Schengengo Ituna aldatzeko eskatu diote Frantziak eta Italiak EBri

Sarkozy eta Berlusconirentzat beharrezkoa da aldaketa Afrika iparraldeko liskarrek sortutako migrazio krisia konpontzeko Frontex sendotzea eta «elkartasun printzipioa» ezartzeko eskatu diote EBri

Berria, , 27-04-2011

Jon Fernandez

Pertsonen mugikortasun askea mugatu nahi dute Frantziak eta Italiak Europako Batasunean, horrela, Afrika iparraldeko liskarren ondorioz sortutako migrazio krisiari aurre egiteko. «Schengengo Itunak jarrai dezan nahi dugu, baina horretarako beharrezkoa da aldaketak egitea, egungo errealitatera moldatzea», dio Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Hori horrela, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak eta biek gutuna bidali dute Bruselara Schengengo hitzarmena aldatzeko eskatuz. «Etorkinek sortutako egoera berezietan» estatuen mugak ixteko aukera izateko eskatu dute, eta EBko kideei «elkartasuna» eskatu diote immigrazio gaietarako.

Lagun giroan ageri ziren bi mandatariak atzo Erroman eginiko bileran, baina azken egunotan gatazka gogorrak izan dituzte Frantziak eta Italiak Afrika iparraldeko etorkinen harira. Urtea hasi zenetik, 26.000 etorkin tunisiar inguru jaso ditu Italiak, eta, immigrazio krisiari aurre egiteko, Belusconik behin-behineko egoitza baimena eman zien apirilaren hasieran 11.000 etorkin ingururi. 1985etik indarrean den Schengengo hitzarmenak pertsonen mugikortasun askea bermatzen du, Europako 29 herrialde sinatzaileen arteko mugak zabalik mantentzen baititu. Hori horrela, Italiara iritsi eta behin-behineko egoitza baimena lortu duten etorkinek Schengen eremu osoan askatasunez mugitzeko eskubidea daukate, EBko edozein herritarrek bezala.

Berlusconiren neurriak sutan jarri ditu Alemania, Herbehereak, Belgika eta Frantzia, besteak beste, eta teorian desagertuta zeuden barne mugak berrezarri dituzte etorkin tunisiarren mugimendua saihesteko. Schengengo Itunaren sinatzaileen fede onaren kontra jokatu izana egotzi diote denek Italiari. Baina tentsio une gorena iragan apirilaren 17an izan zen Sarkozyren eta Berlusconiren artean: Frantziak zazpi orduz eten zuen Italiako Ventimigilia hiriaren eta Frantziako Menton hiriaren arteko tren zerbitzua.

Bi herrialdeen arteko tentsioa baretu eta Afrikako iparraldeko etorkinen krisiari aterabide bat bilatze aldera egin dute bilera Erroman Sarkozyk eta Berlusconik, eta konponbide bakarra Schengengo hitzarmena aldatzea dela esan dute. «Migrazio fluxu masiboen kasuan herrialde bakoitzak bere mugak kontrolatzeko aukera izateko» eskatu diote gutun bidez Jose Manuel Durao Barroso Europako Komisioko presidenteari eta Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari.

Frontex mugen kontrolerako agentzia sendotzeko eskatu dute bi agintariek; eta, Berlusconik azaldu duenez, immigrazio arloan ere «elkartasun printzipioa ezartzeko» eskatu diote EBri. Hain zuzen ere, maiatzaren 12an bilduko dira EBko 27 barne ministroak Schengengo hitzarmena aldatu ala ez erabakitzeko.

Schengenen salbuespenak

Dena dela, Sarkozyren eta Berlusconiren eskariak ez du oso funts sendorik, Schengengo hitzarmenak aurreikusten baititu dagoeneko hitzartutakoa eteteko hainbat salbuespen egoera. «Ordena publikoa edo barne segurtasuna arriskuan jartzeko mehatxu sendoa egonik», sinatzaileek euren mugak kontrolatzeko eskubidea dute. Hain zuzen ere, babes klausula horri heldu zion Frantziak hilaren 17an Italiako mugan tren zerbitzua eteteko, eta EBk babesa eman zion.

Hitzarmena indarrean sartu zenetik, hainbat aldiz eten izan da sinatzaileen eskariz: ekimen erraldoiak antolatzean, errege-erreginen ezkontzetan edota kirol ekitaldi handiak egin direnean. Txapeldunen Ligako finala hartzen duen herrialdeak, esaterako, hitzarmena eten eta mugetan kontrolak jar ditzake, futbol taldeetako jarraitzaileen une jakin bateko fluxu masiboa kontrolatu ahal izateko.

Oro har, Schengengo hitzarmenak sinatzaileen arteko mugak desagerrarazi eta muga bakarra ezartzen du EBn, hitzarmenetik kanpo dauden herrialdeekikoa. Gainera, estatuen datu baseak sarean lotzen dituen informazio sistema ahalbidetzen du, mugen kontrolean eta arlo judizialean estatu sinatzaileen arteko lankidetza bultzatuz eta pertsonen edo objektuen informazioa —ostutako matrikulena, esaterako— eskuratzea erraztuz.

Frantziako Fronte Nazionalak, urteak daramatza Schengen hitzarmenetik ateratzeko eskatuz, eta Sarkozyren egungo jokabidea elektoralismo hutsa dela salatu du. Urtebete falta da presidentetzarako bozetarako, eta, Marine Le Penen eskuin muturreko alderdia inoizko indartsuen dagoenez, Sarkozyren kontra baliatu du etorkinen krisia ere.

Benetako arazoa, Afrikan

Europako Batasunak berehala erantzun die Italiari eta Frantziari, Schengen eremuan lankidetza hobetzeko neurriak proposatuko dituztela esanez. «Estatu kideen arteko elkarlana hobetzea da gakoa, estatu batek bere kabuz erabakiak hartzea saihesteko», Patrizio Fiorilli Europako Batzordeko bozeramailearen esanetan.

Hala ere, immigrazio masiboaren benetako arazoa Afrika iparraldean dagoela ohartarazi du IOM Munduko Migrazioen Erakundeak, eta ez Europan. «Izan dezagun kontuan Lampedusara 26.000 inguru etorkin iritsi direla, eta Libiatik 600.000 pertsonak egin dutela ihes. Orain, auzoko herrialdeetan bizi dira: Egipton, Tunisian, Txaden, Malin. Arazo nagusia ez dago Europan», dio Jean Philippe Chauzy IOMeko bozeramaileak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)