Iheslarientzako muga berriak zehazten

Europako Batasunak 30 milioi euroko diru laguntza iragarri du Libiatik ihesean doazen milaka pertsonentzat; «larrialdietarako laguntzen» helburua da, besteak beste, jendetza Europara ez iristea.

Berria, , 04-03-2011

Amagoia Mujika

Libiatik 180.000 pertsona atera dira dagoeneko ihesi, Tunisiako mugarantz batez ere, baina beste batzuk urrunago: Mediterraneoko itsasbide berrietatik Lampedusara (Italia) eta Greziara egitea erabaki dute, edo horretan ari dira, beldurra atzean utzi nahian, amesgaiztoa amaituko dela-eta ilusioz. Baina nora ezean ari dira, eta merkantzia huts ikusten dute honezkero euren burua; izan ere, nazioarteak nahiago du haiek Europan sartu baino sorterrira itzularazi edo kanpalekuetan betikotu: Afrikako protesten zorabioan alde egin nahian dabiltzan milaka lagun preso dira beren inguruan eraiki duten hesian.

Europara ez egiteagatik Tunisiako mugan pilatzen direnei laguntzea izan da Europako Batasunak hartu duen erabakietako bat. 30 milioi euroko «giza laguntza» banatzen hasiko dira gaurtik, larrialdietako premietarako, baina, jatekoa eta edatekoa emateaz gainera, Libiako atzerritarrak sorterrira itzularazteko plana abian jarri du, Egiptora edo Tunisiara, edota Afrikako herri gatazkatsuetara; besteak beste, Somaliara.

Somaliatik Libiara joandakoekin arazoa dute, baina Europarentzat buruhauste nagusia ez da iheslari politikoek etxean topatuko duten egoera, baizik eta estatu gisara atzerrian instituziorik ez duen herritarrekin zer egin. Kristalina Georgieva giza laguntzaren Europako komisarioak eman du planaren berri. Hark uste du mugan pilatzen diren «gehienek» etxera itzuli nahi dutela, eta beste guztiek kanpalekuetan itxaron beharko dutela zer egin erabaki arte. Mugara iritsi direnetatik 80.000 Egiptora eraman dituzte, eta 30.000 Tunisiara. Gainerakoak zain daude.

Baina iritsi direnei halamoduzko irtenbidea ematen ari diren bitartean gehiago iritsiko dira, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi dutenez. Herenegun, 7.500 bangladeshtar iritsi ziren mugara, eta horiek, beste askok bezala, ez dute beren herrira joateko modurik, eta ezkutuko iheslariak izaten jarraituko dute.

Libiara ezkutuan iritsita 1,5 milioi daudela kalkutzen du EBk, eta milaka batzuk itsasoz ateratzen saiatuko direla Europako Mediterraneoko herriren batera. Horregatik, protestak hasi bezain laster, eskua altxa zuten Espainiak, Frantziak, Italiak, Greziak, Maltak eta Txiprek, EBk neurriak lehenbailehen har zitzan, baina zaila da egun batetik bestera Muammar Gaddafik Europatik zetorkion diruaren truke egiten zuena lortzea. Libia Europako hesia izan da orain arte.

Italia eta Grezia

Roberto Maroni Italiako Atzerri ministroak 200.000 iheslari baino gehiago egongo direla uste du, eta horregatik bere gobernuak Tunisian misio berezi bat egingo du «iheslarien guneetan immigranteek ahal denik eta bizimodurik duinena» izan dezaten. Lampedusara tunisiarrak iristen hasi ziren han protestak lehertu zirenean, 4.000 inguru, esaten dutenez, eta orain beste 2.000 gehiago. Tunisia kritikatzen hasi da Italiaren jarrera, itsasoa zaintzen hasi direlako.

Grezian ere ez daude hobeto. Afrikako iparraldetik ateratzen diren asko hara iristen da, baina herri horretan babes politikoa lortzea beste edonon baino zailagoa da. Urtarrilaren 3an gose greba hasi zuten 237 pertsonetatik 35 ospitalean dira larri, baina babes politikorik ez dute lortu, eta orain eskaeren zerrenda izugarri luzatuko da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)