Erresuma Batua. Protestak

Londresko kaleak, sutan

Protestak hiriko auzorik pobreenetan hasi ziren; azken egunotan auzo aberatsagoetara hedatu dira istiluak

Berria, Elixabet Epelde, 10-08-2011

Londresko Totthenham auzoak leher egin zuen larunbatean Mark Duggan gaztearen hilketaren ondotik. Ostegunean hil zuen ustez Poliziak Duggan, tiroz, hura atxilotu nahian ari zenean. Gertakariaren inguruko azalpen eske eta segurtasun indarren gehiegikeria salatzera kalera jo zuten ehunka lagunek. Era berean, kultur aniztasunaren ikur den hirian pobreenek jasaten duten diskriminazioa salatu nahi izan zuten. Ordutik, baina, «bolbora bezala zabaldu dira protestak hirian zehar», Andrea Venturini Londresen bizi den kazetariaren hitzetan. Izan ere, gertakaria azken urteotako liskarrik larrienen lehergarri bilakatu da.

Metropoliko auzo txiroenetan berehala izan zuten oihartzuna gertakariek. Tottenhamdik, Peckham, Hackney eta beste hainbat langile auzoetara ordu gutxitan hedatu ziren protestak. Aldarrikapenekin batera, baina, suteak, harrapaketak eta harrikadak hasi ziren.

Gerora, hiriko beste hainbat eremutara zabaldu ziren gertakariak. «Baztertutako auzoetan hasi zen hau guztia, baina orain, aberatsagoak, eta ustez lasaiagoak diren auzoetan ere jazo dira liskarrak», kontatu du Venturinik. «Protestak iparraldera, hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera zabaltzen ari dira», zehaztu du Londresen bizi den Imanol Beitia lasartearrak.

Auzo txiroetako gazteak jo dituzte gertakarien erantzule. Venturinik azaldu bezala, «horietako asko nerabeak dira, 14-16 urte bitarteko gazteak, eta langile klaseko familietan dute jatorria». Poliziak, hain justu, 500dik gora lagun atxilotu ditu egunotan. Gazteenak hamaika urte zituen, eta zaharrenak, aldiz, 42. «Bandetan sartuta dauden gazteak, chav-ak, daude guzti honen atzean», azaldu du, bestalde Beitiak. Era berean, azken hilabeteotan aurkari diren banden arteko indarkeria handitzen ari dela adierazi du, eta egunotako gertakariekin lotura izan dezakeela dio.

Egun gutxitan hiria erabat geldiarazi dute. Venturinik kontatu bezala, atzo denda gehienak eguerdian itxi zituzten, baita oraino liskarrik egon ez den auzoetan ere. Horrez gain, hainbat enpresatan langileak goiz bidali zituzten etxera, «gauak kalean harrapatu ez zitzaten». Londresko kaleak ohi baino hutsago daudela ere azaldu du, eta turistak ere ohi baino gutxiago ikus daitezkeela. Izan ere, protestak geroz eta auzo gehiagotara hedatzen diren heinean herritarren artean beldurra ere zabaltzen ari dela dio. «Jendeak ez du ulertzen zer ari den gertatzen, eta ez daki hemendik aurrera zer gertatu daitekeen. Horrexegatik izututa daude», adierazi du kazetariak.

Dendari askok, berriz, kalera jo dute harrapaketak saihestu asmoz. Auzo askotan denden jabeek kaleak itxi dituztela azaldu du Beitiak: «Makilak eskuetan denden parean zaintza egiten ari dira».

Bazterketaren ondorio

Venturiniren ustez indarkeria guzti hori onartezina bada ere, gazteek badituzte arrazoiak kalera jotzeko. Auzo pobreetako biztanleak baztertuta sentitzen direla azaldu du. Izan ere, Londresen gaztea izatea, kirol jantziak eramatea edota azal iluna izatea Poliziak geldiarazi eta miaketak egiteko arrazoiak dira.

Erresuma Batuko hiriburuan egoera samurra ez dela onartu du, era berean, Beitiak: «Gazteek geroz eta aukera gutxiago dituzte, etorkizuna geroz eta beltzagoa da. Ikasketak ere geroz eta garestiagoak dira eta askok ezin dituzte ordaindu».

Liskarretan parte hartu duten hainbat gaztek, hain justu, bazterketarekin amaitzea eskatu dute, izan ere, segurtasun indarrek maiz boterea gehiegikeriaz erabiltzen dutela kexu dira. Beste hainbatek zergak itzultzea nahi dutela azaldu dute hedabideen aurrean. Azken batzuk, ordea, harrapaketak egitea «dibertigarria» adierazi dute, eta horrexegatik ari direla istiluetan parte hartzen. Hain justu, denetarik lapurtzen ari direla dio Venturinik. «Zapatak, telebistak, ordenagailu eramangarriak… denetarik lapurtzen dute, ondoren kalean saltzeko». Gazteek muga guztiak gainditu dituztela gaineratu du kazetari italiarrak.

Protestak hasierako arrazoiekin zuten harremana galdu dutela sinetsita dago, bestalde, Beitia: «Bereizkeriarik gabeko erasoak egiten ari dira orain. Denda handi, zein txikien aurka egiten dute, aberats, zein pobreen aurka». «Orain gertatzen ari denak ez dauka zerikusirik Dugganen hilketarekin, ezta pobreek jasaten duten bazterketarekin», gaineratu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)