Etorkinak bazterketa sozialarekin lotzen dituzte haur eta nerabeek

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, irudi fisikoa onartua izateko garrantzitsua dela uste dute nerabeek

Berria, Erredakzioa Bilbo, 15-04-2011

Etorkinak eta edertasun kanon zehatz batzuk betetzen ez dituztenak isolatuta eta sozialki baztertuta daude, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eta nerabeen arabera. Ezaugarri fisiko nabarmenen bat dutenek ere baztertuak izateko arriskua dutela diote adingabeek.

Hainbat gairen gainean, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeen iritziak jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batek, eta haren emaitzak ezagutarazi zituen atzo Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak, Bilbon. Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat irudi fisikoa oso garrantzitsua dela agerian uzten du ikerketak; izan ere, gizartean onartua izateko edertasun kanon zehatz bat bete behar dela pentsatzen dute adingabeek.

Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, esaterako, edertasun fisikoak «bikotekidea aurkitzen» eta eskolan «ospetsua» izaten laguntzen du. Eta uste dute edertasun estandarrak ez betetzeak isekak eragin ditzakeela Bigarren Hezkuntzako ikasleengan; nesken artean nabaritzen da gehien presio hori. Alta, hazi ahala presio horrek behera egingo duela uste dute.

Presio horrek eragina du osasunean. Izan ere, ohikoa da, nesken artean bereziki, argaltzeko dieta egitea. Adingabeentzat, osasuntsu jatearen garrantziaz jabetzen badira ere, otordua gatazka unea ei da etxe askotan. Alde batetik, haurrek nahiago baitute «janari lasterra», makarroiak eta opil industrialak jatea. Bestetik, nerabeek autonomia handiagoa dutelako zer jan nahi duten aukeratzeko orduan, eta horrek osasungarriak ez diren elikagaiak aukeratzera eramaten ditu sarritan.

Zoriona, eredu tradizionaletik

Haur nahiz nerabe, adingabeek familia eredu tradizionalarekin amesten dute, etorkizunean zoriontsuak izateko. 6 eta 16 urte bitartekoentzat, beharrezkoa da bikotean bizitzea —neskentzat, batez ere—, etxebizitza baten jabe izatea eta lan egonkorra edukitzea. Amatasuna, neska nerabeentzat, «ezin utzizko esperientzia» da.

Sexu harremanak ulertzeko modua koitora mugatzen dute 12 eta 16 urte bitartekoek, eta badute preserbatiboaren berri. Informazioari dagokionez, neskek informazio gehiago dute sexuaren gainean, ardura gehiago dutelako gai horretan. Hala ere, nekez hitz egiten dute sexuaz familiarekin, eta, beraz, informazio hori beste iturri batzuetatik lortzen dute nerabeek.

Komunikazio falta ez da soilik sexuari dagokion arazoa. Izan ere, Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzako ikasleek komunikatzeko zailtasunak dituzte familian. Gurasoentzat nerabeen arazoak «txorakeriak» direla iritzi diote 12 eta 16 urte bitarteko ikasleek, eta «oraindik umetzat hartzea» leporatzen diete gurasoei. Komunikazio arazoak lehenagotik datozela dirudi, ordea: «Ez gaituzte ulertzen, galderez josten gaituzte, dena jakin nahi dute», diote Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Adinean aurrera egin ahala familiak indarra galdu eta lagun taldearen garrantziak gora egiten duela erakusten du ikerketak. Haurrek denbora gehiago igaro nahiko lukete familiarekin; nerabeek, ordea, ez dute senitartekoekin denbora igarotzeko interesik. Horrez gain, aitaren eta amaren arteko zereginen banaketan ez dute desorekarik ikusten haurrek, baina bai nerabeek. Zereginen banaketa dagoela diote nerabeek, baina zeregin horiek desorekatuak direla gaineratzen dute. Umeek parte hartze sinbolikoa dute etxeko zereginetan, eta nerabeek, berriz, «modu anekdotikoan» egiten dituzte etxeko zereginak.

Interes urria arazo sozialekin

Ikasleek gaitasun kritiko eta gizartearen arazoekiko interes urria dutela dio ikerketak. Ez dute partaidetzarako estrategia edo gunerik ikusten, eta erabakiak hartzea politikariekin erlazionatzen dute haurrek. Ikasketak aspergarriak direla iritzi diote haur nahiz nerabeek, baina, zenbait irakasgairi praktikotasunik ikusten ez dioten arren, «helduen mundura» iristeko beharrezkoak direla uste dute.

Errazago zaie teknologia berrien bitartez komunikatzea, eta Internetez gain, sakelako telefonoak haien bizimoduan garrantzi izugarria duela diote nerabeek: «Ezin da sakelako telefonorik gabe bizi». Lagunekin eta familiarekin komunikatzeko ezinbesteko tresna bihurtu da nerabeentzat sakelako telefonoa.

194 adingabez gain, 91 gurasok eta 84 irakaslek parte hartu dute ikerketan; 369 pertsonak, orotara. Teknologia berrien gainean duten ezjakintasunak kezkatzen ditu gurasoak, traba horrek kontrolak eta mugak ezartzea zailtzen dielako. Gainera, sare sozialetan parte hartzeak izan dezakeen intimitate galerak eta jazarpen tresna bilakatzeko arriskuak kezkatzen ditu gurasoak.

Atzo ezagutarazitako txostenaren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Nerabeen I. Plana egiteko oinarri gisa erabiliko dituztela argitu du Zabaletak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)