Etin Anwar. Islamaren ikertzailea Irakasle indonesiarrak herrialde musulmanetan emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak zertan diren azalduko du gaur Bilbon eta bihar Portugaleten, IPESen eskutik.

«Feminismo islamikoa barrutik garatu behar da»

Berria, , 26-10-2010

Edu Lartzanguren.

Etin Anwar indonesiarrak Islama irakasten du New Yorkeko Hobart and William Smith Colleges unibersitatean. Feminismo islamikoaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Yohn jauregian (Pelota kalea), Bilboko Zazpikaleetan. Bihar Portugaleten arituko da, 19:00etan, Nautika Eskolan. IPESek antolatuta.

Gutxitan topatzen dugu feminismo eta islam hitzak esaldi berean adiskide. Posible al da feminismo islamikoa?

Paradoxa ematen du. Islamean feminista sekularrak, antifeministak eta fedean oinarrituriko feministak daude. Lehenek diote feminismo islamikoa ez dela horren feminista xaria [lege islamiarra] emakumeen kontrakoa delako. Antifeministek uste dute islama egia absolutua dela, eta ezin dela ideologia batekin ordezkatu. Haientzat, islama feminismoarekin lotzeak zalantzan jartzen du islamaren zilegitasuna. Fedean oinarrituriko feministek uste dute islama eta feminismoa bateragarriak direla, biek justizia bultzatzea eta zapalkuntza amaiaraztea dutelako helburu.

Non ikus ditzakegu adibideak?

Feminismo islamikoa ez da monolitikoa, baizik eta dinamiko samarra. Indonesian, esaterako, feminismo islamikoa sortu, garatu eta heldu egin zen 1990eko hamarkadan, gizabanako feministak, GKEk, emakumeen ikerketa zentroak eta landa eremuko eskola feministak.

Aukerarik ba al dago Indonesiako eredua islamaren ikuspegi estuagoa duten herrialdeetara esportatzeko?

Herrialde batzuek gehiago baztertzen dituzte emakumeak euren kulturarengatik, ez islamarengatik. Mendebaldeko hedabideek islamari egozten diote emakumeen bazterketa edo eskubide falta herrialde islamikoetan. Baina islama berez ez da kultura hori. Lehendik dauden kulturek islamarekin bat egin dute, horregatik du islamak halako aniztasuna. Indonesiako islama eta Ekialde Hurbilekoak oso ezberdinak dira. Eta, egia esanda, musulman gehienak ez dira Ekialde Hurbilean bizi, Indonesian baizik. Islama eta tokian tokiko kulturak erabat lotuta daudez, oso zaila zaie mendebaldarrei biak bereiztea.

Buruzapia daramazu. Zer diozu Europan halakoak debekatzeko mugimenduez?

Ez nator bat estatuak arazo pribatu batean sartzearekin. Estatuak emakumeak jomugan jartzen dituenean legearen bidez, horrek ez ditu emakumeen eskubideak eta bizimodua hobetzen; fundamentalismo mota bat da. Talibanei fundamentalismoa egozten diegu, baina ez estatuaren boterea modu berean emakumeak ahultzeko erabiltzen duten estatuei. Buruzapia janzten dut, nahi dudalako. Emakumeek beloa, burka eta nikaba erabiltzea aukeratzea ez da zapalketa. Fedea adierazi egiten dute, eta hori gizakien eta emakumeen eskubideen parte bat da.

Lagundu egin beharko lieke Mendebaldeak islameko feministei?

Zertan? Nahi nuke adibideren bat ikusi non Mendebaldearen esku-hartzeak arrakasta ekarri duen. Mendebaldeak sustaturiko Irak eta Afganistango gerrek miseria gehiago ekarri die emakumeen eskubide eta ongizateari. Feministei laguntzeko Mendebaldeak duen nahia feminista musulmanekiko errespetu falta izugarria da. Horren erruz, feminismo islamikoa beste mendebaldartze egitasmo bat dela ematen du. Musulmanak sekularismoarekin, demokraziarekin eta modernitatearekin eginiko saioak huts egin zuen, haien kultura mendebaldar bihurtzeko modu bat zela iruditu zitzaielako. Feminismo islamikoa arrakastatsua izateko, barrutik garatu behar da, eta emakume musulmanek egin behar dute. Emakumeok ez dute Mendebaldearen eskutik askatuak izan nahi. Mendebalak mesede ikaragarria egingo lioke gizateriari emakume musulmanen eta gutxiengoen eskubideak etxean zainduko balitu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)