Andreak prostituitzera behartzea egotzita, lau lagun atxilotu dituzte

Atzerriko emakumeak 24 orduz derrigortzen zituen ustezko sareak, bidaiagatiko zorrak ordaintzeko aitzakiaz

Berria, , 13-09-2011

Erredakzioa Iruñea

Familia bereko lau kide atxilotu dituzte Iruñean emakumeak prostituitzera behartzeagatik eta esklabo gisara tratatzeagatik. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, jarduera aurrera eramateko erabilitako egoitza Sevillako (Espainia) beste bi etxebizitzarekin harremanetan dago, eta sare bat osatzen dute. Taldeko buruari gizabanakoen trafikoa, legez kanpoko immigrazioa eta langileen eskubideen urraketa egotzi dizkiote, betiere sexu delituekin loturik.

Prostituitzera behartutako emakumeak atzerritarrak direla azaldu du Espainiako Barne Ministerioak. Batzuk egoera prekarioan bizi ziren beren herrialdeetan, eta lana aginduta ekartzen zituzten; beste batzuk, ordea, beren kabuz etorri ziren, baina legez kanpoko egoeran zeuden. Hala, bidaiaren gastuak ordaintzeko eta egoera legeztatzeko aitzakiaz esklabo moduan zituzten: egunean 24 orduz bezeroen eskaerei erantzuteko prest egonarazten zituzten, egoitza batetik bestera eramaten zituzten, beren gaineko erabateko kontrola zuten, eta irabazien erdia etxebizitzen arduradunei eman behar zieten.

Ikerketa 2010ean abiatu zuten, Sevillako etxe bateko prostituzio jarduera argitu nahian. Egoitzen arteko lotura ikusita, sarearen buruak atzeman zituzten. Nagusia, haren emaztea eta arreba neskak zaintzeaz arduratzen ziren, baita irabaziak kudeatu eta bezeroen beharrei erantzuteaz. Arrebaren semeak publizitatea jartzen zuen prentsan, emakumeen zerbitzuak eskainiz. 3.925 euro atzeman dizkiete etxebizitzetan; guztira, ostera, 200.000 eurotik gora zituzten bankuko hainbat kontu korrontetan.

Telefono mugikorrak, bitarteko informatikoak, bideo kamerak eta dokumentazio ugari ere atzeman dizkiete. Emakumeek osasuna arrisku larrian jartzen zutela gaineratu du Barne Ministerioak, eta ezin zutela inora mugitu, haien gaineko kontrola erabatekoa zelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)