Kanadak ez dio harrerarik egin tamil iheslariak zeramatzan itsasontziari

Ottawako gobernuak susmoa du ontzian Sri Lankak desegindako LTTE tamil gerrillako kideak zihoazela

Berria, , 14-08-2010

Erredakzioa.

Sri Lankako armadak iazko maiatzean erabat okupatu zuen tamil eskualdetik ihes egindako ia 500 lagun zeramatzan itsasontzi bat iritsi zen herenegun arratsean Kanadara. Thailandiako bandera zeraman MV Sun Sea ontziari eta bertakoei, baina, ez diete harrerarik egin Ottawako agintariek. Barkua eta iheslariak Esquimalteko base militarrera eraman dituzte eskoltapean. Handik, lau hilabete itsasoan igaro dituztenak osasunez nola dabiltzan aztertu ondoren, atxilotze gunetara eramango dituzte bi.

Leku horietan, iheslariek egin ditzaketen asilo eskariak aztertuko dituzte poliziak eta immigrazio zerbitzuek. Ottawaren susmoa da iheslari tamil horien artean, LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillako kideak daudela. Kanadak eta beste estatu batzuek LTTE erakunde terroristatzat jotzen dute. Ez da lehen aldia tamil iheslariak itsasoz iristen direnik Kanadara. Hala gertatu zen urrian; orduan heldutako 76 lagunen egoera aztertzen ari dira orain.

Gerrilla tamila odolean ito zuen Sarat Fonseka jeneral ohiari, berriz, politikan legez kanpo jardutegatik kondenatu zuen atzo Colomboko auzitegi militar batek. Fonseka, Rajapaksa presidentearen aurkaria da gaur egun.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)