Frantziako ijitoen kanporatzeak salatu ditu NBEk

AEBak, Mexiko, Frantzia eta beste hainbat herrialderen eskubideen inguruko jarrera kritikatu du

Berria, , 14-09-2010

Erredakzioa.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du hainbat herrialdek giza eskubideen aurka egiten dutela. NBEko Giza Eskubideen Goi Arduradun Navi Pillayk egin zuen adierazpena atzo. Etorkinen, giza eskubideen aldeko ekintzaileen, kazetarien, abokatuen eta beste hainbaten aurka egiten diren eraso eta hilketak salatu zituen. Frantziaz, Mexikoz eta AEBetaz gain, beste hainbat herrialde ere aipatu zituen. Pillayk Frantziako ijitoen kanporaketen aurka egin du. Haren hitzetan, horrelako neurriek ijitoak gizartetik gehiago aldenduko dituzte, eta ez dute haien pobrezia areagotu besterik egingo.

NBEren arabera, Pillayren adierazpenek erakundeak giza eskubideei ematen dien garrantzia erakusten dute, kritikatu zituen herrialde askotako ordezkariak hitzaldia eman zuen tokian zeudelako.

Frantziako Gobernuak erakunde guztiei eman dien erantzun bera eman dio Pillayri. Kanporaketak legeak dioen bezala egiten dituztela gogorarazi du. Herrialdeko NBEko enbaxadore Jean-Baptiste Matteik Gobernuak inoiz ez duela gutxiengo baten aurka egin nabarmendu du. «Kanporatzeek ez dute ijitoak izatearekin zerikusirik». Haren hitzetan, egoera okerrean dauden Europako herritarrak dira, eta «trataera berezia» behar dute.

Mexikoren inguruan, berriz, herrialdeko immigranteen egoerak sortzen dion kezka azaldu du Pillayk. Gobernua droga kartelen aurka lan asko egiten ari bada ere, krimenen ikerketa sakonagoak egin behar direla ohartarazi du. Adierazpena Mexikon azken urteetan droga kartelen eta Gobernuaren arteko borrokengatik egin du. Indarkeria horren eraginez, beste hainbat ekintzen artean, abuztuaren 25ean 72 etorkin hil zituzten.

AEBak «terrorismoaren aurka» borroka egiteko duen modua ere salatu du Pillayk. Gobernuak CIA Inteligentzia Agentzia Zentralari «terrorista susmagarriak» hiltzeko baimena eman dio. Ustez ekintza terroristaren batean parte hartu duen AEBetako herritar bat munduko edozein tokitan hiltzeko aukera du CIAK. Gainera, horretarako ez dute epaiketarik egin behar. Pillayren arabera, neurri horrek bizitzeko eskubidea bermatzeko sortutako nazioarteko legeen aurka egiten du.

Beste herrialdeak

Hiru horiez gain, beste herrialde zerrenda luze batek ere jaso ditu Pillayren kritikak. Haren hitzetan, Iranen, Iraken, Somalian, Guatemalan eta Serbian estatua ez da talde armatuek egiten dituzten erasoak geldiarazteko gai. Angolan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Zimbabwen ere hori gertatzen da, baina lehengaien gabeziak erasoak areagotu egiten dituela gaineratu du.

Beste hainbat herrialdetan, ordea, giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurka egiten duena estatua dela ohartarazi du. Horretarako, hainbat lege sortzen dituzte. Pillayren arabera, hori ikus daiteke Israelen, Bielorrusian, Txinan, Egipton, Libian, Panaman, Sirian, Tunisian, Errusian eta Azerbaijanen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)