«Arrazismo handia» dago oraindik AEBetan, Mavis Staplesen ustez

Soul kantari ezagunak hilaren 25ean joko du Jazzaldian; 71 urterekin, ez dio kontzertuak emateari utzi nahi

Berria, Agentziak Madril, 19-07-2011

Mavis Staplesek ez du erretiratzeko asmorik. Ia 61 urteko ibilbidearen ondoren, soul kantariak adierazi du oraindik gustuko duela birak egitea, nahiz eta «etxean egotea bezalakorik ez dagoen», haren iritziz. Datorren astelehenean, hilak 25, Donostiako Jazzaldian abestuko du Staplesek.

Bere ibilbideko urte luzeetan, musikan ez ezik, eskubide zibilen aldeko borrokan ere ibili da 71 urteko kantaria. Horretan ere jarraitu beharra ikusten du, gainera. Izan ere, «arrazismo asko dago oraindik», bere hitzetan. Staplesek adierazi duenez, bere jaioterrian, Chicagon (AEB), «familia bat joan daiteke gehiengo zuria duen auzo batera bizitzera, baina hurrengo goizean pintaketak ikusiko ditu, auzotik alde egitera gonbidatzen dutenak».

Artistaren iritziz, Barack Obama presidente aukeratuta, «Martin Luther Kingen ametsaren zati bat egia bihurtu da, baina oraindik asko dago egiteko». Gainera, gaur egun «Luther Kingen tamainako liderrik» ez dutela esan du. Hain zuzen, ekintzaile ezagunari eskaini dio irabazi berri duen Grammy saria, eta baita bere aitari ere: «Aitak erakutsi zigun sari bat irabaztearekin ezin genuela obsesionatu. Erakutsi zigun gure mezua jendeari helarazteko kantatu behar genuela, mundua leku hobe bat bihurtzeko», esan du.

Hala ere, Grammy saria irabazteak poztu egin duela onartu du. You are not alone (2010) diskoari esker irabazi du, eta bere ibilbideko lehenengoa da; berandutze hori ekimena inguratzen duen «politika kontuei» egotzi die kantariak.

Zortzi urte besterik ez zituela hasi zen Staples musika munduan lehen pausoak ematen, The Staple Singers taldean, bere ahizpekin batera. Musikan gazte hasi izanak ez duela beregan ondorio txarrik eragin azpimarratu du, izan ere, «Jacksondarren kasuan ez bezala, gure gurasoak guk haurtzaroa izan genezan zaindu zuten», bere hitzetan.«Arrakasta orain bat-batekoa izaten da, gazteek dirutza izugarria irabazten dute oso denbora gutxian».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)