Robert Putnam. Harvardeko irakaslea AEBetako presidente Barack Obamaren, Bill Clintonen, George Bushen eta Europako hainbat liderren aholkulari izan da Putnam.

«AEBek etorkinak gizarteratzeko lan gutxi egin dute azken urteetan»

Berria, Unai Arteaga. Donostia , 15-09-2010

Robert Putnam (New York, 1941) politika publikoko irakaslea da AEBetako Harvard unibertsitatean. AEBetako presidente Barack Obamaren aholkularia izan da, eta harekin lan egin du Saguaro Seminar proiektuan. Obamaz gain, AEBetako presidente ohi Bill Clintonekin eta George Bushekin, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Gordon Brownekin eta Tony Blairrekin eta Irlandako Bertie Ahernekin ere lan egin du. Horrez gain, politika eta gizarte zientzien inguruan hainbat liburu idatzi ditu.

Zein iritzi duzu Barack Obama presidentearen immigrazio politikari buruz?

Obamak hainbat arazo konpondu behar izan ditu etorkinen alde lan egin aurretik. Presidentea itxaropen eta ikusmin handiekin iritsi zen boterera, baina baita espero gabeko erronkekin ere. Alde batetik, krisi ekonomikoa zegoen, eta, bestetik, AEBetako osasun sistema moldatu beharra. Horien eraginez, agintaldiko lehenengo bi urteetan immigrazioari garrantzi gutxiago eman behar izan zion. Hala ere, azkenean, ekonomian eta osasun sisteman aurrerapenak lortu ditu.

Zein uste duzu dela AEBek jarraitu beharko luketen politika?

Nire iritziz, hiru puntutan oinarritu beharko lukete. Lehenengoa, mugen kontrol handiagoa, legez kanpoko immigrazioa geldiarazteko; bigarrena, dagoeneko herrialdean dauden paperik gabeko etorkinei herritartasuna ematea; eta, hirugarrena, AEBetara iritsi berriak diren immigranteak gizarteratzeko lan egitea. Amerikak immigrazioa izan du betidanik, baina legez kanpoko immigrazioa 1960-70 inguruan hasi zen, eta ordutik hazi egin da. AEBek etorkinak gizarteratzeko lan gutxi egin dute azken urteetan, eta, horregatik, gaur egun paperik gabeko 12.000.000 immigrante daude. Mugen segurtasunari dagokionean, Obamak hainbat aurrerapen egin ditu. Seguruenik behar politikoak eraginda, diru eta energia gehiago erabili du legez kanpoko immigrazioa gelditzeko. Horren eraginez, azken bi urteetan AEBetan ez da legez kanpoko immigrazioan gorakadarik egon. Baina beste bi puntuetan ez du lan handirik egin.

Zer egin daiteke egoera hobetzeko?

Presidenteak egin beharko lukeen gauzetako bat da immigranteei ingelesa ikasteko laguntza ematea. Nik Obamarekin lan egin dut, eta badakit horretan saiatu nahi duela. Hala ere, zailtasunak izango ditu erreforma lortzeko, errepublikanoen laguntza jasotzen ez badu. Baina egia da, baita ere, badaudela immigranteen aldeko errepublikanoak ere, George Bush presidente ohia eta haren anai Jeff, adibidez. Jeffekin immigrazioaren aldeko lan batzuk egin nituen.

Obamak kanpainan egin zituen agintzariak betetzeko arazoak izan ditu. Zeren eragina izan dela uste duzu?

Nire iritziz, egin zituen agintzari garrantzitsuenetan espero zitekeena baino arrakasta handiagoa lortu du. Agintaldira iritsi zenean aurkitu zituen arazoez gain, Obamak duen arazo nagusia politikan dagoen borroka da. Gaur egun AEBetan dagoen gatazka politikoa nire bizitzan ikusi dudan handiena da. Alderdiek ez dute elkarlanean aritu nahi. Hori arazo bat da agintean egon litekeen edozein agintarirentzat, baita errepublikanoa edo demokrata izanda ere. Egoerak edozein lege onartzeko arazoak sortzen ditu. Hemendik bi hilabetera errepublikanoek Kongresuko hauteskundeetan indar gehiago lortuko dute, eta egoerak okerrera egingo du. Hala ere, hauteskundeen ondoren bi alderdiek immigrazioaren alde elkarrekin lan egiteko aukera egon daitekeela uste dut.

Frantziako presidente Nicolas Sarkozyrekin ere lanean aritu zara. Zein iritzi duzu paperik gabeko immigranteekin eta batez ere ijitoekin duen jarreraren inguruan?

Ez daukat zerikusirik Sarkozyren immigrazio politikarekin. Presidenteak herrialdean ongizatea handitzeko batzorde bateko kide izendatu ninduen. Josep Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak zuzendu zuen taldea, eta garapen sozialean eta ekonomikoan hainbat aurrerapen lortu genituen. Immigrazioaren inguruan, munduko herrialdeetako gobernuek lan gehiago egin behar dute immigranteak gizarteratzeko. Kontuan hartu behar da etorkizunean gizarteak pluralagoak izango direla. Baina Frantziako egoerari buruz ez daukat ezer esateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)