Gurtza aretoen jarduera baldintzak arautu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak

Erlijio askatasuna bermatzeko legearen zirriborroa prest izango da hil amaieran; 2012an eztabaidatuko dute

Berria, Maialen Goñi, 06-07-2011

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, erlijio askatasuna bermatzeko lege proiektu bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Legearen helburua erlijioarekin loturik dauden gizarteko hainbat esparru arautzea izango dela esan du Mendiak, eta ez debekuak ezartzea. Lege berriaren bidez, erlijio ezberdinek gurtza egiteko aretoak non eta nola eraiki erabakitzeko baldintzak ezarriko dira, eta, era horretara, azken hilabeteetan Gasteizen eta Basurtun (Bilbo) gertatutako antzeko kasuak saihestea espero du Jaurlaritzak.

Erlijio askatasuna arautuko duen legea hilabete amaieran prest izango da, eta 2012ko lehen hiruhilekoan Eusko Legebiltzarrera eramango du, bertan eztabaidatua izan dadin. Mendiak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak hilabeteak daramatza lanean proposamen hori aurrera eramateko. Gainera, beronen garrantzia azpimarratu du, erlijio askatasuna Espainiako Konstituzioak babesturiko eskubidea delako.

Lege horrek ere hartuko ditu eguneroko bizitzan gertatzen diren hainbat arazo. Besteak beste, erlijio ezberdinei gurtza egiteko aretoen baldintzak edota lurperatzeak. Azken horren inguruan azterketa sakona egingo du Jaurlaritzak. Bestalde, haurrek eskoletako jangeletan dituzten zailtasunen inguruan ere neurriak hartuko ditu. Sinesmena dela-eta, zenbait haurrek ezin dute jangeletan prestatzen diren hainbat elikagai jan, eta horren harira arduradunek hartu beharreko jarrera zehaztuko da legearen bidez.

Meskitaren aurkako erasoa

Joan den astean Gasteizko Zaramaga auzoko areto bati eraso zioten lagun batzuek. Udalak meskita jarduerarako lizentzia emana dio eraikinari, eta, horregatik, erlijio askatasunaren aurkako eraso gisa hartu dute gertaturikoa.

Atea indarrez ireki ostean, zerri haragia eta odola bota zituzten barrura. Erlijio musulmanean animalia horren haragia jatea guztiz debekaturik dago. Erasoa «barkaezina» izan zela esan zuen Mendiak atzoko prentsaurrekoan.

Javier Maroto Gasteizko alkatea ere Zaramaga auzoan egitekoa den meskita horren inguruan mintzatu zen. Haren esanetan, «aukeratutako lekua ez da era horretako eraikin bat jartzeko egokiena», eta bizilagunen protestak «ulergarritzat» jo zituen.

Bilduk, bestalde, adierazpen bat kaleratu zuen atzo, eta Gasteizko musulmanek gurtza egiteko ireki nahi duten aretoa berriaren aldeko jarrera azaldu zuen. Meskita izango denak beharrezko baldintzak betetzen dituela adierazi du Bilduk adierazpenean, eta «kasu horietan herritar ororen eskubideak babestea ezinbestekoa da, erlijio askatasuna barne», nabarmendu du.

Bilduk argi utzi dio Marotori: «Bera herritar ororen alkatea da, baita musulmanena ere». Gainera, Bilduk adierazpenean adierazi duenez, Gasteizen beste bost meskita daude, eta ez dute orain arte inolako gatazkarik sortu. Zamaragakoaren gaineko asaldura «gehiegizkotzat» jo du, eta egonezinaren atzean talde kontserbadoreak daudela salatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)