Norvegiako sarraskia. Analisia

Kultura nagusia

Berria, Amagoia Mujika, 26-07-2011

Eskuin muturrak beste aukera batzuek baino hobeto jakin izan du krisiaren eta Europako ereduaren kontrako protesta bereganatzen. Frantziako FN Fronte Nazionalak Europako hauteskundeetan 80ko hamarkadan lortutako emaitzez gero, iraganekoa zirudien ideologia faxista berritu eta bereganatu du Europak. Herri askotan gisa bereko alderdiak urtetik urtera emaitza ikaragarriak jasoz joan dira, eta haietatik ondoriozta daiteke ez direla salbuespen, erroak hortxe, sendotuz doazela; horrenbeste, non alderdi kontserbadoreen diskurtsoetan islatuz joan diren muturrekoen adierazpenak. Horrenbeste, non sozialdemokraziak ere batzuen oinarrizko eskubideak murriztu dituen segurtasunaren izenean.

«Estatuko multikulturalismoaren doktrinaren izenean sustatu dugu kultura asko banatuta edo urrunduta bizitzea kultura nagusitik». Horixe esana du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, baina eskuin muturretik mailegatutako ideia hori aspaldian ari da zabaltzen Mendebaldean. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esandakoek ere merezi dute aipurik: «1960ko hamarkadan gure herrialdeak atzerriko langileak erakarri zituen, eta orain hemen bizi dira. Geure burua engainatu dugu; ez zirela geratuko uste genuen, baina ez da hala izan». Horiek bezala, Nicolas Sarkozyk sustatutako nortasun nazionalari buruzko eztabaidak eta etorkinen kontra hartutako neurriek ikusarazten dute immigrante pobrearenganako mespretxua eta xenofobia ez dutela gutxi batzuek defendatzen. Etsaiak dira, aberastasuna lapurtzera eta euren nortasuna eta kultura geurearen gainetik jartzera datozenak. Gure denon etsaiak dira, ez eskuin muturrekoenak bakarrik.

Norvegian gertatutakoa ez da ero baten kontua, sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren ondorioetako bat baizik. Anders Breivik ez da ezerezetik sortu, Europa garbitu eta islamismoa eta multikulturalismoa desagerrarzi behar dela Internetez defendatzen duten ideien artetik atera da, egunero politikarien ahotan entzun dituen baieztapenetatik, sarean hori egiteko aipatzen diren moduetatik. Berea zilegi dela uste izatetik. Berea kultura nagusia dela pentsatzen duen komunitatetik

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)