Aurrerapauso herrena

Hego Euskal Herrian legez kanpoko kaleko salmenta arau-hausteen zerrendan sartu dute, delitu izateari utzita Zigor kode zaharrarekin epaitutako kasuak berraztertzeko eskatuko diete epaileei

Berria, Ibai Maruri Bilbo, 31-01-2011

Ostegun honetan sartu da indarrean Espainiako zigor kodearen azken erreforma. Jaso dituen aldaketen artean, urte askotan etorkinekin lan egiten duten elkarteek eskatutako bat dago. Aurrerantzean, kalean disko eta DVD kopiatuak saltzea ez da beti delitutzat hartuko; arau-haustea izango da. Paperak arautu gabe dituzten etorkinek dihardute sarri jardunbide horretan, eta urrats horrek hainbat onura ekarriko dizkie; ez dietela espetxe zigorrik ezarriko izango da behinena.

Etorkinei laguntzen diharduten elkarteek ondo hartu dute neurria, nahiz eta lege aldaketarekin herren geratu direla uste duten. Aspaldidanik eskatu izan dute kaleko salmentan lan egiten dutenei deliturik ez leporatzea. «Tarteka, ez genuela lortuko uste genuen. Pozgarria izan da, jendearen mobilizazioari esker lortu dugu. Batez ere, gehien borrokatu direnak etorkinak eurak izan dira», dio Patxi de la Fuente Mbolo Moy Doole elkarteko kideak. Aldaketa onerako izango dela dio. Izan ere, horrelako lanetan erregularizatu gabeko etorkinak aritzen dira. «Ezin dute beste lanik egin. Baina harrapatzen badituzte, eta delitu bat leporatzen badiete, ezingo du te beren egoera erregularizatu, aurrekari penalak izango dituztelako». Arau-haustea, ordea, ez da aurrekari penal gisa hartzen erregularizazio prozesuetan. Hala, traba bat gutxiago izango dute aurrerantzean.

Delitu hori sei hilabetez izaten da aurrekari penal, zigorra osorik bete denetik kontatzen hasita. Alegia, espetxe zigorra bete eta zigor ekonomikoa ordaindu denetik. Berez denbora gutxi dirudien arren, egoera irregularrean dagoen pertsona batentzat «gehiegizko» epea dela dio.

Lege aldaketak, baina, hainbat lagunen arazoa konpontzeke utzi duela iruditzen zaio De la Fuenteri. Zigor kodea erreformatu aurretik zigortu zituzten etorkinen egoeran jarri nahi du arreta. Asko dira dagoeneko zigorra bete edo indultua lortu dutenak. Bi kasu horietan, ordea, indultua jaso dutenetan ere aurrekari penalak izaten jarraitzen dute. «Azkenean espetxe zigorra ez dute bete behar izan, edo bete dute akaso, baina, edonola, orain ezin dute euren egoera erregularizatu aurrekariak desagertu arte». Horregatik, kasu zaharrak berraztertzeko eskatzen diete epaileei, eta epai berriak emateko. «Ez dute kontuan hartzen etorkinentzat zenbateko garrantzia duen aurrekari penalik ez izateak. Bertokoentzako egiten dituzte legeak».

Zigor kodeak aurreko epaiak berraztertzeko aukera jasotzen du xedapen gehigarrietako batean. Baina xedapen horretan adierazi dute, epaia bete bada edo indultua jaso bada, epaileak ez duela zertan berraztertu, ez dagoela horretarako premia larririk. «Orain presio egin beharko dugu, kasuz kasu, epaileek auziak berraztertu eta epai berriak eman ditzaten».

Zigorra betetzeko zain

Mbolo Moy Doole elkarteko kide den etorkin baten kasua aipatu nahi du, arazoa argiago ikusarazteko. Basauriko espetxean (Bizkaia) sartu zuten duela urte eta erdi. Sei hilabeteko zigorra bete zuen, eta hirugarren graduan atera zen. Ordutik, programa batean egon da. Oraindik, baina, isuna eta kalte-ordaina ordaintzea falta zaio. «Zigorraren alde ekonomikoa betetzeko duenez, oraindik ezin du bere egoera erregularizatu, oraindik ez delako hasi aurrekari penalak kentzeko igaro beharreko gutxieneko epea».

Etorkin hori Torrelavegan (Espainia) atxilotu zuten, poltsan 50 CD kopiatu zeramatzala. Ez zen saltzen ari; aldean zeramatzan. Bere abokatuak «ez zuen oso ondo defendatu», De la Fuenteren esanetan. «Epailea zorrotza izan zen, eta espetxe zigorra ezarri zion. Edonork onartuko dizu gehiegizko zigorra dela, neurrigabea. Eta harentzat ia are zigor handiagoa da isuna ordaintzeko zain egon behar izatea». Etorkin horrena, gainera, ez da kasu bakarra. Bizkaiko Lurralde Auzitegiko zigor epaitegiko 7. salan horrelako hainbat kasu daudela dio.

Epaileak haren kasua berraztertuko balu, eta arau-haustea egin duela ebatzi, lau eta hamabi egun arteko etxeko atxiloaldia ezarriko lioke. De la Fuenteren ustetan, gainera, espetxe zigorra beteta daukanez, ziurrenik ez litzateke beharrezkoa izango kartzelara joatea. «Hartara, justiziarekiko zorrak kitatuta edukiko lituzke, ez luke aurrekari penalik izango eta bere egoera erregularizatzeko aukera izango luke».

De la Fuenteren ustetan, gurpil zoro batean sartuta daude etorkinak. Egoera irregularrean daudela, ezin dute lanik lortu. «Zer egin behar dute? Horrelako lan batera itzuli, berriz ere harrapatuko dituzten beldur». Haren ustez, auzi hau bukatzeko modu logikoa alderantzizkoa izango litzateke. Alegia, erregularizazioa lortzen lagundu, eta lan irregular hauetatik atera, lan normalizatu bat lortzeko. Egun, ordea, lortzea ezinezkoa duten legezko lan bat eskatzen zaie aurrena, gero euren egoera erregularizatu ahal izateko».

Mbolo Moy Doole elkarteak beste urrats bat du xede, kaleko salmenta klase honekin lotuta: «Zigor kodetik kentzea nahi dugu. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak berak esana du, bere iritziz, halako ekintzek ez dutela zigor kodean egoteko beste garrantzirik». Zirkulazio auzien adibidea jarri du, esaterako. Ekintza batzuk isun administratiboekin konpontzen direla gogorarazi du, eta larrienak baino ez direla zigor kodean aipatzen. Poliziaren lanari ere erreparatu nahi izan dio De la Fuentek. Kalean saltzen harrapatzen dituztenean, askotan, etorkinen egoera makurtzen dute: «Pertsona hauen arazoa larriagotu baino ez dute egiten».

Bilboko espazio publikoen erabilerarako udal araudiak, adibidez, udaltzainei eskumen gehiegi ematen diela uste du. Saltzaileak ez ezik, horien laguntzaileak ere aipatzen dituela gogorarazi du. «Arbitrarioa izan daiteke. Nork dio laguntzaile lanak egiten dagoen? Azkenean, beltza izate hutsagatik arazoak izan ditzakezu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)