Burka eramatea debekatu diete musulmanei

Frantziako Senatuak, bozketa egin ondoren, emakumeei toki publikoetan burka janztea debekatu die

Berria, , 15-09-2010

Aitor Renteria.
Baiona

Frantziako Senatuak buru oihala debekatzeko azken urratsa egin du. Toki publikoetan emazte baten aurpegia estaltzeko balia daitekeen buru oihala debekatzea onartu du Frantziak; Parlamentuak eta Senatuak bozkatu ondoren, legea berehala sartuko da indarrean. Egiteko geldituko den urrats bakarra Frantziako aldizkari ofizialean agertzea izanen da.

Hedabideetan eta gizartean zurrunbilo handia eragin du buru oihalen erabilera debekatzeko xedeak. Izan ere, lege proposamenak ez ditu zuzenean aipatzen burka eta nikab hitzak. Aurpegia estaltzea aipatzen du, helburua musulmanen buru oihala debekatzea delarik.

Giza eskubideen aldeko taldeek azpimarratu dute giza talde jakin bat ezin dela egon lege baten jomugan, lege xedea gaitzetsiz. Legea Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela ere aldarrikatu dute talde horiek, Frantzian ezin delako erlijio edo sinesmen bateko kideen aurkako jazarpenik egin. Ezkerreko alderdiek gogor gaitzetsi dute legea, baina bozkatzeko tenorean, legebiltzarretik ateratzea deliberatu zuten, joan den uztailaren 13an. Giza eskubideen aldeko elkarteek argudiatu duten arrazoi bera eman zuten orduan diputatu horiek, bozketan ez egoteko: Parlamentuak onartzen bazuen ere, Frantziako Konstituzioaren aurkakoa zela legea eta ez zela indarrean sartuko. Lege xedeak eskuineko eta erdiko alderdien sostengua lortu zuen, eta Senatura igorri zuten, hark onartzeko.

Aurpegia estaltzea debekatzen du legeak, baina salbuespenak ere onartu dituzte diputatuek; bertzeak bertze, motor gidarien kasuan, epaiketa batean lekukotasuna anonimoki eman behar duten pertsonen kasuan, aurpegian maska eraman behar duen eriaren kasuan eta prozesioan doan penitentearen kasuan, esaterako.

Isunak, 30.000 euro arte

Legea urratzen duten emazteen kasuan, isunak ezartzen ditu onartutako legeak. Isuna 150 eurokoa izan daiteke, baina legea onartu eta sei hilabeteko epea pasatu arte ez diete isunik ezarriko. Frantziako Gobernuaren arabera, denbora tarte hori hartu du exekutiboak, pedagogia lana egiteko eta emazteei argi azaltzeko zein diren buru oihala debekatzeko arrazoiak.

Isun horiek handiagoak izanen dira emaztea aurpegia estaltzera behartzen duen gizonarentzat. Kasu horietan, isuna 30.000 euro arterainokoa izan daiteke.

Musulmanen elkarteek ez dute begi onez ikusi legea, baina neurria onartzeko urratsak egin dituzte. Aldiz, bertze batzuek adierazi dute dagoeneko ez dutela debekurik onartuko eta burkaren erabilera areagotu dutela. Polizia iturrien arabera, Frantzia mailan 2.000 emazte inguruk baliatzen dute burka.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)