Errenteriako etorkinen diagnostikoa aurkeztuko dute azaroaren 18an

Mikelazulo elkarteak XV. Herrien Astea antolatu du hilaren 16tik 21era arte. Txintxarriko egoitzan egingo den afari internazionalera Errumania gonbidatu dute eta sarrerak salgai daude

Diario de noticias de Gipuzkoa, Aitziber Muga , 10-11-2010

Errenteria. Mikelazulo kultur elkarteak datorren astean, azaroaren 16tik 21era arte, Errenteriako XV. Herrien Astea ospatuko du. Aurten aukeratu duten leloa Elkarrekin… duintasuna da. Beti bezala, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, dokumentalak eta solasaldiak izango dira, baina aurtengo ekitaldi nagusiena herriko etorkinen diagnostikoaren aurkezpena izango da.

Arestian aipatu bezala, ekitaldiak datorren asteartean hasiko dira Garabide egitasmoko hizkuntz duintasuna eraikitzeko programaren aurkezpenarekin, Mikelazulon 19.30ean. Ondoren, dokumental bat ikusteko aukera izango da eta amaitzeko Aimara eta Kitxua herrietako kideekin solasaldia izango da.

Hurrengo egunean, umeen eguna izango da. Honela, Xenpelar Etxean 11.00etan, Ahmed bereberrak, Sandra ekuadortarrak, Chuluntsetseg mongoliarrak, Andrea brasildarrak eta Nadia marokoarrak beren herrialdeetako istorioak kontatuko dizkiete Koldo Mitxelena (Biteri) eskolako ikasleei.

Baina egun berean helduek ere ipuin kontaketa batekin gozatzeko aukera izango dute, 19.30ean Amal Halal tabernan (Iztietako Astigarraga kalean), Joxemari Carrere eta Jose Luis Asumuren eskutik.

Azaroaren 18a aukeratu dute etorkinen diagnostikoa aurkezteko. Ekitaldia Joxin Arregik gidatuko du 19.30etik aurrera Mikelazulon. Diagnostiko hau Elkarrekin… duintasuna leloaren ikuspuntutik egin dela azpimarratu dute.

Azaroaren 19an, ostiralean, 19.30ean Mikelazulon, kafe-kon-tzertua prestatu dute. Emanaldian parte hartuko dute Daniel Etcheverry (gitarra klasikoa), Sergio Sanabria (harpa paraguayarra) eta Alex Quispe musikari bolibiarra (zampoña). Hirurek Hegoamerikako herrietako soinu eta harmonien barna ibilaldia eskainiko dute.

Hilaren 20rako bi ekitaldi gorde dira. Lehenengoa antzerki emanaldia izango da. Xucrut Teatre Konpainiak No te consumas obra 19.30ean Errenteria Hiria kulturgunean eskainiko du doan.

Amaitzeko, eta ohi bezala, 21.30ean Txintxarri elkartean afari internazionala izango da. Aurten Errumania gonbidatu dute. Herrialdeko musikak girotuko du gaua. Tiketak dagoeneko salgai daude Mikelazulon.

Egitarau zabal hau borobiltzeko bi erakusketa egongo dira: Herrien Astean Xenpelarren Saharak emakume izena du eta hila amaitu arte Mikelazulon Ucrania, Lyudmila Boyko margolariarena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)