Eslovakiako arrazakeriaren harresiak
Frantziak ijitoen aurka duen jarrera ez da salbuespen bat. Europako beste hainbat herrialdek ere ijitoen aurkako erabakiak hartzen dituzte. Eslovakiako Michalovce hirian harresi bat eraiki dute herritarrek ijitoak beren etxeetara ez igarotzeko.
Berria, , 03-09-2010U.A.
Berlinen, 1961ean, historiako harresirik famatuena eraiki zuten. Familia, bikote eta lagun ugari banandu zituzten, eta alde batetik bestera pasatzen saiatzeagatik milaka lagun hil zituzten. Azkenik, 1989an harresia eraitsi zuten. Berlingo harresia harresi lotsagarria izenarekin pasatu da historiara. Hogei urte geroago, Eslovakiako Michalovce hirian beren harresia eraikitzea erabaki dute. Kasu horretan beste arrazoi bat daukate: ijitoak hiritik aldenduta edukitzea. Kasu horretan, arrazakeriaren harresia eraiki dute.
Ijitoek historian zehar jazarpen handia jasan behar izan dute. Haien aurkako sarraskirik handiena II. Mundu Gerran egin zuten. Naziek milaka ijito hil zituzten kontzentrazio esparruetan. Baina Europako herrialdeek ijitoez duten ikuspegia ez da asko hobetu. Hainbat herrialdetan ijitoak kanporatu egiten dituzte. Frantzia da ezagunena, abuztuan paperik gabeko ehunka ijito etorkin kanporatu zituelako. Baina Italia, Danimarka, Suedia eta Alemania ere gauza bera egiten ari dira.
Eslovakian, ordea, ijitoek sor ditzaketen «arazoei» aurre egiteko, kanporatu beharrean ghetto bat sortzea erabaki dute. Ijitoen Angy Jin herria hiritik bereizteko, 500 metroko altuera eta bi metroko zabalera duen harresi bat eraiki dute. Horretarako, auzoko 60 familia aritu dira lanean. 2009ko amaieran hasi ziren eraikitzen, eta abuztuaren 25ean bukatu zuten.
Harresia eraikitzeko udalaren laguntza izan zuten. Iveta Paleckova udaleko bozeramaileak adierazi zuen harresiak ez diola inori oztoporik eragiten, eta, horregatik, horma eraiki ahal izateko ez dutela baimenik eskatu behar izan.
Ijitoen aurkako protestak
Ijitoak aldenduta edukitzeko harresiak eraikitzea ez da ezohikoa Eslovakian. Michalovcen bezala, Secovec, Lomnicka, Trebisov eta Ostrovany hirietan ere herritarrek harresiak eraiki dituzte. Horietan ere udalen laguntza izan dute.
Eslovakian gizarteak ijitoen aurkako jazarpen gogorra egiten duela salatu dute hainbat erakundek. Amnesty Internationalek haurrei eskoletan jartzen dizkieten zailtasunak salatu ditu. Beste haurrengandik banandu egiten dituztela eta batzuetan atzerapenak dituzten haurren klaseetara joatera behartzen dituztela jakinarazi du. Gainera, herritarrek lapur gisa ikusten dituztela eta horregatik aldendu nahi dituztela salatu du Laco Oravec ijitoak gizarteratzeko Milan Simecka erakundeko arduradunak.
Horren ondorioz, Eslovakiako alderdi ultraeskuindarrak gero eta jarraitzaile gehiago lortzen ari dira, eta hainbat hiritan ijitoen aurkako manifestazioak egin dituzte.
(Puede haber caducado)