Meskita «desegokiak»

Berria, Iñaki Petxarroman ipetxarroman@berria.info, 06-07-2011

Ika-mika sortu da Gasteizko Zaramaga auzoan eraiki nahi duten meskitaren inguruan. 2.000 herritarren sinadurak helarazi dizkiote udalari, meskita ez dutela nahi ohartarazteko, eta Javier Maroto alkateak (PP) beste leku bat bilatzeko prest dagoela adierazi du. Gainera, Jaurlaritzari leporatu dio gaiari buruzko legerik ez egin izana oraindik. Jaurlaritzak 2012rako agindu du gaiari buruzko legea. Bizilagunak kexu dira, meskita zabaldu nahi duten tokia ez delako «egokia». Bilboko Basurtu auzoan ireki nahi duten beste meskita baten kontra agertzeko argudio bera eman dute bizilagunek: ez dela toki egokia. Kasualitatea ote?

Gero eta musulman gehiago daude. Gero eta gehiago dira euren sinesmen eta kulturarekin gurea aberastera heldu direnak. Hobe genuke hori lehenbailehen ulertzea. Izan ere, batzuei entzutea gustatzen ez zaien arren, ika-mika hauen atzean ezinikusi xenofobo kezkagarri bat dago, besteen kultura eta sinesmena ez errespetatzeko borondate ageriko bat. Eta, horrela, nola eska daiteke besteen errespetua?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)