Hitzaren kupela

Inoiz baino gehiago: maitatu, ikasi eta erabili!

Deia, Bingen Zupiria, 07-04-2011

Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan 2.824.908 pertsona bizi gara erroldan izena emanda. Inoizko biztanlerik gehien. Hala dio aste honetan Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu duen 2010eko erroldak. Horietatik berrehun eta hamasei mila kanpotarrak dira, ehuneko bederatzi baino gehiago. Gure herrietako biztanleen hazkundea kanpotarren etorreraren eraginez gertatzen ari da, beraz. Talderik handiena, gure modura, europarra da, Errumaniatik etorria. Hurrengo talderik ugarienak marokoarrak, kolonbiarrak eta boliviarrak dira.

Ez da gure artean hau gertatzen den lehen aldia. Ez neurri berean, baina XX. mende osoan zehar, industrializazioaren eraginez, an – tzeko prozesua bizi izan zuen Euskal Herriak. Hara Ermuaren kasua adibidez: 1961ean hiru mila biztanle zituen; zazpi urte geroago, hamabi mila.

Etorrera hauek beti sortzen dute, lehen momentuan, aurkako erreak – zioa. Hala gertatu zen hemeretzigarren mendearen amaieran, baita joan den mendearen erdialdean eta gauza bera gertatzen ari da orain errumaniar eta marokoarrekin ere. Mehatxu bat bezala ikusten ditugu, defentsa guztiak ateratzen ditugu eta arriskuan ikusten ditugu gure lana, dagozkigun laguntzak, gure ongizatea eta baita gure bizitzeko modua eta kultura ere.

Gure herriak jakin izan du beste garai batzuetan egoera honi aurre egiten eta orain ere asmatuko dugu. Hezkuntza sistema izan liteke horretarako tresnarik eraginkorrena: hezkuntzak egiten gaitu denok berdinak, hezkuntzak integratzen gaitu bertokoak eta kanpokoak, eta hezkuntzak bermatu behar ditu gure nortasunaren ezaugarri nagusiak, kultura eta hizkuntza, denek ezagutzea eta erabiltzea.

Gaur hasiko den Korrikak piztu dit gaurko gogoeta. Hamar egunez Euskal Herria mutur batetik bestera igaroko du, Trebiñutik Donostiara, eta, une batez, gure herri eta kaleetara euskararen presentzia ekarriko du, jai – giroan. Baina Korrikak mezu bat utziko digu datozen bi urteetarako: euskara maitatu, ikasi eta erabiltzea.

Geuri dagokigu, euskara dakigunoi, euskararen inguruan maitasuna sortzea. Horretarako gauza atseginekin lotu behar dugu hizkuntza, aisiarekin, elkarbizitzarekin eta maila profesionalean aurrera egiteko aukerekin. Euskara hitz egiten ez dutenek eta ikasiko ez dutenek gure hizkuntzarekiko jarrera positiboa edukitzea behar – beharrezkoa da euskara indartzeko.

Eta geuri dagokigu, euskara dakigunoi, aritzea, hitz egitea eta erabiltzea. Neketsua gertatzen da, ba – tzuetan ezin delako eta besteetan errazkeriagatik, baina guk egiten ez badugu ez du beste inork egingo. Eta geuri dagokigu ingurunea zaintzea eta bizirik mantentzea. Eska ditzagun dagozkigun eskubide guztiak, borrokatu gaitezen gure hizkuntza iritsi behar duen toki guztietara ailegatu dadin, baina hitz egin dezagun, bestela alperrik izango da eta.

Hogeigarren mendean gure artean bizitzera Galiziatik, Gaztelatik, Andaluziatik edo Extremaduratik etorri zirenen seme – alabarik gehienak euskaldunak dira. Orain iristen ari diren errumaniar, marokoar, kolonbiar eta boliviarrenak ere halaxe izango dira, guk hizkuntza bizirik mantentzen badugu, maite badugu eta erabiltzen badugu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)