Lampedusara bidean ehundik goiti etorkin galdu dira

Berria, , 07-04-2011

Afrika iparraldeko gatazketatik Europara ihesi doazen etorkinen dramari bertze gertakari bortitz bat gehitu zaio. Libiatik Italiako Lampedusa uhartera 200 lagun inguru zeramatzan ontzi bat irauli egin da Italiako salbamendu taldeak laguntzera gerturatu direnean. Salbamendu taldeek diote hogei bat gorpu ikusi dituztela ur gainean, eta 130 inguru desagertuta daudela. 48 onik atera dituzte, tartean hainbat adin txikiko eta haurdun zeuden emakumeak. Italiako salbamendu taldeek uste dute ontzia Libia mendebaldeko Zuuara hiritik atera dela, eta Lampedusatik 70 kilometro hegoaldera irauli da. Itsaso zakarra dela-eta etorkinek satelite bidezko telefonotik Maltara laguntza eskatu dute, eta hango agintariek Italiari pasa diote abisua. Etorkin horien artean Somaliako, Eritreako, Sudango eta Nigeriako errefuxiatuak daude, Italiako salbamendu taldeek jakinarazi dutenez. Urtea hasi denetik milaka etorkin ailegatu dira Afrika iparraldetik Italiara. Hango Gobernuak jakinarazi du Tunisiatik iritsitako 20.000ri aldi baterako Italian bizitzeko eskubidea onartuko diela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)