzematen da. Snejbjergek zuri-beltzean lan egin du, Degiorgisek kolore leunetara jo du, eta Rousselotek eta Bollmanek, kolore distiratsuetara.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)