Gotorlekua

Berria, , 28-04-2011

Itxaro Borda

Kanpotik datorrenak badaki zaila dela Roissyko aireportuan aduana eta polizia kontrolak gainditzea. Europa egiazko gotorlekua bilakatua da, bizidunak haserre grisak daramatzala. Krisiaren ondorioz ematen du Europa animale hori kraskatzen hasten dela bere oinarrietan. Batzuk euroaren zitala gaitzesten dute, besteak Alemaniaren leadershipa salatzen dabiltza eta azkenek, hala nola Sarkozy eta Berlusconik, Schengen deitzen duten eremua giltzatu nahi lukete.

Lampedusara heldu eta Italiak pasaportez apaindu hogeita bost mila tunisiarrek sortzen dute arazoa. Barne-mugak hetsiko dituzte, duela mende laurdena Frantziak Txernobyleko laino irradiaktiboari egin zion bezala. Galdera zera liteke: ez al da tokirik migrante kopuru txiki horren kabitzeko Europa zabalean? Hain nekez lortu jendeen eta gauzen aske ibiltzeko eskubidearekiko adostasunak zalantzan jarriko ote ditu, hauteskunde ezberdinei begira Italian, Frantzian edo Alemanian altxatzen doan eskuin-muturreko populismo oldeak?

Europaren eraikuntza alorrean ere neoliberalismoak errebisionismoa dakar. Uhertzen ditu diskurtsorik funtsezkoenak. Tunisiarren bizkar, dena dela, fronterrak alanbrez setiatzeko estakuru bat bederen badute…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)