Hiltzen direnean, etorkin askok ez dute nahiko baliabide izaten euren gorpua jatorrizko herrialdeetara itzultzeko; zenbait kasutan, gobernuek ez dute haien kargu egin nahi izaten.

Aberririk gabeko gorpuak

Berria, , 06-08-2010

Samara Velte.
Donostia

Ez da lehen kasua izango, ez eta azkena ere: etorkin bat hiltzea eta haren gorpua jatorrizko herrialdera itzultzeko baliabiderik ez izatea. Oraingoan, Gasteizen bizi zen emakume saharar bati egokitu zaio: minbiziak jota hil da, eta familiak ezin du hileta ordaindu, ez eta Sahararako itzulera ere. Espainiako eta Marokoko gobernuek ez dute ardura euren gain hartu nahi, eta, inork haren gastuak ordaindu ezean, gizarte zerbitzuek oinarrizko laguntza emango diote: hilkutxa soil bat, eta berezitasunik gabeko lurperatzea.

Hori saihesteko, KIRA, Arabako etorkin eta errefuxiatuen koordinakundea, donazio eskean hasi da, hilotzaren bidaia gastuak ordaindu ahal izateko.

KIRAko lehendakari Mireia Perearen hitzetan, horrelako kasuak ugariak dira. Asko «batere baliabiderik gabe hiltzearen beldurrez» bizi direla dio. Hiletak garestiak dira: 3.000 eurotik gora balio dute, eta gorpua hegazkinez norabait bidaltzea are garestiagoa da.

Etorkin gehienen egoera ekonomikoa kontuan izanda, ordaindu ezinezko prezioa da hori: «Hilabetean 500 euro irabazten dituen pertsona batek inolaz ere ezin du egun batetik bestera hileta bat ordaintzeko bezainbeste diru lortu; ezin zaio hori eskatu».

Erantzukizunari ihesi

Perearen arabera, ahal dutenean, etorkinen elkarteak izaten dira hildakoen kostuez arduratzen direnak: «Behin, gizon batek bere emaztea hil zuen; Paraguaikoa zen, eta senarraz gain ez zeukan inor gertu. Kanpaina erraldoi bat egin behar izan zuten gorpua Paraguaira bidaltzeko. Duela bi aste Senegalgo beste emakume bat hil zen, eta harekin ere berdin; batere babesik gabe bizi gara». Mugak etorkinen babeserako elkarteak eta Esperanza Latina etorkinen taldeak ere antzeko beste hainbat kasuren berri eman dute.

Perearen ustez, ordea, erantzukizuna ez da elkarteena, bi estatuena baizik: sorterrikoarena eta heriotza gertatu denekoarena. «Badirudi geure herrialdeetatik ateratzen garenean aberria galtzen dugula, hango estatuak ez gaitu gehiago kontuan hartzen; eta hemen gaudenean ere, bertakoak ere ez digu arazoa konpontzen laguntzen». «Asko eskatuta, laguntzen dizute», dio Esperanza Latinako kide Carmen Fajardok, «baina erarik merkeenean: zure errautsak bidalita. Eta, hori, askok ez dugu nahi izaten».

Egoera lurraldearen arabera are desorekatuagoa dela iruditzen zaio: «Europar bat Filipinetan edo Patagonian hiltzen bada, estatua bila joaten zaio, eta jaioterrian lurperatzen dute. Alderantzizko egoeran, ez.» Hori bereziki nabarmena da emakume sahararraren kasuan: Saharak ez du ordezkaritza ofizialik, eta Marokoko Gobernuak ez du hartaz ezer jakin nahi.

Hori dela eta, hainbat herrialdetako kontsulatuekin harremanetan jarriko da KIRA. Dagoeneko prestatu du halako kasuetan hartu beharreko jarrerei buruzko proposamen sorta bat, eta kontsulatuen onespena espero du: «Hemen hil diren pertsona asko hemen lanean ari ziren, ekarpen bat egiten zuten; administrazioak kontuan esku hartu behar du». Ezin du, beraz, ezikusiarena egiten jarraitu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)